Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoak, bere alaba Izadirekin batera, Euskal Herrira ekarriko dituzte

Espainiako Espetxetako Zuzendaritzak 7 euskal preso politikoen lekualdatzeak iragarri ditu. Guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekarriko dituztela ziurtatu dute. Horien artean Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoak eta bere alaba Izadi daude. Azken garaietan Izadi bere gurasoengandik ez banatzeko eskaria egin du Izadi Gurasoekin Etxera ekimenak.

2021-ko abenduak 30

Euskal Herrira ekarriko dituzten presoen zerrenda osoa hau da: Pedro María Cano Hernández, Arkaitz Goikoetxea Basabe, Íñigo Gutiérrez Carrillo, María Lizarraga Merino, Gorka Martínez Ahedo, Joseba Segurola Beobide, Gregorio Vicario Setién, María José Baños Andujar eta Marcos Martín Ponce.

Naiz.eus-ek aurreratzen duenez, Iñigo Gutierrez Izadiren aitari 3. gradua emanen diote, eta beraz, espetxetik aterako da. Izadik urtarrilaren bukaeran 3 urte betetzearekin, espetxetik atera beharko da.

Izadi Gurasoekin Etxera plataformak ohar bat kaleratu du “neurria positiboa” dela esanez,  baina “ez nahikoa.” “Maria, Iñigo eta Izadirekin batera etxeratua izan behar da, ezin dugu ontzat eman Izadi bere amarengandik banatzea”, gogoratu dute.

Edozein kasutan ere, plataformaren esanetan gaurko berriak erakusten du “nahi izanez gero tresna nahikoak daudela Izadi bere gurasoekin batera etxean bizitzeko” eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio “Maria bere alabarengandik bananduta ez izateko beharrezkoak diren neurriak har ditzan”. “Garaia da, Izadirekin batera, gainontzeko motxiladun umeen egoerari bukaera emateko”, esan dute.

Gehiago