Miguel Mari Iturbide betiko gogoratuko duen monolitoa berriki jarri dute Zugarramurdin
1967ko azaroaren 7tik 8rako goizaldean guardia zibilak tiroz hil zuen Jangoneko bordako Miguel Mari Iturbide Elizalde gogoratzen eta omentzen duen harrizko oroigarria berriki jarri dute Zugarramurdin. 55 urte bete dira bere erailketatik eta lagunak, senideak eta hainbat herritarrek, Pello Iraizozek landutako oroitarri ederra paratu zuten Iturbide hil zuten lekuan.
2022-ko abenduak 11
Ahotsa.infok Iraizoz eskultorea eta Miguel Mariren arreba Elvirarekin mintzatzeko aukera izan zuen oroitarria Zugarramurdira eraman zuten egunean, eta zoritxarreko gau hartan gertatu zena gogora ekarri zuten.
Miguel Mari Iturbide eta Iruingobordako Jesus eta Juan Pedro anaiak ganaduarekin Lapurdi aldera muga pasatzeko asmoa zuten gau hartan. Baina 03:00 aldera, Laputsegaraia inguruan guardia zibilaren patruila batekin topo egin eta hauek tiro egin zuten. Miguel Mari Iturbide berehala hil zen. Berriak atsekabea sortu zuen herrian, aski ezaguna eta maitatua baitzen Iturbide.
Gerora, guardia zibilaren bertsioaren arabera, hauek Iturbidek lehenagotik egindako tiroei erantzun zieten eta ETAko kidea zela ere zabaldu zuten, baina herrian inork ez zuen bertsio ofiziala sinetsi. Hori gezurtatzen saiatu ziren hainbat herritar eta Jose Otamendi apeza ere, baina Burgosko Kapitania Generalera ailegatuta artxibatu zuten auzia.