31 talde arituko dira “Zerua (hel)muga” lelopean uztailean egingo den HTX26an
Hatortxurock elkartasun jaialdiko 26. edizioa uztailaren 29an eta 30an ospatuko da Atarrabian.
2022-ko martxoak 29
Hatortxurock jaialdiak bi helburu garbirekin sortu zen 1999 urtean, orain 23 urte: dispertsio politika salatzeko tresna berri bat izatea eta giza eskubideen urraketa suposatzen duen praktika honek dituen gastuak arintzea, preso politiko guztiak etxean izan arte.
“Bide horretan aurrera egiten ari gara. Azken hilabeteetan aurrera pauso nabarmenak eman dira. Hainbestetan ikusi dugun dispertsioaren mapa hori asko murriztu egin da, buruz ikasitako espetxe zerrenda hori gero eta meheagoa da eta dagoeneko asko dira Euskal Herriko kartzeletan dauden presoak. Eta Euskal Herrian ez daudenak, gertuago daude. Hau, ezin da ukatu, lorpen garrantzitsu bat da. Garaipen bat. Baina lanean jarraitu beharra dago. Bidea luzea da”, dio HTXko antolatzaileek.
Eta uztailaren 29 eta 30erako antolatu duten edizio berezirako aukeratutako leloak, “Zerua (hel)muga”, horri egiten dio erreferentziak. “Helburu zehatz bat markatzen du. Zerua. Zerua espetxeari lotuta asko aipatu den kontzeptua da. “Urte asko zerua edo egun argia ikusi gabe” eta halakoak. Presoek zeru edo zeru zati txiki asko ikusi dituzte azken hamarkadetan. Baina ez Euskal Herriko zeruak. Orain bai, Euskal Herriko zerua ikusten dute askok. Baina espetxean jarraitzen dute eta zerua bere osotasunean, leiho txiki batetatik eta inguratzen dituen pareta horiek gabe ikusi dezatela behar dugu”, azaldu dute.
31 musika taldeak
Eta helburu horrekin bat egingo duten taldeak aurkeztu dituzte. Guztira 31 izanen dira Atarrabiako karpan: Ostiralean Huntza, Gatibu, Deskontrol, Zoo, Brigade Loco, Skabidean, DJ Plan B, Anari, Zelanda, Gilipojazz, Sua, Badalonians Sound ft Harny Roots eta aurretik iragarritako Pleura, ETS eta The Baboon Show arituko dira, eta larunbatean, berriz, The Lio, Delirium Tremens, Zetak, Antton Telleria, Ibil Bedi, Hammond York, La Mare, Lukiek, Selektah Stepi, CRIM eta iragarritako Non Servium, Stay Homas, Herdoil Rotten XIII eta Green Valley igoko dira oholtzara.
Bi gune ezberdinetan banatutako hiru eszenatokitan arituko dira taldeak, elkartasun asteburu berezi berri bati doinua jarriz.
Sarrerak, dagoeneko salgai
Sarrerak Hatortxu Rocken webgunean lortu daitezke dagoeneko. Bi eguneko bonoak 55 euroko prezioa dauka eta ostiraleko zein larunbatekoak 30.