Presoak arrisku handiko kolektiboa izanda, berehala txertatzea eskatu du Etxerat elkarteak

"Lehentasunezkoa da preso guztiak txertatzea, PCR probak egitea, berrogeialdiekin bukatzea eta komunikazio intimoak berreskuratzea" dio Etxerat elkarteak.

2021-ko apirilak 29

Etxerat Elkartetik azpimarratu nahi dugu presazkoa eta lehentasunezkoa dela preso guztiak txertatzea, eta ondorioz, lehenbailehen, azken hilabeteetan etendako komunikazio intimoak, familiarrak zein bizikidetzakoak berreskuratzea, gainera berrogeialdiei amaiera emanez.

Duela hamabost egun azpimarratu genuen premiazkoa dela osasuna eta segurtasuna lehenestea, eta, horrekin batera, gure senide presoen eskubideak errespetatzea, baina zoritxarrez, Espainiako Espetxe Instituzioek COVIDaren kudeaketaren inguruan hartzen dituen erabakiek presoen eta haien eskubideen murrizketak dakartzate.

EAEko, Kantabriako eta Leongo espetxeetan dauden presoei COVIDaren aurkako txertoa jarri zaiela jakinarazi dute, eta jakin badakigu ehuneko ehunean ez bada hau bete, bide onetik doala. Berriro diogu presoak arrisku handiko kolektibo bat osatzen dutela eta horregatik egoera honi erantzun egokia ematea ezinbestekoa dela, eta, beraz, Iruñeko espetxeko presoei eta Espainiako Estatuko gainerako espetxeetako presoei ere premiaz txertoa jartzea eskatzen dugu.

Horrekin batera, uste dugu presoei PCR probak egitea izan daitekeela berrogeialdiekin amaitzeko neurri egokia. Proba horiek, bai lekualdaketen aurretik, bai behin helmugara iritsitakoan egin beharko litezke. Neurri hori, halaber, barne-komunikazioak eta familia-komunikazioak egin ostean aplikatu daiteke. Ezin da onartu berrogeialdietan preso batzuek ziega partekatu behar izatea, adibidez, baimenetik edo beste espetxe batzuetatik itzuli diren presoekin.

Berriro diogu; txertaketa, berrogeialdien amaiera, PCR probak egin eta duela hilabete batzuk eten diren komunikazio intimoak, familiarrak zein bizikidetzakoak, berehala berreskuratu. Ezinbestekoa da. Hori da guk proposatzen duguna.

Gehiago