Gerraren aurkako manifestazioa izanen da larunbata honetan Iruñean “Gerrei intsumisioa” lelopean
Nafarroako hainbat emakume antimilitaristek «Gerrei intsumisioa, Putin ez! NATO kanpora!» agiriak jasotako 2.000 sinaduren aurkezpena egin dute eta larunbatean Iruñean egingo den manifestazioaren berri eman dute.
2022-ko apirilak 6
“NATOn sartzearen aurka egon ginen antimilitaristok, Derrigorrezko Zerbitzu Militarrari zein Ordezko Prestazio Sozialari uko egin genionok, eta 1991 zein 2003ko Golkoko gerren aurka mobilizatu ginenok, berriro ere, militarismo, ejertzito eta gerren aurka kalera ateratzea beharrezkoa ikusten dugu.” Horregatik deitu dute larunbateko manifestazioa, antimilitarismoa berritzeko beharra ikusten dutelako egoera larri honetan.
Errusiar inbasioa zein Ukrainarako arma bidalketak bertan behar utzi behar direla uste dute, eta horrekin batera aurrekontu militarren murrizketa eta ukraniar zein errusiar desertoreentzako babes politikak aldarrikatzen dituzte.
Bi mila lagun baino gehiagok sinatu dute duela hamar egun aurkeztu zuten manifestua, horietatik 300 inguru nafarrak dira. Guzti horiek babesten dute datorren larunbateko manifestazioa, 18.00etan Gaztelu plazatik abiatu eta Intsumisioaren parkean bukatuko dena.
“Ukrainako sarraskiarekin bukatu beharra dago. Bertan, ohi bezala, elkar ezagutzen ez duten gazteak elkar hiltzen ari dira, elkar ezagutu bai baina elkar hiltzen ez duten adineko gizonen agindupean”, salatu dute deitzaileek.