HTX27, errepresaliatu politikoak inoiz baino gertuago
Hatortxurock elkartasun jaialdiaren 27. edizioa ospatu da gaur Atarrabian. Giro paregabean, bertaratu direnak gaur egun euskal preso politikoak inoiz baino gertuago daudela ospatu dute, baina oraindik etxera ekartzeko lanean jarraitu behar dela argi utzi nahi izan dute jaialdiaren antolatzaileek egindako ekitaldi hunkigarri batean.
2022-ko abenduak 18
“Hitzak agortu egiten dira, urtez urte Hatortxu elkartasunez betetzen duzuenean. Mila esker boluntario guztioi, mila esker eszenatokira igo zineten guztioi eta mila esker orain ajeari aurre egin behar diozuenei. Mezu argi bat helarazi dugu. Gertu gaude, prest, denak etxeratzeko”. Hitz horiekin hasi nahi izan dute antolatzaileek euren balorazioa.
“Gu hemen egongo gara zuen eskubideen alde borrokan, gaur bezela. Gertuago zaudetelako baina gu ere gertuago gaudelako! Azken presoa etxean egon arte ez gara geldituko”, horrela esan zion Xochitl Karasatorrek larunbatean bere aitari, Iruñeko espetxetik Hatortxu zuzenean ikusten ari zela baliatuz.
‘Gertu ditugu, gertu gaude’ lelopean antolatu da Hatortxu Rocken 27. edizio hau. Eta lelo hori sinetsita atera direla zitatik ziurtatzen dute. “Milaka lagunek egin genuen bat elkartasun gau erraldoi berri bat bizitzeko. Ozen esateko, beste behin, behingoz amaitu beharra dagoela dispertsio politikarekin eta euskal errepresaliatu politiko guztiak etxean egoteko garaia gaudela. Gertu gaude, prest, azken pauso hori emateko”.
Azken hilabeteetan espetxe politika aldatzeko emandako aurrera pausoak positibotzat baloratuz eta aldi berean presoak etxerako ekartzeko bidea egiten jarraitzeko lana dagoela gogoratuz, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute HTXkoek. “Orain arteko aurrera pauso horiek ez dira inertzia edo denboraren eraginez izan. Herritar ugarik hamarkadetan zehar egin duten lanari esker izan da”.
Larunbatean egindako ekitaldian, hain zuzen ere, Etxerat, Sare, Herrira, Mirentxin eta beste hainbat herri ekimen errekonozitu nahi izan zituzten, eta auzolanean ibilitako 800 lagunen indarra balioan jarri ere.
Hatortxu Gune Segurua bilakatzeko beste urrats bat
HTX 27. edizioan ez zen eraso matxistarik salatu Gune Seguruak eskaintzen dituen baliabide ugarietan. “Argi daukagu horrek ez duela %100ean bermatzen eraso matxistarik izan ez zenik, baina eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratuko guztiei denon artean Hatortxu Gune Seguru bihurtzen laguntzeagatik eta benetan giro oso goxoko gau bat posible egiteagatik”, adierazi dute antolatzaileek.
Eraso matxistak ekiditeko lanean indar handia jarri dute aurreko asteetan. “Gaia sozializatzeko ahalegin berezia egin da, baita erasotzaileak interpelatu ere, Hatortxun ongietorriak ez direla gogora ekarriz eta horrek ere bere emaitza eman du. Hatortxu Rockeko antolakuntzak bide beretik jarraituko du lanean, gure jaialdia guztiontzako espazio seguru eta gozatzeko leku izan dadin”.