HTX26, datorren urteko elkartasun jaialdiaren lehenengo aurrerapena: Rotten XII, ETS, Non Servium, The Baboon Show…
Asteburu honetan HTX25. edizioa ospatu behar zen, baina bertan behera utzi eta gero eta erabaki zail horrek jarraitzaile eta musika gogoko dutenen artean sortutako pena arintzeko asmoz, antolatzaileek 2022ko uztailaren 29 eta 30ean eginen den HTX 26. edizioan parte hartuko duten lehenengo taldeen izenak zabaldu dituzte: Non Servium, The Baboon Show, Stay Homas, ETS, Pleura, Rotten XIII, Herdoil eta Green Valley.
2021-ko abenduak 20
Hatortxu Rocken 25. edizioa historiara pasatuko da egin ez zen HTX edizio bakarra bezala. Baina antolatzailentzat, kontatzen du. Izan ere, datorren urtean eginen diren bi edizio 26 eta 27 zenbakiak dituzte, uztailan eta abenduan ospatuko direnak. Eta 26. edizioaren lehenengo taldeak iragartzerakoan berriz gogoratu dute pandemiak eta agintariek hartutako neurriek sortutako ezegonkortasuna dela-eta, bertan behera uztera behartuta ikusi zutela euren burua, eta ordutik, udarako antolatzen ari diren edizio berezian murgilduta daudela buru belarri dagoeneko. Beraz, deskantsatzeko tarterik ez.
Uztailaren 29 eta 30eko zita horretan egongo diren lehen taldeak aurreratu dituzte: The Baboon Show suediarrak, ETS arabarrak eta Pleura nafarrak ostiralean igoko dira eszenatokira. Stay Homas kataluniarrak, Rotten XIII eta Herdoil nafarrak eta Green Valley gasteiztar-bartzelonatarrak, aldiz, larunbatean. Egun honetan ere izango da Non Serviumen txanda. Mostoleseko taldeak atsedena hartu du azken urteetan eta 2022an itzulera bira txiki bat eginen du eta Hatortxu Rock izango da joko duten bi jaialdietako bat. Euskal Herrian, bakarra. Hau, baina, lehen aurrerapen bat baino ez da. Datozen hilabeteetan beste asko batuko dira Atarrabian ospatuko den elkartasun jaialdi honetara.
Izen hauekin batera, eguneko sarrerak ere salgai jarri dituzte, www.hatortxurock.eus webgunearen bidez. Bi eguneko bonoa duela aste batzuk jarri zuten salgai eta dagoeneko milaka lagunek bereganatu dute. Orain, bono hori eskuratzeko aukeraz gain (55 euro), egun bakarreko sarrera lortzeko ere parada dago, 30 euroko prezioan.
Azken bi urteetan ezin izan da Hatortxu Rock behar bezala ospatu. Eta ondorioz, ezin izan dira jaialdiko helburuak bete: dispertsio politika salatu eta honek euskal preso politikoen senideengan sortzen dituen gastuak arindu. “Elkartasun hori, ekonomikoa ere, erraldoia, gero eta handiagoa, izatea ere bada gure helburua. Etxerako bide hori eraikitzerakoan esku guztiak dira ezinbestekoak. Eta jomuga horrekin ari gara lanean uztaileko zitari begira”, diote antolatzaileek.
“Zuei esker, aurten ere ekarpen bat dispertsioaren aurka”
Azken bi asteetan bertan behera utzitako edizioaren sarrerak itzultzeko eskariak egiteko epea ireki dute. Eskari guzti horiek kudeatzen ari dira eta datozen egunetan eginen dira diru itzulerak. Hala ere, asko eta asko izan dira diruari uko egin eta sarrera eskatu ez duten pertsonek. “Zuei esker, aurten Hatortxuk galerarik ez izatea ahalbidetu duzue eta, beste urte batzuetako tamainakoa ez den arren, dispertsioak eragiten dituen gastuak leuntzeko ekarpen bat egiteko moduan egongo gara”, azpimarratu dute antolatzaileek. “Bihotzez, mila-mila esker. Beti azpimarratzen dugu jaialdi hau denok osatzen dugula, antolatzaileok, boluntarioek, musikariek eta baita publikoak ere. Aurten, agian, izan da elkartasun horren adierazle nagusienetako bat. Indarrez bete gaituzue eta behar den bestetan lanean jarraitzeko grinez beteta gaude. Beraz, jar gaitezen udara begira, etxerako bide horretan urrats erraldoi berri bat eman asmoz”, esan dute oharrean.