Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadi gurasoekin etxeratzea eskatu dute Burlatan
Atzo igandean, ehunka lagunek hartu zuten parte Burlatan egindako kalejira batean Izadi eta bere gurasoen askatasuna eskatzeko. Gaur egun, Aranjuezeko espetxean bizi da bi urteko neskatoa, eta hiru urte betetzean bere gurasoengandik urrunduko dutela salatu zuten.
2021-ko maiatzak 24
Martxak Izadiko puxikak zeramatzaten hainbat haur izan zituen buru, eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, horma-irudi bat egin zuten, haurra eta haren gurasoak aske uzteko eskatzen zuena alegia.
“Izadi gurasoekin etxera” plataformatik jakitera eman dutenez, “neskatoak 2020ko otsailaz geroztik ezin izan du espetxetik atera, elikadura txarra du eta ezin du seniderik besarkatu”. “Eguna zementuz inguraturik igarotzen du, ia estimulurik gabe, zuhaitzik, zapaltzeko belarrik eta ohikoak zaizkigun animaliarik ikusi gabe”.
Egungo egoera
2022ko urtarrilean Izadik 3 urte beteko ditu eta, ezer aldatzen ez bada, gurasoengandik bananduko dute. “egunean 24 orduz amarekin egotetik, urtean 24 orduz ikustera pasatuko da”. “Ama duen Maria Lizarraga, Burlatako euskal presoa ikusteko hilean bi ordu besterik ez du izango, eta 950 km baino gehiago bidaiatu beharko ditu horretarako”, azaldu zuten plataformatik.
Azkenik, azpimarratu zuten lehentasuna dela Izadi gurasoekin batera kalera ateratzea “horretarako mila modu daude, borondate kontua da, besterik ez”.