«Eskerrik asko Mirentxin», Etxerako Kunda irrati saioan sakabanaketan bide lagunak izan direnei esker onak
Amaitu ditu espetxeetarako bidaiak Mirentxin ekimenak. Dozena bat urtez dispertsio politika arintzeko ezinbesteko bidaia laguna izan da presoen senideentzat. Naiz Irratiko Etxerako Kundaren 5. saioan erabiltzaileen esker mezuak izan dira protagonista.
2022-ko urtarrilak 19
Mirentxin gidarien elkartasun sareak amaitu du 1999ko urrian hasitako ibilbidea. Ordutik hona ehunka izan dira asteburuz asteburu furgoneta hartu eta bi estatuetan barrena kartzelaz kartzela senide eta lagunak eraman eta ekartzen ibili direnak.
Ez da asko esatea hamaika istripu eta ezbehar ekidin dituela eta dispertsio politikaren eragina are krudelagoa zatekeela bolondres hauek handira jo izan ez balute. Sekula ezingo zaie behar beste eskertu 22 urtez, astero-astero, erakutsi dituzten enpatia eta maitasuna.
Etxerako Kundaren bosgarren emanaldi honetan Mirentxineko bolondresentzako agurrekin bete dugu programa erdia. Gari, Enara, Marian, Oier eta Adur, Indixu sendia, Arantxa, Amaia, Edurne… senide eta lagunen lagin txiki bat baino ez, baina balio beza guztion esker ona adierazteko.
Horrez gain, kartzeletako aktualitatearen berri eman dugu astero bezala, eta Aratz Estonbak ziega zuloan zela idatzitako olerkia partekatu du entzuleekin, hausnarketa bat abiapuntuan: «beldurra librea da, horregaitk gaituzte gu preso?»