Nafarroa: 25.000 etxebizitza huts eta 350 etxegabetze baino gehiago urtean
ELA sindikatuak bildutako datuen arabera, Nafarroan 25.000 etxebizitza huts daude eta urtean 350 etxegabetze baino gehiago ematen dira. Zifra hauek 'Etxebizitza Hego Euskal Herrian: diagnostikoa eta alternatibak' izeneko txostenean jasotzen dira.
2022-ko maiatzak 5
‘Etxebizitza Hego Euskal Herrian: diagnostikoa eta alternatibak’ ELAko Ikerketa Bulegoaren txostenak agerian utzi du etxebizitzaren egoera “zinez dela larria”. Hala adierazi dute Aitor Murgia Ikerketa Bulegoko kide eta txostenaren egileak, eta Saioa Urriza, Eskualde Arduradunak, gaur aurkeztutako txostenaren prentsaurrekoan, sindikatuak alor honetan dituen proposamenak zehaztuz.
“Nafarroan dozenaka mila pertsona daude, batez ere emakumeak, gazteak eta pertsona arrazializatuak, etxebizitzarik eskuratu ezin dutenak; izan ere, etxebizitza espekulazio-elementutzat hartzen da, eta ez oinarrizko beharra asetzeko zerbait bezala”, salatu du ELAk. Sindikatuak gaur eskaini duen prentsaurrekoan, Nafarroako etxebizitzaren egoeraren diagnostikoaz gain, sindikatuak gai honen inguruan egindako proposamenak zehazten dituen txostena aurkeztu da.
Aitor Murgiak, bere aldetik, alokairuko etxebizitzaren eta salgai dagoenaren garestitasuna azpimarratu du. Alokairuaren batez besteko errenta Iruñean 1.000 euro ingurukoa da, eta salerosketako etxebizitzaren prezioa 1.500 eurotik gorakoa da Nafarroan metro koadroko. «Prezio altu horiek gehien jasaten ari den kolektiboa gazteena da, non emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtetik gorakoa izan den». 2008ko krisiaren ondoren, bankuen finantzaketa-baldintzak gogortu egin direla ere gogoratu du Murgiak, eta lan-prekarietatearen testuinguruan aurrezteko beharrak pertsona asko apartatu ditu etxe bat erostetik. Gainera, Murgiaren ustez, “onartezina da gure lurraldean 25.000 etxebizitza huts baino gehiago eta 350 deshauzio baino gehiago egotea urtean”.
Dokumentuan jorratutako gaien artean ere turistifikazioa dago, zeinak alokairuen garestitzeaz gain, auzokideak desplazatzen dituen auzoetatik. Baita emakumeek jasan behar dituzten ondorio are larriagoak, eta etxerik gabeko pertsonen egoera edo migratzaileek askotan jasaten duten diskriminazioa ere.
Errealitate horren aurrean, Saioa Urrizak adierazi du ELAren proposamenen artean honako hauek daudela: legez bermatzea etxebizitzarako eskubide subjektiboa, alokairua sustatzea salerosketa-ereduaren aurrean, alokairuaren prezioak mugatzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzera behartzea, etxegabetzeak geldiaraztea, turismo-etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPGaren % 2ra igotzea. Izan ere, Nafarroa Europako batez bestekotik oso urrun dago: Europako bataz besteko inbertsioa BPGaren %0,6a den bitartean, Nafarroan % 0,29koa da. “Azken batean, etxebizitza ondasun sozial gisa ulertzea, eta ez espekulazio-ondasun gisa”, adierazi dute ELAko bozeramaileek. Azkenik, sindikatuak etxebizitzaren arazoari buruz abian jarri duen kanpaina aurkeztu du Urrizak.