Urriaren 8an euskal presoen etxeratze prozesua bultzatzeko izanen den jaialdian parte hartzeko deia Iruñetik
Sare Herritarrak eta Etxerat Elkarteak Donostian izanen diren mobilizazio eta jaialdian parte hartzeko deia luzatu diete Nafarroako herritarrei.
2022-ko irailak 30
Urriaren 8an Donostian Sarek egingo duen mobilizazio eta jaialdi berezian parte hartzeko deia luzatu die Nafarroako herritarrei Etxerat elkartearekin egindako agerraldi batean. Astebete barru, “Etxera bidea gertu!” lelopean egun osoko egitaraua antolatu du Sarek adin tarte guztientzat aproposa, aldarrikapena eta jaia uztartuko dituena.
“Egun hau bi mezu nagusi helarazteko antolatu dugu; Batetik, leloak dioen moduan, euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu bezain prest gaudela. Gertutasun hori aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi nahi dugu eta eskerrak eman bide horretan aktibo izan diren pertsona guztiei, guztion artean aurrerako urrats hori ospatuz”, adierazi dute agerraldian.
Lortutakoari garrantzia kendu gabe, oraindik ere salbuespenarekin guztiz amaitzeko bidea egiteke dagoela gogorarazi dute. Izan ere, Nafarroako datuei errepaso eginez, gerturatzeen ostean 18 dira Euskal Herriko espetxeetan dauden nafar presoak, baina oraindik ere lau nafar geratzen dira Espainiako espetxeetan eta beste 3 Frantzian. Iruñeko espetxean izan diren aldaketen ostean, EAEn moduan, bide hori gauzatzeko aukerak ahalbidetzea espero dutela ere adierazi dute.
Izan Bidea dinamikaren amaiera
Izan Bidea dinamikaren baitan 3.127.326 km egiteko ezarritako erronkari amaiera emango diote urriaren 8an. 11:00etan azken kilometroak egingo dituzte Donostiako Bulebarretik abiatu eta Pio XIIraino. Ondoren, Ilunbera manifestazio koloretsu bat eginen da, azkenik jaialdiari paso emateko.
Nafarroako Etxerateko eta Sareko kideek nafar herritarrei ere urriaren 8an Donostiara gerturatzeko eskatu diete. Berau errazteko, hainbat autobus zerbitzu ezarri dituzte herrialdean; Iruñerrian, Tafallan, Lizarran eta Sakanan hain zuzen ere.
Eguneko egitarau oparoa adin guztiendako
11.00etan azken kilometroa Bulebarretik 12:00etan Manifestazio Koloretsua Pio XIIetik Ondoren, ekitaldia Ilunben eta jaialdiaren hasiera. Txosnen gunea, bazkaltzeko zerbitzua, haurrentzako gunea eta kontzertu eskaintza anitza izango dira Ilunben arratsalde osoan zehar. Taloak, bokatak, paella, kale animazioa… Haurrentzako eskaintza Porrotx eta lagunen ikuskizunarekin, oreka jolasak, tirolina, aurpegi margoketa… eta gehiago izango dituen gune iraunkor batekin.
Ilunbe barnealdean kontzertuen eskaintza 15:30etik aurrera hasiko da, Maddalen Lujanbio, Amets Arzalluz eta Eñaut Elorrieta izango direlarik jaialdiari hasiera emango diotenak.
Beste hainbat artista eta talderen ikuskizuna ere izanen da: Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi, Trikidantz…
Jaialdirako sarrerak oraindik ere eskuragarri dira sare.eus web orrialdean datorren asteazkena bitarte.