Zarata gehiegi
Indarkeria sexistarik ez plataforma
2025-ko azaroak 17
Badirudi azken sexu-erasoei buruz komunikabideetan sortu den zarata mediatikoa, irainak, morboa eta kazetaritza horia apaltzen hasi direla; horregatik, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformatik beharrezkotzat jotzen dugu gure jarrera argi eta garbi azaltzea eta partekatzea.
Iruñeko erasoei aurrea hartzeko eta erantzuteko protokoloak aitzindariak izan dira eta izaten jarraitzen dute. Lan kolektiboaren, kontsentsuaren, ikerketaren eta, batez ere, emakume erasotuaren borondatearekiko errespetu absolutuaren emaitza dira. Emakumearen erabakia da garrantzitsuena. Mugimendu feministak eta herri- mugimenduak bultzatuta, protokolo horiek konpromiso komunitarioaren adibide argiak dira.
Sanferminetan aktibatzen da indarkeria sexistaren aurkako erantzun-protokoloa, egun horietan hirian gertatzen den edozein indarkeria matxista-motaren salaketa egiteko, eta Plataforma da, mugimendu feministarekin eta herri-mugimenduarekin batera, lidergoa hartzen duena. Gainerako jaietan, ospakizunetan edo ekitaldietan, auzo, herri eta ikastetxeetako talde feministek hartzen dute ardura hori irmotasun, dedikazio eta zenbait kasutan erresistentzia eta zailtasun are handiagoekin.
Indarkeria matxista egiturazkoa eta unibertsala da. Emakumeok indarkeria jasaten dugu jaietan, lanean, etxean, kalean. Neskatilek eta emakume helduek jasaten dute, Gorraizkoek eta Tuterakoek, eta indarkeria matxista, era guztietako erasoak, bata egunero gertatzen dira Iruñean eta Tokion.
Nafarroan, 2024an indarkeria matxistagatik jarritako salaketak %6,36 igo ziren 2023arekin alderatuta, eta guztira 2.224 salaketa aurkeztu ziren. Horietatik %63,35 indarkeria fisiko eta/edo psikikoaren salaketak izan ziren; %3,86 babes-agindua hausteagatik eta %16,59 indarkeria sexualagatik. Gainerakoa bestelako indarkeriei zegokien.
Indarkeria sexualari dagokionez, 2024an guztira 369 salaketa aurkeztu ziren, hau da, sexu-eraso bat baino gehiago egunero. Gizartean oso hedatuta dago indarkeria sexuala aisialdiko testuinguruetan, leku bakartietan eta ezezagunek egindako erasoekin lotzen duen uste oker eta partziala. Ikuspegi estereotipatu horrek ezkutuan uzten ditu emakumeen ingurune hurbilenetan gertatzen diren indarkeria sexual mota asko, eta horiexek dira maizen gertatzen direnak.
Datuak adierazgarriak dira: indarkeria sexualeko kasuen %73,4an salatua bikotea edo bikote ohia da; %14,03an senitartekoa edo ezaguna, eta salaketen %11,92an bakarrik ez du emakumeak inolako loturarik erasotzailearekin.
Datu hauek salaketei bakarrik dagozkie, baina ezin dugu ahaztu indarkeria matxistaren delituak eta bereziki sexu-erasoak oso gutxi salatzen direla. Uste da indarkeria sexualaren %5 eta %10 artean bakarrik salatzen dela. Asko isiltzen dira lotsagatik, ez sinestearen beldur, epaituak izateagatik edo salaketak dakarren esposizio mediatikoagatik. Izan ere, sexu-eraso bat kontatzeko, lehenik zeure buruari kontatu behar diozu, eta hori izugarria da.
Guk ez ditugu datuak asmatzen. Ez ditugu manipulatzen, ez eta gure komenientziaren arabera erabiltzen ere. Datu publikoak dira, eta patriarkatuarekin duten konplizitateagatik gogor kritikatu ditugun erakundeek ematen dituzte. Baina bada egia ikusi nahi ez duenik: egia haien kontakizuna hondatzen duelako; datuak ikusgarri egiteak eta zehaztasunez aztertzeak onartu nahi ez duten errealitate bat agerian uzten duelako; egia onartzeak ardura hartzea eskatzen duelako, eta ezin dutelako errua besteen gain jarri.
2024an Nafarroan egunero salatu zen sexu-eraso bat. Egunero emakume batek gutxienez sexu-eraso bat jasan zuen. Gaur, eta berdin du hau noiz irakurtzen duzun, Nafarroan emakume bat sexualki erasotua izango da edo dagoeneko izan da.
2025ean, urtarriletik abuztura, 203 emakumek salatu zuten indarkeria sexuala Nafarroan. Azken 20 hilabeteetan gutxienez 568 gizonek sexu eraso egin diete modu desberdinetan adin guztietako emakumeei. Batzuek ezagutzen ez zuten emakume bat erazutu zuten; gehienek, ordea, beren bikotekideari, alabari, lankideari, lagunari, arrebari, bikotekide ohiei… Eta hori da errealitatea. Hori dira datu ofizialak, baina baita Nafarroako ehunka emakumek urtero kontatzen duten kontakizuna ere, inori axola ez bazaio ere, inork entzun nahi ez badu ere.
Eta errealitate objektibo honen aurrean, post-egia. Batzuek beren pribilegioak eta interesak babesteko eraiki duten hori.
Mugimendu Feminista mugimendu burujabe, autonomo eta independentea da; ezin dute kontrolatu, eta ez dute kontrolatuko. Eta ziurrenik hori da batzuek duten arazoa: gu ez garela haien interesen menpeko, ez garela haien aurrean makurtzen. Azken egunotan behin eta berriro interpelatu gaituzte, baina guk ere baditugu galderak: Nork erabakitzen du zein eraso diren garrantzitsuagoak? Zein emakume dira inportanteagoak? Garrantzitsuagoa al da ezezagun batek erasotzea, bikotekideak egitea baino? Bikotekideak eraso egitea “normalena” denez ez al da berria? Nork darama morboaren eta kazetaritza horia-ren inertzia? Non geratzen da emakume erasotuaren borondatea? Zer lortzen dute emakume erasotuak berriz biktimizatuta? Norentzat dira interesgarriak sexu-eraso baten xehetasun makabroak? Nori egiten dio mesede zarata guzti honek? Axola al diogu norbaiti benetan emakumeok?
Badakigu zaila dela burua hotz mantentzea berehalakotasunak, komunikabideen erritmoek eta batzuen interes ilunek markatutako gizarte honetan. Baina ezin dugu onartu beste batzuek mugimendu feministaren agenda markatzea, eta haien interesek —gureak ez direnak— gure helburua aldatzea: denok aske izatea.
Plataformatik uste dugu protesta ez dela errutinazko ekintzatzat hartu behar; horrek bere indarra lausotzen du eta garrantzia kentzen dio. Eta edonola ere, mugimendu feministak erabakitzen du noiz, nola eta non hartzen duen espazio publikoa, UPNAko talde feministek egin zuten bezala.
Indarkeria sexistaren aurkako Emakumeen Plataformak emakumeok jasaten ditugun indarkeria mota anitzen aurka egiten du lan; indarkeria sexuala horietako bat da, beste askoren artean. Nafarroan, egunero bost salaketa jartzen dira gutxienez emakumeen aurkako indarkeria ezberdinengatik. Ziurtatzen dugun gauza bakarra da mugimendu feministak erabakitzen duen egunean kalera ateratzea emakumeok jasaten dugun eraso bakoitza salatzeko, ez dela izango elkarretaratze batera joateko: dena aldatzeko izango dela baizik.
