Altsasun, azken bi urteetan, ekinbide politikoengatik ezarritako isunek 30.000€-tara iritsi dira
Azken bi hilabetetan ugaritu dira Guardia Zibilak ezarritako isunak. Osotara, 10 izan dira, guztiak propaganda lanak egiteagatik. Isunen Kontrako Taldeak irailearen 3an Altsasun eginen den Ospa Egunean parte hartzeko deia egin dute.
2022-ko abuztuak 23
Altsasuko hainbat herritarrek Guardia Zibilaren eskutik jasandako “jazarpena eta erasoaldi errepresiboa” salatu dute. “Erasoaldi hau oso erraz laburtu daiteke: etengabeko isun politikoak. Azken bi hilabeteetan, hamar isun baino gehiago eta milaka euro batzuk”. Isunak propaganda egiteagatik ezarri dizkiete: biolentzia matxista salatzeagatik, Ikasle Abertzaleen mobilizazioetan izandako atxiloketak salatzeagatik edota haur eskoletako grebalariekin elkartasun argazki bat ateratzeagatik. Isun hauekin azken bi urteetan jasotako zigorrak 30.000 eurora ailegatzen direla gogoratu dute Isunen Kontrako Taldetik.
“Guzti honek jatorri komun bat du, instituzioetatik kanpo antolatzeko ezintasuna eta oinarrizko askatasun politikoen ukapena. Hori da gure isunen muina. Militantzia politikoa ekidin nahi dute, militanteen biziraupen materiala kolokan jarriz ere”.
Isunen Kontrako Taldeak elkartasun ekonomikoa areagotzeko deia egin du
Isunen Kontrako Taldearen ekimenetan parte hartzeko deia egin dute talde honetatik, hala nola San Pedroko txoznan turnoak egiten, urtean zehar egiten diren ekimenetan parte hartzen, boletoak erosten, bazkari edo afarietara joaten… “Errepresio ekonomikoak aurrean antolakuntza indartsu bat ez aurkitzekotan militantzia irentsiko luke eta hau horrela ez izateko gurekin antolatzen jarraitzeko deia luzatzen diegu altsasuarrei”. Datorren irailaren 3an Altsasun egingo den Ospa! Egunean parte hartzeko deia ere egin dute.