Zer da kale borroka?
Martxoaren 11n “Errepresioari autodefentsa” dinamikak manifestazioa zuen deituta Iruñean. Deialdiaren helburua, hilabete oso baten ekimenari amaiera ematea eta Euskal Herrian herri mugimenduen aurka gertatzen ari diren errepresio kasuen salaketa egitea zen.
Sendoa Jurado Garcia. Kale borrokagatik preso ohia.
2017-ko martxoak 19
Beraz, komunikabide gehienek esan zutenaren kontra, manifestazioa ez
zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitu, eta ez zen amnistiaren aldekoa
izan. Kontua da askoz errazagoa dela edozein gauza kriminalizatzea
lehenagotik lana aurreratuta baduzu. Baina ez da ezer gertatzen, boterea
daukanak bitarteko ugari erabil ditzakeelako bere gezurrak jendearen begien
aurrean egi bihurtzeko. Dena da ATA eta listo, ATA existitzen ez bada ere.
Existitzen dena Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua
da.
Edozein kasutan, poliziak manifestazioa galarazteko saiakerak aspaldi
ikusten ez genituen bezalako enfrentamenduen irudiak utzi zizkigun, eta irudi
horiek era guztietako iritziak, nahiz eta espero genezakeen moduan,
instituzioen alfonbren gainean ibiltzen ohituta dauden guztiek indar gehiena
manifestarien aurka erabili zuten, bakea eta normalizazioari buruzko hitz
panpox bezain faltsuak botaz.
Lau atxiloketa eta hiru espetxeratze utzi zizkigun poliziaren errepresioak,
denak adin tarte berekoak eta herri berekoak. Eta hemen susmagarriak ez dira
gazteak, susmagarria den bakarra da kaputxadun mordoaren artean eta sortuta
zegoen kaosarekin, atxilotutako guztiak lagun kuadrila bat ematen duena
izatea, eta ez talde heterogeneoago bat. Ondorioa: poliziaren beste muntaia
baten aurrean gaudela, eta ez dela egia gazte hauek istiluen erdian atxilotu
zituztenik. Hori ez dago sinesterik! Taberna batean, edo kotxerako bidean
harrapatuko zituzten seguruenik.
Puntu honetara iritsita, gustatuko litzaidake gogora ekartzea zertarako
erabili den, ikuspuntu politiko batetik, kale borroka izenez ezagutu den
fenomenoa, azken egunetan altxatutako hainbat ahotsi erantzuteko (pentsatzen
dut Iruñeko manifestazioan gertatu zena, kale borroka deitu dioguna baino,
enfrentamenduak izan zirela, nahiz eta dena herri borrokaren barnean sartu
dezakegun).
Kale borrokaren bitartez, berarekin ados egon ala ez, herriak gazteriaren
aurkako razzia polizialak salatu ditu; borroka mota honekin herri honek
kuarteletako ziega ilunetan torturatuak izaten ari zirenen oihu urratuak
entzunarazi ditu; molde honen bitartez herriak bere haserrea erakutsi du gerra
zikinaren erailketengatik eta presoen borrokaldiak harresien alde honetara atera
ditu kartzelaren opakotasunean geldi ez zitezen. Kale borrokaren bitartez estatu
biolentzia neurrigabearen aurrean beste alde batera begiratzen zutenen
kontzientziak astinduak izan dira, eta ikusi nahi ez zuenak ere ikusi behar izan
du, une batez baino ez bada ere, mundu honetan haien zilborra baino zerbait
gehiago existitzen dela; kale borroka Estatu espainolaren jarduera politikoa eta
errepresiboa baldintzatzeko ezinbesteko tresna izan da. Eta uste dut, gustatu
ala ez, orain esan dudan guztia zerbait objektiboa dela, borroka molde horrekin
ados ala bere kontra egonda.
Ez dira hainbeste urte pasatu Alfredo Perez Rubalcabak, garai hartan
Espainiako Gobernuko Barne Ministroa izanik, ETAren su etenaren amaierari
erantzuteko Euskal Herrian hiru zifretara helduko zen atxiloketa kopura
burutuko zuela iragarri zuenetik. Hiru zifra horiek ez ziren 100 atxiloketa izan,
atxilotuen kopurua, hilabete gutxiren buruan, 200era iritsi baitzen. Eta ez legoke
txarto ikustea ere, ze herrietan, ze ordenetan eta zer leporatuta sartu ziren
poliziak, horrela atxiloketa horien inguruko irakurketa egin ahal izateko.
Atxiloketen helburua Ezker Abertzalearen belaunaldi berriak kolpatzea
zen, hau da, mugimenduaren oinarriak apurtzea eraikin osoa eror zedin.
