AEKk eta IKAk mobilizazio iraunkorra abiatu dute Gobernuak zor dien dirua exijitzeko

2012 eta 2013ko foru aurrekontuetan euskaltegientzako diru partida bat onartuta egon arren, 2012ko urritik “zentimo bat ere” jaso ez dutela salatu dute. Hori dela eta, euskaltegiek mobilizazio iraunkorra martxan jarri dute Euskarabideak lehenbailehen diru laguntzen deialdia indarrean jar dezan.

2014-ko otsailak 20

Helios del Santo eta Sagrario Aleman euskaltegietako arduradunek adierazi dute beraiek eta administrazioak eskaintzen duten zerbitzuaren aldea begi bistakoa dela. Are gehiago, “legeak esaten duen moduan nafar guztiek euskara ikasteko eskubidea” dutela gogora ekarri dute, eta beraz, administrazio eta erakunde publikoen lana dela eskubide hori bermatzea. Zentzu horretan, lan hori egiten dutenak euskaltegiak direla azpimarratu dute eta ondorioz, Nafarroako Gobernuak euskaltegiekin zor handia duela nabarmendu dute.

“Gobernuak onartu behar du euskaltegietan zerbitzu publiko bat burutzen ari garela eta ordaina eman behar digutela”

Hori dela eta bi euskaltegiek mobilizazio iraunkorrari ekin diote eta administrazioari eskari zuzena egiten diote, Euskarabideak lehenbailehen diru laguntzen deialdia indarrean jar dezan. Horretarako martxoaren 31 epe-muga bezala kokatu dute, hala, beranduenez maiatzerako dagokien diru hori jaso ahal izateko. Hori gertatu arte hilero mobilizatzen jarraituko dutela azaldu dute.

4 vs. 70 euskaltegi
Nafarroako Gobernuak euskaraz ikasteko 4 ikastetxe eskaintzen ditu: funtzionarioentzat esklusiboa den Euskarabidea, Zubiarte, eta Tutera zein Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak. AEK eta IKA euskaltegiek, ordea, Nafarroa osoan sakabanatuta dauden 70 auzo eta herrietan lanean ari dira, eta jada 40 urte daramatzate helduak euskalduntzen.

Gehiago