Txetxu Barrios euskal preso politikoa etxeratze prozesua azkartzeko dinamika berri bat abian jarri dute Atarrabian

Euskal preso politiko honek 24 urte darama espetxean, eta ezarritako zigorraren 3/4ak beteak izan arren, baimenetarako eskubidea ukatu diote, hirugarren gradura pasatzea ere oztopatzen dio Auzitegi Nazionalak eta ondorioz ezin du baldintzapeko askatasuna eskuratu. Bere gurasoen adina kontutan hartuz, Zaballako espetxera eramatea eskatu du presoak, baina hori ere ukatu diote.

2022-ko martxoak 29


Urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela sinetsita, salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera saltoa egiteko unea dela uste dute Sare Herritarrak martxan jarri duen dinamikarekin bat egin duten Atarrabiako herritarrek. “Aldaketa honek ordea, kontrako jarrerak ere hauspotu ditu, eta badira oraindik ere etxerako bidean oztopo izaten ari diren gertaerak”, salatu dute, eta horren adibidea da Txetxu Barriosen egoera. “Txetxuk 24 urte daramatza espetxean, egun, Zuerako espetxean aurkitzen delarik. Zigorraren 3/4ak beteak ditu, gurasoak adinekoak ditu eta Zueratik Zaballara espetxe aldaketa eskatu du. Zuerako Tratamendu Batzarrak leku aldaketa onartu arren, Auzitegi Nazionalak atzera bota du. Euskal Herrira leku aldaketa ez ezik, Txetxuri baimenetarako eskubidea ere ukatu zaio, nahiz eta horretarako baldintzak betetzen dituen; bigarren graduan egotea eta 3/4ak beteak izatea. Era berean, hirugarren gradura progresiorako baldintzak betetzen ditu ere, baina ez diote horretarako aukerarik eskaini”, salatu dute.

“Txetxuk Euskal Herrian egon beharko luke, baimenekin eta hirugarren gradura igarotzeko aukerarekin, hala jasoa baitago espetxe legedian”, azpimarratu dute kaleratutako idatzian. “Audientzia Nazionaletik ezarri dioten ukazioa, beste behin ere, salbuespenean eta mendekuan oinarritua dago”, uste dute. Egoera hau salatu, eta Txetxu Barriosek “etxerako prozesua garatu dezan”, Atarrabiako Sarek “etxerako bidean oztoporik ez!” lelopean dinamika berri bat martxan jarriko du, herritar orori ez ezik, herriko eragile sozial, politiko, sindikal, zein kulturalei, honekin bat egin dezaten deia luzatuz.

“Denbora luzean blokeatua egon den egoera latz hau aldatzeko aukera zabaldu da. Kontrako jarrera eta oztopoen aurrean, herri honek aurrera egiteko eta elkarrekin bizitzeko nahia duela erakutsi behar dugu. Guztion ardura da salbuespenezko egoera hau atzean utzi eta etxeratze prozesua ahalbidetzea. Izan gaitezen aktibo elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean”, gehitu dute.

Gehiago