Poliziak Segikoak izatea leporatzen zien gazteak atxilotu eta torturatu zituen
Euskal Herri osoan zehar, han eta hemen eta era indiskriminatuan, baina
lehenago, 2007an hasita, kale borrokako ekintzak ohikoak ziren herri eta
eskualdeetan sartu ziren, herri bakoitzean 10 eramanda, haien artetik bi edo
hiru kale borrokan ibiltzen zirenak izango zirela pentsatuta (Gasteiz, Lea-Artibai,
Uribe Kosta, Donostialdea, Oarsoaldea, Barakaldo, Iruñerria).
Laburbilduz, Rubalcabak erabaki zuen oso erantzun sendoa eragin
zezaketen operazioak burutu aurretik, lehenengo kale borroka suposatzen zuen
erantzun ildoa ezabatu behar zutela errepresioa modu askoz ere lasaiagoan
aurrera eraman ahal izateko. Kale borroka ez zen, beraz, Estatuarentzako
errepresiorako aitzakia merkea, azken garaietan ikusten ari garen moduan
horretarako aitzakiarik ez duelako behar, baizik eta kale borroka Estatuaren
egonkortasunerako arazo garrantzitsua zela. Soilik horrela uler daitezke 90eko
hamarkadatik aurrera horretan parte hartzeagatik ezarritako zigor neurrigabeak.
Iruñeko istiluetara itzulita, ikusten ari garena zera da: atxiloketen,
poliziaren jardueraren eta adierazpen askatasunaren urraketaren aurkako
diskurtsoa baino, herri mugimenduaren aurkako diskurtso erasokorra darabiltela
garai batean herria sutan jartzeko gonbitea egiten zutenek.
Poliziari aurre egin zietenen aurka egiteko manifestarien adina erabili da,
gainontzekoek eraikitzen dutena deuseztatzeko helburua zutela esan da,
gehiengoaren kontra doazela, diskurtsorik ez daukatela, alternatiba bat
eskaintzeko gai ez direla, deitzaileek botata utzi dituztela atxilotuak, irudiak
iraganekoak direla7 Hain zuzen ere historikoki PNVrik garratzenak Ezker
Abertzalearen aurka erabilitako argudio berberak. Soilik falta izan zaie esatea
gazte hauei atari batean ematen dietela dirua liskarretan parte hartzeagatik.
Manifestarien jarrera infantilizatzeko joera da nagusi, eta horretarako
manifestazioaren inguruan dagoen edozer deskalifikatzeko saiakera dago,
atxilotuekiko elkartasunetik hasita. Deitzailea Amnistiaren Aldeko Mugimendua
izan ez zen arren, honen aurka zentratu da erasoa gehienbat. Zentzu horretan
esan beharra dago Amnistiaren Aldeko Mugimendua atxiloketak gertatu ziren
une beretik saiatu dela senideekin harremanetan jartzen, telefonoz ere
harremana egitea lortu duela, eta senide eta lagun batzuekin hitzordua jarri eta
gero, hauek ez zirela agertu. Ezetz asmatu nor dabilen honen atzetik?
Infantilizazio saiakera honekin jarraituz, badago atxilotuak engainatuak
izan direla iradokitzeko joera bat. Eta iradokizun hori badator, hain zuzen ere,
urtetan zehar gazteriaren burua berotzen ibili direnen partetik. Hiru preso
gehiago egonda zer irabazten den galdetzen duten berberek, haien hitz eta
erabakiekin ehunka pertsona kartzelarako bidean jarri dituztenak dira. Eta hor
ere badago ezberdintasun bat, eta da ez nik ezta nire ingurukoek ere ez dugula
sekula inor gu joan ez garen leku batera bidali. Kritikatzen gaituzten askok ezin
dute gauza bera esan.
Baten batek esan du horrelako borroka moldeek preso gehiago eragitea
besterik ez dutela lortzen. Eta nik erantzuten diot helburua presorik ez egotea
baldin bazen nahikoa genuela borroka ez eginda. Baina hemen eztabaida beste
bat da. Benetan da posible presorik eragiten ez duen borroka eraginkorrik
burutzea? Hala bada, gustatuko litzaidake jakitea noiz eta non eman den, eta
oraindik mantentzen dugun eskubide apurretatik zein lortu dugun lehenago
gorriak ikusi gabe. Gustatuko litzaidake jakitea non lortu den bide instituzional
hutsetik eraikitako garaipenik. Gustatuko litzaidake jakitea ere desobedientziaz
hitz egiten dugunean norbaitek jarri ahal didan desobedienteentzako ondoriorik
izan ez duen esperientzia bakar baten adibidea. Desobedientziaren garaia
omen da, eta Iruñean inori baimenik eskatu gabe manifestatzea desobedientzia
praktikara eramatea izan zen, bere ondorio guztiekin.
Beste kontu bat da borrokatzen ditugun helburuek tamainako bidesaria
ordaintzea merezi digun, baina hor hasten den eztabaida beste bat da, eta
batzuek ez dute eman nahi izango daramatzaten mozorroak agerian gelditu
daitezkeelako.
