Karta Sozialak alternatiba ekosozial justua aldarrikatuko du larunbatean Iruñean eta Bilbon

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon.

2024-ko maiatzak 6

Irailean 40 kolektibo sozial baino gehiago bildu ziren Ozaetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolatutako “Su txikien itsasoa” izeneko topaketan. Bertan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan hainbat mugimendu eta kolektibo sozialek egunero garatzen dituzten borrokak batzeko aldarrikapen komunen eraikuntzan aurrera egin zuten. “Borroka horiek guztiak dira beharrezko aldaketa ekosozialaren oinarriak, eta beharrezkoa den alternatiba ekosozial hori elkarrekin bultzatu nahi dugu”, dio Karta Sozialak.

Eragile guzti horien artean eredu ekonomiko, politiko eta sozialaren aldaketaren bide orria adostu zuten, 7 ardatzetan sailkaturik: pertsona guztientzat bizitzeko moduko planeta bat, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat eta ez gutxi batzuen onurak lehenesten dituenak, lanaren birbanaketa eta aitortza, subiranotasunen sustapena, pertsona guztientzako eskubideak, gerrari eta gastu militarraren igoerari uko egitea eta plangintza eta parte-hartze demokratikoa.

“Ziur gaude norabide horretan ibiltzeko ezinbestekoa dela gizartea aktibatzea”, eta horregatik antolatu dituzte larunbateko mobilizazioak.

Gehiago