Mikel Albisu inputatu du Auzitegi Nazionalak, eta elkartasuna adierazi nahi izan diote Auritzen
Mikel "Antza" Auritzeko bizilaguna eta preso ohia bihar deklaratu beharko du Auzitegi Nazionalean, telematikoki Donostiatik. Atzo, Auritzen 40 lagun elkartu ziren euren elkartasuna adierazteko.
2021-ko abenduak 20
Auritzeko bizilaguna den Mikel Albisuren inputazioa salatu eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Aezkoako eta Erroibarreko 40 lagunek. Auzitegi Nazionalak iragarri zuenez, bihar asteartean telematikoki deklaratu beharko du Albisuk.
Duela ia hiru urte Mikel Albisu Auritzen bizi da, eta orain Gregorio Ordoñez zinegotziaren aurkako atentatua agindu izana leporatzen diote, “froga materialik gabe inputatuz”, bere herrikideek defendatzen dutenez. “Berriro ere espainiar Estatu faxista Euskal Herria iraganera iltzatu nahiean. Ez da kasu isolatua; ETA erakundeak duela 10 urte ibilbideari amaiera eman eta denbora honetan zehar bakerako eta elkarbizitzarako urratsak eman arren, beste aldean batzuek nahiago dute bide hori oztopatu eta mina eragiten jarraitu. Espainiar logika ustelari besterik ez dio erantzuten eraso honek, gatazka politikoari aterabidea ematetik oso urrun”.
Kontrara, euskal jendarteak azken hilabete eta urteetan “adierazpide oso ezberdinekin, bakean eta elkarbizitzan eraikitako etorkizun bat nahi duela erakutsi” duela gogoratu nahi izan dute. “Euskal jendarteak herri aske batean bizi nahi duela, urrats esanguratsuak emanez. Haatik, kolore guztietako oligarka espainiar eta frantziarrek iraganera iltzaturik nahi gaituzte. Guk, ordea, dakigun modurik onenean erantzunen diogu eraso berri honi: Estatuaren aldetikako erasoa salatuz, Mikeli eskualde eta herri oso baten elkartasuna erakutsiz, eta batez ere, eguneroko lanean murgilduta jarraituz. Mikelek bezala beste milaka herritarrek egindako lan nekaezinari jarraituz lortuko dugulako herri baketsu eta aske bat eraikitzea, eta gurekin ez daudenak etxera ekartzea”.