Nafarroako etxegabetzeei buruzko diagnostiko bat kaleratu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak
Etxegabetzeen Aurkako Sarearen sorreraren berri eman ondoren, “Nafarroako etxegabetzeei buruzko diagnostikoa” argitaratu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak. Txosten honetan, arazo honen bilakaera, gaur egungo egoera eta hari buruz egiten duten irakurketa plazaratzen dute. Kontseilu Sozialistaren datuen arabera, iaz Nafarroan gutxienez 250 etxegabetze inguru eman ziren.
2022-ko maiatzak 23
Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, joan den astean Etxegabetzeen Aurkako Sarearen sorrera publiko egin ondoren, “Nafarroako etxegabetzeei buruzko diagnostikoa” aurkeztu du, zeinetan problematika hau aztertu eta azaltzen duten, egungo testuinguruan kokatuz. “Datuen hutsuneak” salatzen dituzte; diotenez, beste gauza batzuen artean datu ofizialek ez dituzte kontuan hartzen “etxegabetze ikusezinak eta estrajudizialak”, ezta okupazio kasuekin lotutakoak ere.
Diagnostikoan Nafarroako eta espainiar estatu mailako datuak ageri dira elkarloturik, eta txostenean zenbait gogoeta nabarmentzen dira, hala nola “etxegabetzeen garrantzi mediatikoak” bat egiten duela “gizartearen sektore askok haien ondasun higiezinak arriskuan ikusi zituzten urteekin”, eta gure “erosteko ahalmena jaitsi” izanak, inflazioaren igoerarekin loturak, gero eta gehiago zailtzen duela “etxebizitzaren gastuei aurre egin ahal izatea”, ondorioz “etxegabetze bat izateko arriskua” areagotzen delarik.
Diagnostikoaren ondorioetan, azpimarratzen dute etxegabetzeak arazo zabalago baten parte direla: “behar bezalako etxebizitza bat ezin izatearen etengabeko mehatxua”. Azaltzen dutenez, gizarte kapitalistan kalitatezko etxebizitza ez dago bermatuta, eta nabarmentzen dute “ezin dela problematika partzial bat (kasu honetan etxebizitzarena) gainerakoetatik bereizita hartuta konpondu, ez bada multzo baten zati gisa hartuta, hau da, eskala sozialean”.
Azkenik, Iruñerriko Kontseilu Sozialistaren proposamena mahai gaineratzen dute: “benetan doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa den etxebizitza”, kapitalismoaren gaindipenarekin loturan proiektatzen dutena, “klase-botere independente” baten eraikuntzarekin batera.