“Geu ere kontuan hartzekoak gara” euskarazko haur eskolen aldeko kanpaina aurkeztu da

AEK, IKA, EHE, AET, Sortzen, LAB, ELA, EILAS eta Sasoiak Iruñean soilik bi euskarazko haur eskolak daudela salatu dute.

2014-ko otsailak 25

Azken egunotan “Geu ere kontuan hartzekoak gara” lemapean Iruñeko auzo ezberdinetako hainbat gurasok euren auzoetan euskarazko haur eskola nahi dutela aditzera eman dute. Ez da eskaera berria, urte luzez errepikatzen den egoeraren isla baino ez da. Izan ere, Iruñean dauden 18 haur eskola publikoetatik bitan baino ez da eskaintzen euskaraz. Eta biak ere Txantrean daude. Gurasoek abiatutako dinamikarekin bat egin dute AEK, IKA, EHE, AET, Sortzen, LAB, ELA, EILAS eta Sasoia eragileek.

UPNren erregimenaren itxikeria
EH Bildu Iruñea taldeak elkartasuna adierazi die euskalgintza eta guraso elkarteek martxan jarritako “Geu ere kontuan hartzekoak gara” kanpainari. Koalizio subiranistaren esanetan "UPNren erregimenaren itxikeriaren aurrean hiritarrek eta eragile sozialek beren kabuz antolatu behar izan dute beren eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzeko. UPNren itxikeriaren aurrean hiritarrek eta eragileek bestelako hiri eredu bat bultzatzeari ekin diote berriro ere."

Horrekin batera, EH Bilduk UPNri "iruindarron hizkuntza eskubideak errespeta ditzan eta gurasoen zein euskalgintzako eragileen eskariei positiboki erantzun diezaien" exijitu dio.

Gehiago