Zer ari da gertatzen Nafarroako osasun publikoaren itxaron zerrendarekin?

Duela hilabete batzuk UPN zalantzan jartzen ari dela Nafarroako Gobernu berria, oro har, osasun publikoaz, eta bereziki, Erriberan, egiten ari den kudeaketa.

Txomin González eta David Mendaza, LAB Osasunbideko delegatuak

2016-ko irailak 13

Itxaron zerrendari buruzko datuak ezagutarazten dituzte itxaron zerrendetan agertzen diren gaixoen kopuruan, tarteka, igoerak ematen direla salatzeko; beraiek 20 urteko kudeaketan zaindu nahi ez zituzten sorospen premiez baliatzen dira aipua kentzeko (Eguneko Ospitalea/Onkologia, larrialdiak handiagotzea, hemodialisia, ekipamendu berriak…); ez dira gauza neurri bakar ere proposatzeko UPNren agintaldian sortu zituzten arazoak konpontzeko. 

Gai hau argitze aldera, Osasunbidearen jarduera-memorietan jasotako datu ofizialak azaltzea erabaki dugu. Horrela, azterketa soil bat eginez, itxaron zerrendetan eman den igoeraren jatorria eta Tuterako eta gainerako Nafarroan Osasunbidean baliabide teknikoak eta humanoak behar bestekoak ez izatea zehaztuko dugu. 

LABen irudikoz, UPNren azken legegintzaldia erabakigarria suertatu da, haren buru Marta Vera Osasun Sailburua zenekoa. Haren agintaldian langile kopurua 10.150etik 9.550 pertsonetara murriztu zen Osasunbidean. Kopurua %6an urritu zen hortaz. Aipatu murrizketen ondorioz sorospen jarduera izugarri kaskartu zen. 

Osasunbidearen jarduera-memorietan jasotzen diren datuon arabera, 2011. urtean 43.996 kirurgia-ebakuntzak egin ziren, eta 2014. urtean 36.690, hots, 7.306 gutxiago. 

2011. urtean, espezialitateko lehen kontsultak 359.303 izan ziren, eta 2014.ean, lehen kontsultak 351.864 izan ziren, hots, 7.439 gutxiago. 

2011ko irailean kirurgiako itxaron zerrendetan 8.760 pertsona zeuden, aldiz, 2014ko abenduan 9.488 ziren, 728 pertsona gehiago alegia. 

Espezialisten lehen kontsultako itxaron zerrenda, 2011. urtean, 31.264 pertsonetakoa zen, 2014ko abenduan, 60.567 ziren. 2011. urtean, bisitak egiteko batez besteko itxaronaldia 26 egunetakoa zen; 2014. urtean, 42 egun izan ziren. 

2011. urtean, ebakuntza egiteko batez besteko itxaronaldia 77 egunetakoa zen; 2014. urtean 102 egunetakoa. 2011. urtean, ebakuntza egiteko, sei hilabete baino gehiago zain zeuden pertsonak 1.378 izan ziren; 2014ko abenduan, 1.758. 

UPNren azken legegintzaldian Nafarroako Gobernuan, osasunerako aurrekontua %18an urritu zen. Galiziaren atzetik, bigarren murrizketa handiena. Aurrekontuan emandako galerak berekin ekarri zuen hainbat proiektu baztertu zirela, adibidez, Tuterako Ospitaleko instalazio berriak, laborategi zentralizatuak, ekimen egitasmoak abiaraztean atzerapenak (kolon minbiziaren prebentzioa, gaixo kronikoen eta pluripatologikoen… zaintza) edo bestela, diagnosia egiteko instalazio berriak eraberritzea eta ezartzea (erresonantziak, ekografoak, PET,…). 


LABek argi dauka, aurrekontuak eta langile kopurua urritu izanak ekarri dituela jarduera jaitsiera eta itxaron zerrendan dauden gaixo kopurua handitu izana. 

UPNek eragin zuen hondamendia leunduko lituzketen neurriei ekitea ez da erraza izango. LAB guztiz kritikoa da egungo Osasun Sailburuak hartu dituen hainbat eta hainbat erabakiekin, adibidez, UPNk hautatu zituen zuzendaritza askori eustearena. LABen ustez, oinarrizkoa deritzagu lanpostu horiek profesionalizatzeari eta berdintasuna, gaitasuna eta meritua errespetatuko duten meritu-lehiaketen bidez hornitzeari, non langileek zuzenean parte hartu ahal izango duten hautagaien baremazioan.

Jarduera berreskuratzeko, osasungintza behar besteko aurrekontuaz hornitzen dela bermatu behar da ezinbestean. Horrek ahalbidetuko luke langile kopuru dimentsionatua eta egonkorra izaten, behin behineko milaka kontratuak lanpostu finko bilakatuz. Nafarroako egungo Gobernuak hobera egin du alor honetan; hala ere, oraindik urrun gaude behar denetik. Aldarri horretan bat egingo dugu, osasun publikoarentzako aurrekontu gehiago eskatzen. 

Eta zertan dabil UPN? Ba zinismo eramangaitz batez dihardu. Alde batetik, bere jardunak ekarritako ondorioez kexu da: alde batetik, CUN-ari (Opus) jarduera gehiago eman diezaioten eskatzen du, eta bestetik, haren agintaldiak sortu zituen itxaron zerrendak salatzen ditu. Jukutria horren bidez ezkutatu nahi dute beraiek Nafarroako osasungintzaren kudeatzaile negargarriak izan zirela. Honez gain, osasun arloa nahita erabiltzen ari dira Erriberaren eta gainerako Nafarroaren artean gezurrezko dikotomia sortzeko, berez, denoi antzeko arazoak eta beharrak eragiten digutenean.

Gehiago