Zerbait egin beharko dugu, ezta?

Urte berriaren atarira iristen garenero, ohikoa da atzean utziko dugun urtearen balorazioak entzutea. Pandemiak, gerrak, mugetan hildako pertsonak… Agerikoa da mundua ez doala ongi, eta gauzak hobera aldatzeko itxaropen falta nabarmen hedatua dagoela. Ni ere gauza txar horietako bati buruz arituko naiz lerrootan.

Iker Narbona Beitia, Iruñerriko Kontseilu Sozialistako eta Etxebizitza Sindikatuko kidea

2022-ko abenduak 29

Gure bizi-bitartekoen prezioen gorakada ez da gauza berria, baina inflazioak goia jo du azken urte eta erdian bereziki. Ez hori bakarrik: gure diru-sarrerak aspaldidanik izoztuta daude eta zerbitzu publikoen multzo gisa ezagutu dugun arloan ere nabari ditugu krisiaren ondorioak. Laburbilduz: gure bizi baldintzen aurkako erasoaldi betean gaude. Nor da “gu” hori, baina? Erantzuteko, horra hor batzuentzat zaharkituta dagoen hitz bat, paradoxikoki inoiz baino gaurkotasun handiagoa duena: proletariotza. Bizirauteko soldatapeko lanaren diziplina sozialari azpiratzea beste aukerarik ez dugun pertsonon multzoa, alegia. Eta nork darama aurrera aipatutako erasoaldia? Batetik, enpresariek. Ez gaiztoak direlako, baizik eta krisi garaian euren etekinak mantentzeko bideak topatu behar dituztelako, horien arteko bat izanik gure soldatak ahalik eta gehien zukutzea. Eta bestetik, politikari profesionalek eta euren instituzioek. Gizarte honen erreprodukzioa bermatu behar dutenez, hartzen dituzten neurriek pobretze-joera honi mesede egiten diote halabeharrez.

Azken hilabeteotan sortu diren Laneko Autodefentsa Sare eta Etxebizitza Sindikatuek egoera honi erantzuteko proposamen bat mahaigaineratu dute: autodefentsa sozialista antolatzea. Zer esan nahi du horrek? Gure bizi baldintzen aurkako erasoen aurrean defendatu eta garaipen txiki bakoitza gizarte-eredu bidegabe honen aurkako indar bilakatzea, gauzak errotik aldatzera bidean. Horretara datoz abenduaren 30ean Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta Euskal Herriko beste hainbat txokotako Kontseilu Sozialistek deitutako mobilizazioak. Izan daitezela aletxo bat gehiago autodefentsa sozialista indartu eta hedatzeko, eta etsipen garai hauetan zerbait egin daitekenaren itxaropena pizteko.

Gehiago