Zertarako joan ekainaren 4ko manifestaziora?

Gobernua eta gainerako erakundeak babesteko euskararen alde hartzen dituzten neurrietan eta erabaki gehiago har ditzaten bultzatzeko .

Sagrario Aleman eta Joxerra Olano (IKAko irakasleak)

2016-ko maiatzak 24

Euskaraz badakigu. Gobernua aldekoa dugu. Zertarako kalera atera, beraz, ekainaren 4an? Gobernua aldekoa izan arren, herritarrok euskaraz bizi nahi dugula adierazten ez badugu, zail izanen dute gobernukoek inolako neurririk hartzea. Gobernuak, ia urtebeteko bidea egin duen

honetan, oraindik urrats handirik ez du egin, eta nahiko uzkur ikusten dugu; horregatik,

ausartago joka dezatela eskatuko diogu euskaldunok Iruñeko karriketan. Euskaraz bizi nahi

dugunok administrazioak ematen dituen zerbitzu guztiak gure hizkuntzan jaso nahi ditugu, eta,

horretarako, administrazioak langile euskaldunak hartu behar ditu, gainerakoan hurrengo

berrogei urtean bigarren edo hirugarren mailako herritarrak izaten segituko dugu.

Lehen eta orain ere euskaldunoi gure herrian gure hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigula

salatzeko.

Euskaldunok pribilegio sobera dugula esaten duten horiek isilarazi nahi ditugu ekainaren 4an.

Behin eta berriz euskaldunok gure hizkuntza inposatu egiten dugula eta erdaldunak baztertuta

daudela dioten horiei azaldu nahi diegu egunero eta bizitzaren arlo guztietan erdara

erabiltzera behartzen gaituztela gure gogoz kontra. Gogoratu bestela helduok euskara ikasteko

oztopo ikaragarriak, Nafarroa osoan eskolan euskaraz ikasi ahal izateko zailtasunak, Iruñeko

haur eskolen gaineko epaia, ETB ikusteko debekuak…

Hizkuntzaren normalizazioa erdiesteko indar nagusia herritarrak garela gogorarazteko

Orain arte herritarrak izan gara euskaraz bizitzeko bideak irekitzen hasi garenak eta euskarari

eutsi diogunak. Ahalegin handiak egin ditugu irakaskuntzan, komunikabideen alorrean,

euskararen aldekotasuna zabaltzen eta batez ere erabileran. Eta aurrera ere, herritarrok ari

beharko dugu, bereziki euskaldunok, ahal dugun neurrian administrazioekin batean, euskaraz

bizitzeko bidea egiten. Horretarako prest gaudenak asko garela erakutsiko dugu beste behin

ere ekainaren 4an Iruñean. Elkarren ondoan gure asmo hori indartuko dugu.

Zatozte, beraz, ekainaren 4an Iruñera, eta bide eman euskarari, bide eman bidegabekerien

aurrean barnean duzuen amorru horri!

Gehiago