Esku-hartze Sozialean inpugnaziorik ez

Joan den urtarrilean, Nafarroako Esku-hartze Sozialaren arloko lehen hitzarmena sinatu zeneko urteurrena ospatu genuen. Hitzarmen horren alde gogor borrokatu gara sei urte luzez, eta, azkenean, sektoreko alderdi gehienak, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, ANEIS patronala eta Nafarroako Gobernua, ados jarri gara eta hitzarmenarekin konprometitu gara.

Izaskun Esparza Artazkoz, LABeko delegatua

2022-ko martxoak 18

Justizia sozialeko hitzarmen bat da gurea, lan egiten dugun pertsonen lana aintzat hartu eta haientzako lan baldintza duinak jasotzen dituena, era horretan beste batzuek bizi-baldintza eta bizi-aukera duinak izan ditzaten. Eta sektorearen etorkizuna bermatzeko akordioa ere bada.

Bazterketa-egoeran edo egoera oso ahulean dauden pertsonekin egiten dugu lan. 24 orduko arreta ematen dugu, eta lan eskubide asko aitortu gabe genituen, hala nola antzinatasuna, gaueko lana, txandakako lana, jaiegunak… Unibertsitateko titulazio eta master ugari eskatzen zaizkigu, baina gure soldatak ez datoz bat profesionalizazio eta espezializazio horrekin. 10 urte baino gehiago eman ditugu soldatak izoztuta, eta horrek erosteko ahalmena % 10 galtzea ekarri du, KPIaren igoeragatik.

Orain jakinarazi digute sektoreko bost enpresak lorpen historiko hori bertan behera utzi nahi dutela; beren langileak lehengo baldintzetan mantentzen dituzten eta hitzarmena aplikatuko ez dutela iragarri duten bost enpresak berriz egoera prekarizatu batera itzultzea nahi dute.

A zer-nolako ankerkeria eta bidegabekeria egin nahi duten Gurutze Gorriak, Caritasek, Secretariado Gitanok, Gosearen aurkako Ekintzak edo Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak! Eta gero elkarte horiek lau haizeetara iragarriko dute beren balioen artean besteei laguntzea, laguntza eta justizia soziala lortzea, kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta abar daudela.

Eskaintzen diren baliabideak kalitatezkoak izan daitezen, langileak zaindu behar dira. Baldintza prekarioetan lan eginez gero, ez dago kalitaterik. Hitzarmen hau aurkaratzeak ez die ezer onik ekarriko ez erabiltzaileei, ez enpresei, ez langileei. Zer zentzu du epaiketa honekin aurrera jarraitzeak?

Zaintzen duena zaintzea, langileok ere kalitatezko enplegua eta bizi-baldintza duinak izan ditzagun. Horregatik eskatzen diegu bost enpresa horiei bertan behera utz dezatela Nafarroako Esku-hartze Sozialeko sektorearen lehen hitzarmenaren aurka jarritako inpugnazioa.

Gehiago