‘(ia) Amaiera’, presoen sakabanaketa politikaren amaiera eta etxeratzeko prozesuaren hasiera

Azken denboran izandako lekualdatzeei esker, euskal preso politikoen sakabanaketa eta urruntze politika amaitzen ari dela dirudi. NAIZek ikus-entzunezko erreportaje bat egin du, politika horrek eragindakoa eta gaur egungo egoera azaltzeko asmoz. Sakabanaketa politikaren amaierarekin, etxeratzeko prozesuari ekingo dio Sare Herritarrak larunbata honetan Donostian eginen duen mobilizazioa eta jaialdiarekin.

2022-ko urriak 7

Pakito Lujanbiok ia 30 urte egin zituen kartzelan; Amaiur Iragik 19 urte ditu eta aita kartzelan zuen jaio zenean; Ibon Garatek anaia galdu zuen, bisita baten bueltan hil baitzen, eta Inaxio Oiarzabal Sareko kidea da. Lau horien testigantza jasotzen du NAIZen ‘(ia) Amaiera’ ikus-entzunezko erreportajeak.

Horrekin batera, garai ezberdinetako irudiak eta dokumentuak jasotzen ditu erreportajeak.

Sakabanaketaren eta urruntze politikaren amaieraren atarian egon gaitezkeela-eta, NAIZek gaia irudi bidez plazaratzea erabaki du.

Aste honetan aktualitatean izango da, gainera; Sarek mobilizazio eguna antolatu baitu larunbat honetarako Donostian.

Izan Bidea dinamikaren 3.127.326 kilometro egiteko erronkari bukaera emango diote Gipuzkoako hiriburuan. Goizeko 11.00etan azken kilometroa egingo dute Bulebarrean eta 12.00etan manifestazioa izango da.

Jaialdia izango da arratsaldean, 15.30etik aurrera Illunben. Besteak beste, Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Sua, Andoni Oilokiegi, Trikidantz eta Ttek elektrotxaranga arituko dira.

35 urte inguru dira euskal presoen sakabanaketaren garai luze hau hasi zela. Azken urteetan egoera asko hobetu den arren, urruntzeak oraindik jarraitzen du. Politika horren behin betiko amaiera eta etxerako bidea azkartzeko urratsak eskatzen dituzte orain presoen eskubideen aldeko eragileek.

Gehiago