Txantreako kale berriak frankismo garaian errepresaliatuak izan ziren emakumeen izenekin izendatzea eskatu dute
Txantreako kale berrien izenak, frankismoak errepresaliatutako emakumeen izenekin osatzea eskatzen duen plataformaren aurkezpena egin dute gaur Iruñeko auzo honetako hainbat bizilagunek.
2022-ko ekainak 14
Txantreako hegoaldea hazten ari da eta auzoan oraindik izenik ez
duten kale berriak sortu dira. Iruñean emakume izena dutenak oso
gutxi direla jakinda, oposizioko talde politikoek proposamen bat egin
zuten kale berri horien bidez frankismoak errepresaliatutako
emakumeak gogorarazteko. Proposamena onartu zen baina hala ere,
alkatetzak hartu behar du azken erabakia.
Txantrean plataforma bat sortu da erabaki hori babesteko eta emakume
horiek auzokideen artean ezagutarazteko. Plataforma Txantreako memoria
historikoa lantzen duten taldeek, talde feministek, Txantreako gazte-taldeek eta TX Auzo ekimenak osatzen dute.
“Gure kaleek omenaldi txiki bat jasotzea nahi dugu, hainbeste urtetan
ahaztuak eta deuseztatuak izan diren emakume horiei, nondik
gatozen jakin dezagun. Inor atzean utzi nahi ez dugun auzo baten
sentimendua ere kontuan hartzea nahi dugu”, azaldu dute.
Hori dela eta, uda igaro ondoren, lanari ekingo diotela iragarri dute, eta hainbat ekimenak eginen dituztela ere. “Jarraituko dugu lanean auzokideekin eta auzoarentzat, era guztietako
atxikimenduak biltzeko, bai eta ekimen horren berri emateko
jarduerak ere. Beraz, auzoa animatu nahi dugu, adi egon dadin
merezi duen aldarrikapen honekin”.