Honekin jarraituz, eta kartzelan daudenei egiten zaizkien presioen
artean, herri honetan denetarik ikusi ahal izan dugu presoen senideen partez.
Oso aspaldi publikoki haien semearen jardueraz arnegatzen zuten guraso
batzuen gutuna ikusi genuen El Paisen publikatuta, ia-ia haien semearen
guraso izateari uzten ziotela esanez. Polizia nazional baten semea ikusi dugu
kartzelan sartzen ETAkoa izatea leporatuta. PSOE, PNV eta PPkoen seme-
alabak ikusi ditugu herri honen alde borroka egiteagatik kartzelan sartzen, eta
inoiz ez zaigu burutik pasatu haien senideengan gelditzen zenik presoen
ordezkaritza politikoa.
Oraingo honetan barrukoenganako presioa ez dator atxilotuak preso
ikusi nahi dituztenen partetik, kalean libre ikusi nahi dituztenen partetik baizik.
Horretarako senide eta atxilotuen beldurra erabiltzen da, duintasun jarrerak
mantenduz gero haien irteera zailagoa izango dela esaten zaie, eta horrelako
gezur bat oinarri hartuta, atxiloketak salatzea baino borroka molde jakin
batzuen aurka egitea helburua duten manifestazio isiletara pasatzen gara.
Senideei esaten zaie euren semeentzako babesa nahi izanez gero, jarrera
politiko jakin bat hartu behar dutela. “Nire semeak ez zekien7”, “ekintza
kulturaletan hartzen du parte”, “era guztietako biolentziak gaitzestearekin bat
dator7” Baina zertaz ari gara? Zuen semeak oso jatorrak dira biolentziaren
aurka daudelako, gainontzeko manifestari guztiak, ordea, zer dira zuentzat?
Putakume galantak ala? Zuen diskurtsoaren zein lerrotan egiten diozue kritika
poliziari? Jarrera onartezina iruditzen zait. Inoiz ez zait gustatu haien seme-
alaben jokaerak gainontzeko lagunen “influentzia txarren” eraginagatik
justifikatzen dituztenak. “Nire seme-alabak zintzoak dira baina auzokidearenak
pieza galantak!”.
Ni neu kartzelan egon naiz kale borrokan aritzeagatik, eta inoiz ez
zitzaidan burutik pasatu ardura beste inori pasatzea, inoiz ez nuen esan beste
batzuen jardueragatik nengoela preso edo beste batzuen jarduerak nire
askatasuna lortzeko traba bihurtzen zirenik. Inoiz ez nuen esan inork engainatu
ninduenik, eta inoiz ez nuen eskatu nire askatasunaren aldeko kale borrokako
ekintzarik egin ez zitezen nire egoera pertsonalari kalte egiten ziolako, gure
aurka zegoen eskaera fiskala bakoitzarentzako 33 urteko kartzelakoa baldin
bazen ere.
Inoiz ez nuen nire erabaki militanteen gaineko jarrera auto-gupidatsua
hartu, eta inoiz ez nuen onartu nire alboan zeuden gainontzeko militanteekiko
tratu ezberdintasunik. Ez nuen onartu “odol delituak” dituen eta “banku bat
erretzea bezalako txikikeria” egin duenaren arteko banaketa interesatua. Denok
ginen borroka berberaren ordezkari, bere adierazpide ezberdinetan. Denok
ginen militante politiko kontzienteak.
Azken hausnarketa bat egin nahiko nuke. Azken egunetan entzun
ditugun kritiken artean badago bat bereziki amorratzen nauena, eta hori da kale
borroka inork ulertzen ez duen jarduera bat dela dioena. Laburki bada ere
azpimarratu nahiko nuke estatuen biolentziari aurre egiteko pairatu dugun
porrota ez dela poliziala ezta militarra izan. Pairatu dugun porrota politikoa izan
da. Poliziak ez du ez borroka armatuarekin ezta kale borrokarekin ere bukatu,
inoiz ez duelako hauek asimilatzeko gaitasunik izan. Hainbeste urtetan gure
ordezkari politikoen papera jokatu dutenak ez dira gai izan gehiengo bati
azaltzeko hemen zegoena ez zela estatu demokratiko bat biolento batzuei aurre
egiten, baizik eta estatu faxista bati aurre egiten zion herri bat. Gaur poltronak
okupatzen dituztenek ez zuten zegokien lana behar bezala egin eta horregatik
pairatu dugu horrelako porrot ideologikoa. Denbora luzez nahi gabe egindako
akatsa zela pentsatu izan dut, baina orain badakit akatsik ez dela egon eta gure
lubakiak prestatzen zituzten berberak bizkarra ematen ari zitzaizkigula gerran
murgilduta geundenean ere.
Gehiago
2