“Askatasuna” lelopean euskal preso politikoen etxeratzea eskatuko du Sortuk datorren larunbatean Hego Euskal Herriko hiriburuetan
Apirilaren 17ko Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela eta, Sortuk konponbide politikoak exijituko ditu arazo politikoentzat, eta horrek preso politikoen aferari irtenbidea ematea esan nahi duela azpimarratu nahi izan du. "Jauzi bat" emateko ordua dela diote "preso eta iheslari guztiak etxera bidean ekartzeko". Horretarako kontsentsu zabalak eta mobilizazio soziala funtsezkoak izango direla esan du Sortuk.
2021-ko apirilak 11
Apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, manifestazioak iragarri ditu Sortuk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, ‘Askatasuna!’ lelopean.
Sorturen Kontseilu Nazionaleko Haimar Altuna eta Kizkitza Gil de San Vicentek ‘Askatasuna!’ izenburuko adierazpenaren berri eman zuten atzo egindako agerraldian, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko ordezkari izan diren hainbat pertsonak ondoan zituztela: Argi Perurena, Oihana San Vicente, Arantza Garbaio, Xabier Alegria, Jon Salaberria, Xabier Arin, Xabier Ezkerra, Pello Eskisabel, Kubati, Jokin Aranalde, David Pla eta Begoña Uzkudun.
Lehenik eta behin, euskal preso eta iheslari politikoak gatazka politikoaren ondorio eta adierazle direla aipatzen du Sortuk. “Gatazka politiko horren jatorrian Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidearen ukazioa dago. Francoren ondoren eratu zen 78ko Erregimenak ez zion arazo politiko horri erantzun demokratikorik eman; ez zuen aurreko erregimenarekin hautsi. Eta horrek, gure herriaren etorkizuna kolokan jartzeaz gain, gatazkaren luzamendua ekarri du, alde anitzeko sufrimendua, milaka euskaldunen espetxeratzea”, dio adierazpenak.
Bestalde, hamarkada hauetan espetxean, ihesean eta deportazioan egon diren militanteei aplikatu zaizkien neurri guztiak “kolektiboak eta politikoak” izan direla gogoratzen du Sortuk, eta horrek helburu zehatz bat izan duela uste du Sortuk: independentismoa kaltetzea. “Horregatik ez daude oraindik etxean, ETAk borroka armatua utzi zuenetik dagoeneko hamar urte igaro diren arren”, dio alderdi independentistak.
Azken hamarkadan, gatazka bideratzeko “urrats erabakigarriak” egin dituzte ezker abertzaleak eta euskal jendarteak eta hortaz “baldintza eta adostasun nahikoak eraiki dira Espainiako Estatuak ere, orain arte ez bezala, konponbideari hel diezaion”. Sorturen iritzian, bada garaia “arazo politikoei konponbide politikoak” emateko. “Espainiako Estatuak ezin du beste aldera begiratu. Euskal Herriarekin eta Kataluniarekin duen arazoari eta, oro har, lurralde auzia deitu izan zaion horri, konponbide demokratikoa eman behar diola barneratu behar du behingoz”.
Preso eta iheslari politikoen auziaren konponbideari dagokionez, azkenaldi honetan konponbidearen norabidean urratsak ematen hasi dela onartu du Sortuk, baina “jauzi bat” eman behar dela ere pentsatzen dute, euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxera ekartzeko. “Elkarbizitza demokratikoak preso politikoen askatasuna eskatzen du eta horretarako, orain arte bezala, adostasun zabalak eta mobilizazio soziala funtsezkoak izango dira. Soilik euskal jendartearen aktibazioak berma dezake ireki den aukera bururaino eramango dugula”.
Mobilizazio sozialari bide emateko, datorren larunbatean apirilak 17, Preso Politikoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ‘Askatasuna!’ lelopean Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazioak antolatu ditu Sortuk. Iruñean hitzordua arratsaldeko 17:00etan da, eta martxa Sarasate Pasealekutik abiatuko da.
Bestalde, ‘Presoen askatasunaren bidean: lorpenak eta erronkak’ izenburupeko mahai inguruan, hainbat azalpen eskainiko dituzte asteazkenean, hilaren 14an, Rufi Etxeberria eta Oihana Garmendia Sortuko kideek, Ion Telleria kazetariak gidatuta. Ekitaldia streamming bidez jarraitu ahal izango da alderdiaren YouTubeko kanaletik, 19:00etatik aurrera.