Hatortxurock elkartasun jaialdia bueltan! Abenduak 18 Atarrabian ospatuko da
Hatortxu Rock 25. edizioak ‘Kilometroak metro’ leloa izanen du, eta Atarrabiako ohiko lekuan ospatuko da abenduaren 18an. Sarrerak igande honetan, 20.00etatik aurrera, egonen dira salgai, www.hatortxurock.eus webgunearen bitartez eta datozen asteetan emanen dituzte jakitera jaialdiaren oholtzara igoko diren taldeak. Eta datorren urteko uztailean beste bi eguneko jaialdia prestatzen ari dela ere jakinarazi dute.
2021-ko urriak 14
2019an ospatu zen zuzenean azken aldiz HTX. 2020an interneten bidez jarraitzeko aukera izan genuen, baina berriz ere oholtza eta karpa elkartasunez betetzeko gogoak zeuden, betiko helburuarekin: preso eta senideek espetxe politikaren ondorioz jasotzen duten sufrimendua arintzea.
“Iaz, ikus-entzuneko produktu baten bidez esan genuen ‘Inoiz baino gehiago’ behar gintuztela haien eskubideak urratuta ikusten dituzten euskal errepresaliatu politiko guztiek. Pandemiak eten egin ditu elkartasun ekimen gehienak. Gure kasuan, euskal preso politikoen senideek pairatzen duten dispertsio politika salatu eta horrek dakartzan gastu ekonomiko izugarriei aurre egiteko beharra ikusita ahal zen neurrian egin genuen lan. Ekimenak eten gastuek hor jarraitzen duten bitartean. Ekuazio ezin negatiboagoa”, ohartarazten dute antolakuntzatik.
Denbora honetan, baina, dispertsioaren mapa asko aldatu da, onerako, eta nahiz eta oraindik desagertu ez, asko murriztu dira egin beharreko kilometroak. Baina helburua ez da bete. “Oraindik ia 200 euskal preso politiko daude espetxean eta haietako asko etxetik ehunka kilometrotara. Etxeko ate hori zeharkatzea da jomuga. Eta, beraz, azkenak bide hori egin arte, lanik ez da faltako. Kilometro guztiak metro bilakatu behar ditugu. Distantziarik txikiena ere desagerrarazi arte.” Eta hortaz aurtengo leloa, ‘Kilometroak metro’.
Aurtengo edizioa, ia betiko parametroetan
Denok ezagutzen dugun Hatortxu Rock bat antolatzeko moduan daudela baieztatu dute, “edo behintzat hortik ahalik eta gertuen dagoen bat”, ohartarazi dute. Atarrabiako karpara itzuliko da HTX abenduaren 18an. Osasun larrialdi egoeragatik indarrean dauden neurri guztiak bermatuko direla azpimarratu nahi izan dute. “Konsziente gara data horren aurretik osasun egoera hori berriz ere alda litekeela eta beraz, horretarako prest ere egon beharko dugu. Bertan, gure esku dagoen guztia eginen dugu jai eta aldarrikapen egunaz gozatu eta, era berean, modu arduratsu batean jokatzeko bizi izan dugun osasun krisiaren aurrean”.
Eta guzti honek suposatzen duen lana aurrera eramateko, berriz ere, auzolana aldarrikatu dute HTXkoek. “Guztion ahalegin berezia beharko dugu denbora epe labur honetan elkartasun jaialdia ahalik eta hobekien antolatzeko.”
Sarrerak igande honetan, 20.00etatik aurrera, egonen dira salgai, www.hatortxurock.eus webgunearen bitartez. Hala ere, iazko edizio berezian sarrera erosi zutenek aurre salmentan lortzeko eskubidea ere bereganatu zuten eta posta elektronikoz aurretik igorriko zaie sarrerak lortzeko aukera. 20 euroko prezioa izango dute sarrerek aurre salmentan eta 25ekoa egunean bertan, oraindik sarrerarik balego. Lortutako etekinak, dispertsioaren aurkako lanera bideratuko dira.
Datozen asteetan emanen dituzte jakitera jaialdiaren oholtzara igoko diren taldeak.
Uztailean, beste elkartasun hitzordu bat
Abenduan bai, eta uztailean ere bai. HTXk iragarri duenez, udan beste zita berezi bat antolatzeko lanean ari dira. “Oraingoz asko aurreratu ezin dezakegun arren, 2022ko uztailaren 29 eta 30ean bi eguneko jaialdi bat prestatzen ari gara, beti ere koronabirusak eragindako osasun krisiaren egoerak ahalbidetuko balu”, eta hau ere Atarrabian izanen da.