Tokiko banaketa sustatu nahi duen Ziclo-P kooperatiba jaio da Iruñean, Glovo eta Deliveroori alternatiba izanik

Bizikleta gainean, eskariak partitzeari ekin berri dio 12 lagunek osatzen duten kooperatiba honek. Bestelako banaketa enpresa erraldoiek duten sistema zapaltzailearen gainetik, langilea erdigunean jartzen duen enpresa da Ziclo-P.

2021-ko uztailak 17

Naiz Irratian Ziclo-P kooperatibari egindako elkarrizketa.

Bizikleta gainean eta pedalei eraginez, hasia da dagoeneko Ziclo-P enpresa Iruñean banaketa lanetan. Tokiko banaketa etikoa egiten duen mikro kooperatiba berri bat da Ziclo-P, eta pasa den astean ireki zituen ateak Iruñean.

Banaketa bizikleta bidez egitearen aldeko apustua egiten du enpresak. Izan ere, bertako langile den Carlos Martinezek azaldu digunez, hiria ez kaltetzeko irtenbide ekologikotzat dute bizikleta: «Hirian ez du kontaminatzen, ekologikoa da, eta gainera, beste garraio erosoetan ez bezala, ez du soinurik egiten».

Bizikleta hiriko garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa erabiltzea sustatu nahi dute beraz, baita langileen bizitza erdigunean jartzea ere. Sektorea profesionalizatuz, lan-eskubideak errespetatuz eta tokiko merkataritza bultzatuz, banaketa jasangarri eta eraginkorrerako alternatiba bat sortzeko helburuarekin sortu da Ziclo-P, eta Martinezek argitu digunez, maila sozial eta ekonomikoan ikuspegi eraldatzailea duen kalitatezko zerbitzua eskaintzen dute, eta hain justu, horrek bereizten du enpresa hau bestelako banaketa enpresetatik:«Gure kasuan, guk geuk erabakitzen ditugu sartuko ditugun ordu kopuruak, gure soldatak, gure baldintzak… Gainera, Glovo bezalako enpresetan, langileak irabazten duen dirua banatzen dituen eskaeren araberakoa da, eta, Ziclo-Pn, berriz, ordu kopuruen arabera irabazten dugu».

12 langilek osatzen dute enpresa, baina atzetik laguntzaileak dituzte, euren proiektuaren alde egiten dutenak. Horietako bat da Katakrak liburu denda eta jatetxea. Martinezek kontatu digunez, Katakrak-ek euren proiektua babesten duen bitartean, Ziclo-Pk euren janaria eskaintzen die bezeroei, eta horrek hauspotzen ditu Katakrak eta Ziclo-Pren biziraupena.

Plataforma eta aplikazio bidez funtzionatzen du enpresa honek, eta Martinezek kontatu digu oso sinplea dela eurekin harremanetan jartzeko prozesua: «Gure aplikazio edo plataformaren bidez eskaintzen ditugu aukera ezberdinak, eta jendeak, besterik gabe, bertan sartu eta nahi duen hori eskatu besterik ez du egin behar».

Bi aste dira ateak ireki zituztela. Martinezen hitzetan, oso balorazio positiboa egin dute gaur arte. Izan ere, eskari andana jaso dituzte dagoeneko, eta hori ateak ireki berritan oso pozgarria dela aitortu du: «Jendeak ondo hartu du gure iniziatiba hau, eta laguntzen ari zaizkigu, gainera; bai kolaboratzaileak eta baita bezeroak ere».

Gehiago