Lan-erreforma berriarekin sinatutako 10 kontratutik 9 aldi baterakoak izan dira urtarrilean
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, urtarrilean 791 langabe gehiago erregistratu ziren aurreko hilaren aldean, eta eragin handia izan zuen emakumeen artean. ELA sindikatuaren ustez, honek frogatzen du lan-erreforma osorik indargabetu behar dela langile klasearen lan-baldintzetan funtsezko aldaketa egon dadin.
2022-ko otsailak 2
Abenduan langabeziak behera egin ondoren eta Gabonetako kanpainen amaierarekin batera, langabeziak gora egin zuen berriz ere, zerbitzuen sektoreko emakumeen kontura. Emakumeen artean 692 langabe gehiago izan ziren urteko lehen hilabetean; hala, emakume langabeen ehunekoa % 59ra igo zen, eta gizonena, berriz, % 41. Sektoreen araberako langabeziari dagokionez, zerbitzuen sektorea izan zen kolpatuena, 749 langabetu guztira.
Espainiako Lan ministroaren sirena-kantak gorabehera, datuek ez dute aldaketa esanguratsurik erakusten kontratazioari dagokionez. Gogora dezagun lan-erreforma berria abenduaren 28an 32/2021 Errege Lege Dekretua sinatu zenetik dagoela indarrean, eta, beraz, urtarrileko kontratuak erreforma berrian oinarrituta egin zirela. Hala eta guztiz ere, zifrek erakusten dute kontratu horiek aurreko hilabeteen ezaugarri berak dituztela oraindik ere; izan ere, egindako 29.777 kontratuetatik 27.013 aldi baterakoak izan ziren, hau da, % 91.
Egoera horren aurrean, ez da nahikoa erreforma berri bat onartzea, Rajoyk berak esan bezala, gutxieneko ukituak baititu 2012koarekin alderatuta. Langile klasearen lan-baldintzetan funtsezko aldaketa egon dadin, lan-erreforma osorik indargabetzea beste aukerarik ez dago. Horregatik, ELAk Kongresuan dauden alderdi politikoei eskatu die erreforma hori dagoen bezala ez onartzeko eta negoziazioei berriro ekiteko, baina oraingoan patronalari beto eskubiderik eman gabe.