Abenduaren 31an eta urtarrilaren 8an euskal presoen eskubideen aldeko hitzorduak Iruñean eta Bilbon

Sare Herritarrak presoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditu berriz ere Iruñean eta Bilbon Gabonetan. Izan ere, eta nahiz eta aurrerapauso batzuk eman diren sakabanaketa politikarekin amaitzeko, oraindik preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daude eta ez dira behar bezalako urratsik eman gradu progresioetan, eta ondorioz presoek ezin dituzte baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratu.

2021-ko abenduak 22

Urtero bezala, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den mobilizazioaren bezperan eta Gabonen testuinguruan, mobilizazioa deitu du Sare Herritarrak abenduaren 31an Iruñean.

Sarek azaldu duenez, mobilizazio honek “mezu argia dauka, “urte berriari? etxerako bidea”, hau da, zer eskatzen diogu urte berriari? Ba, euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko eta gradu-progresioa aplikatzeko aldarrikapena, hori baita preso oro bizitza sozialean berriro integratzeko funtsezko oinarria”.

Sarek berriz aipatzen du ontzat jotzen duela espetxe-politikari dagokionez ematen ari den aldaketa nahiz eta “oraindik zutik dirau urruntze-politikak, Euskal Herrian soilik 196tik 77 preso daudelarik”. Gainera, gradu-progresioari dagokionez, nahiz eta, praktikan, preso guztiak bigarren graduan egon 9 bakarrik aurreratu dituzte hirugarren gradura.

“Ez dugu ahaztu nahi, gainera, ezarritako gradu-progresio horretan atzeraeraginezko egoera bizitzen ari garela une honetan; izan ere, Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Espetxeetako Tratamendu Junten erabakiak, eta horrek esan nahi du irteteko baimena edo baldintzapeko askatasuna duten pertsonak berriro espetxeratuak izatera behartuak direla bigarren gradura igaroz. Espetxe-politikaren aldaketan atzera urrats argia da hau, eta agerian uzten du oraindik ere, sektore batzuek ez dutela aurrera egin nahi, eta erosoago sentitzen direla iraganeko konfrontazio-egoeran”, salatu du Sarek.

Beraz, kaleak hartzeko arrazoiak daudela sinetsita, Gabonetan mobilizatzera deitzen ditu Sarek herritarrak. Hortaz,  abenduaren 31n, Iruñeko Baratxurien plazan eguerdiko 12:30ean,  kultur ekitaldia eta urte berriko topa egingo dute. bertan izanen dira AFU taldea Izadi Txikiak abesti berriarekin, Sarai Robles eta Joanes Illarregi bertsolariak eta Hutsun Txalaparta taldea.

Gehiago