Antton Troitiño azken izan dadila eskatu dute Etxerat elkarteak eta Sarek
Gaur goizean Antton Troitiñoren senideak eta Exterat eta Sareko ordezkariek agerraldia egin dute Donostian preso ohiaren heriotza salatzeko. Espetxe politikari egotzi diote Troitiñoren heriotzaren erantzukizuna, eta azkena izan dadila eskatu dute. Arratsaldean manifestazioa izan da Donostian.
2021-ko abenduak 20
Lehenbizi, Antton Troitiñoren familiaren izenean, Irati Aranzabalek hauxe esan du:
“Antton Troitiño ostiralean hil zen Iruneko ospitalean, gaixotasun larri baten ondorioz.
Bere heriotzak sortzen duen tristuraren gainetik, beti izan den bezala
gogoratu nahi dugu, alaia, ausarta, konprometitua; Antton pertsona
indartsua izan da beti, fisikoki eta mentalki. 64 urte besterik ez
zituen. Hala ere, errepresioak eta espetxeak, hainbeste denbora etxetik
kanpo eta bizi-baldintza oso txarretan, bere gaixotasuna elikatzen
lagundu dute eta narriadura gupidagabea izan da. Denbora gutxian joan
zaigu.
Gure haserrea eta tristura adierazi nahi dugu, oso gutxi geratzen
zitzaionean bakarrik irteten utzi dion espetxe sistema anker baten
ondorioz hil delako, eta Logroñon preso duen Jon ilobari agur esaten ere
ez diotelako utzi.
Antton espetxean egon da bere bizitzaren zati handi batean. 28 urtez
preso hain justu. 24 urtez egon zen preso eta, zigor osoa bete ondoren,
Huelvako espetxea utzi zuen 2011. urtean. Ondoren, kanpaina
politiko-mediatiko izugarria egin zioten, eraso horrek senideei ere
eragin zigula izugarri. Londresen atxilotu zuten berriro Antton, eta
2017an Espainiaratu zuten. Orduan, sei urteko espetxe-zigor berria
betetzen hasi zen. Ordurako Anttonen osasunak okerrera egin zuen
nabarmen.
Publikoki gure esker ona adierazten dugu albistea jakin den unetik
familian jasotzen ari garen babes eta maitasun adierazpenengatik. Era
berean, eskerrak eman nahi dizkiegu tratamenduak hasi zituztenetik
Anttoni arreta eman dioten Onkologikoko profesionalei. Eskerrik asko
guztioi.”
Ondoren, Etxerat eta Sareren izenean, Xochitl Karasatorreren hitzartzea:
“Gaixotasun larria zuen Antton Troitiño Donostiako preso politiko ohiaren
heriotzaren aurrean, Etxeratek une honetan besarkada handi bat eta gure
maitasun eta elkartasun guztia helarazi nahi diegu bere senide eta
lagunei, horietako batzuk gaur hemen daudelarik.
Hamar hilabete baino ez dira igaro Antton baldintzapeko askatasunean
atera zenetik; zehazki, 2021eko otsailaren 5ean utzi zuen atzean
Estremerako espetxea, Madrilen. Hamar egun lehenago, bere abokatuari
jakinarazi zion kimioterapia-tratamendua modu aringarrian jasotzeari
uzteko erabakia hartu zuela, ezinezkoa baitzitzaion tratamendu hori
egiten jarraitzea, bai maila animikoan, bai fisikoan, espetxeak
horretarako dakartzan baldintza kaskarrak direla eta.
Fisikoki hondatuta egon arren, espetxeko asistentzia ezak eta baldintza
txarrek larriagotutako gaixotasunak zituzten beste euskal presoen kasuan
bezala, Antton Troitiño baldintzapeko askatasunean uzteko erabakia
atzeratu egin zen, egoera atzeraezina izan zen arte, Antton Troitiñoren
sufrimendua eta etsipena arragotuz. Espainiako Auzitegi Nazionalaren
labirintoaren biktima izanik, administrazioak epeak agortu zituen
emandako autoak irmo deklaratu arte, espetxetik irteten utzi aurretik.
Gogora ekarri nahi dugu duela gutxi, urtebete pasatxo, 2020ko urrian,
Asier Aginako Etxenagusia Durangoko presoa hil zela, 2019ko urtarrilean
eten ziotelarik zigorra bere gaixotasun larriarengatik. 2019ko
urtarrilean eta urte bereko urrian Oier Gómez eta Jose Angel Ochoa de
Eribe preso arabarrak ere hil ziren, kartzelan izandako gaixotasun larri
eta luzeen ondorioz. Ochoa de Eribe hil baino lau hilabete lehenago
atera zuten espetxetik.
Ez gara nekatuko gaixo dagoen norbait behar bezala tratatu eta
gaixotasuna sendatzeko azken lekua espetxea dela behin eta berriz
errepikatzeaz eta euskal presoen kasuan, gainera, kondena luzeak eta
baldintza gogorrak jasan beharko dituzte. Onartezina eta ankerra da
presoaren osasun kritikoa espetxean egotea atzeratzen duen labirinto
juridikoaren aurretik ez jartzea. Giza eskubideak errespetatuko duen
espetxe sistema ezinbestekoa da. Gaixotasun larriak dituzten presoak
lehenbailehen atera beharko dira espetxetik, ahalik eta lasterren
artatzeko, duintasunez eta haien gertukoen babesarekin.
Euskal presoei aplikatu izan zaien salbuespeneko espetxe-politikaren
krudeltasuna agerian geratzen da Anton Troitiñoren kasuan, baita
gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenen egoera oso larrian ere. Gaur
egun 20 dira gaixotasun larriak dituzten presoak, eta berehala irten
beharko dute espetxetik.
Aurrera begiratu nahi dugu. Euskal presoen senide garen aldetik, gure
sufrimenduari eusten dion mendeku irizpideei lotutako egoerarekin
amaitzeko eskatu besterik ezin dugu egin. Euskal preso askok aske
irteteko baldintzak betetzen dituzte. Errespetatu haien eskubideak eta
ez oztopatu gehiago bide hori.”