Euskal Herriko Karta Soziala berriz kalera irtengo da pobretzearen aurkako neurri eraginkorrak eskatzeko

Azaroaren 19an Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak eginen ditu herritarren pobretzearen eta zerbitzu publikoen murrizketen aurka.

2022-ko urriak 17

Pobreziaren aurkako nazioarteko egunean agerraldia egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile eta sindikatuak Donostian. “Pobretzeari STOP! Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean mobilizazioak iragarri dituzte azaroaren 19rako.

Egun bizi den egoera jasanezina dela salatu dute eta inflazioak gora eginda egiturazkoak ziren arazoak azkartzen ari direla adierazi. Horrela, langileon eta herri sektoreon diru sarrerak eta beharrezkoak diren zerbitzu publikoen murrizketei eta oro har langile klasearen pobretze prozesuaren areagotzeari aurre egiteko deialdia luzatu dute.

“Udazken gogorra iragartzen digute, datorrena fenomeno meteorologikoa balitz bezala, Baina ez, eliteen diru-gosea eta hori bermatzeko politikak dira herritarron egoera gogortzea dakartenak” baieztatu dute.

Gauzak horrela, urria eta azaroa bitarte mobilizazio dinamika abiatuko dute “burujabetza eta eraldaketa sozialaren bidean, elkar saretu, indarrak batu, gure eragina biderkatu eta langile jendearen mesedetara dauden politikak egiteko exijentziarekin”.

Sei dira aldarrikapen taulan bildu dituzten puntu nagusiak. Langileon lana duintzeko 1400 eurotako gutxieneko soldata eta 1260 gutxieneko pentsioa, biak KPI errealari lotuz. Energia eskubidea eta trantsizio eskubiderako sektorearen publifikazioa zein produktu guztien kontrola aldarrikatzen dute, baita trantsizioa demokratikoki planifikatzeko bideorria. Zerbitzu publikoen defentsa, aberastasunaren bidezko banaketarako zerga erreforma eta oinarrizko eskubide eta beharrizanak ziurtatzeko hainbat proposamen ere jaso dituzte; baita elikadura, etxebizitza, pertsona guzien erregularizazioa edota garraio publikoaren aldekoak. Bakea eta burujabetzaren aldarriak dira azken puntuak jasotzen dituenak.

Dinamika mobilizatzaileak azaroaren 19an Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo dituzten manifestazioetan izango du puntu gorena. Iruñeko mobilizazioa Baluartetik abiatuko da 17.30etan.

Lehenago, zerbitzu publikoen defentsan propaganda banaketa egingo dute ostegun honetan, eta elikadura burujabetza ardatz eta bertako eta osasuntsuak diren produktuekin azoka gardenak antolatu dute Iruñean urriaren 27an. Mobilizazio bira deitu dutena azaroaren 10ean amaituko da diru sarrera duinen aldeko mobilizazio batekin.

“Lan eta bizitza duinak bermatu eta merkatuan esku hartzeko garaia da. Udazken honetan, Herri honetan inor atzean ez gelditzeko borroka egiteko prest gaude eta langile eta herritar orori deialdi hauekin bat egitera dei egiten diogu” izan dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean hitza hartu duten Bilgune Feminista eta Duintasuna- Gaurgeroako taldeetako kideen azken hitzak.

Gehiago