Villepinteko presoen esker gutuna
Kaixo! … eta mila esker!!! Hori baita hemendik, eta gure barru sakonenetik irtetzen zaigun oihua! Denbora pixkat pasa da espetxe honetako zuzendaritza aldatu zutela, eta espetxe-unibertsoa ezagun duenak dakien legez, murrizketak, aldaketak eta saltsa iritsi zaigula Villepintera.
Villepinteko EPPK
2016-ko urtarrilak 13
Ohikoa. Aldiz, ohikoa izanagatik ez atsegina, ez justua, eta ezta erraza ere gainditzen. Zaila! … zer egin ordea… egin! Eragin! Saiatu! Eutsi! Neurtu… bildu indarrak! Hori izan zen gure ondorioa, horixe lortu behar aurretik, aurrez-aurre ditugun murruei beste ezer gutxi urratzen lortzen hasteko. Eta hasi gara, zuei esker!
Ezta erraza, eta fruituak ere bapatean lortzea ere oso zaila izan ohi da. Eskarmentu handiko kideek hona heldu orduko esaten duten moduan, hau lasterketa bat bada… maratoia da, hori da antzekotasunik handiena duena. Lasai hartu beharra dago, indarrak neurtu, erritmoari eutsi eta burua hotz mantendu momentu txarretan. Hori, ehundaka babes oihu, keinu, txalo, bultzadarekin batera… zer esan ba! Ehundaka gutun iritsi dira Villepinteko espetxera, ehundaka taupada eta bizkarreko patio honetara. Nola ulertu hori, burokrataren harropuzkeriak, haren kontzientzia izoztuak, Xumearen (urrundu eta arroztuta ere) zenbaki soilak baizik ez diren hoien elkartasun sare estu eta apurtezin hori… ezinezkoa dute, ulertezina! Jasanezina! … Baina ein baten ere, aitortu ez arren, miresten dute, haiek ez duten zerbait delako. Inoiz izango ez dutena… Halakoxe herria tokatu zaigu…
Ez gaude egoera xamurrean, egia, baina gutxi bada ere, mugitu da… eta mugituko da gehiago aurrerantzean ere! Ez ditugu hasierako baldintzak berreskuratu, baina joango gara errekuperatzen! Gure arrazoiak adierazi dizkiegu, idatziz eta aurrez-aurre. Gure jarrera erakutsi diegu: Hitz egin dezagun, ados ditzagun baldintza minimoak. Kartelak jarri ditugu, eskuorriak banatu, janariari uko egin, patiotik ziegara igotzeko ukatu eta mitard-ean sarrera txiki bat ere izan dugu.. eta inposaketaren zentzugabekerian, atzerapauso txikiak ematen hasi da, zuengatik! 600-dik gora gutun! Ederra ikasgaia!
Lehenagotik argi ez bazuten, oraingotik ongi ikusi eta ikasi dute ez gaudela bakarrik (ez garela 3 preso), dispertsioak jende askori eragiten diola, injustua dela, eta Euskal-Herritarrak haren amaiera exijitzen dutela. Ikuspegia aldatu da eta espero dugu seriotasunean eta errespetuan ere aldaketak (hobera noski!) iristea. Beraz, jarraituko dugu aurrerantzean lanean dispertsioari aurre egiten diozuen guztiei ahalik eta baldintza txukunenak lortzeko, eta badakigu nora zuzendu laguntza bila…
Mila esker beraz guztiagatik! Ezin ahaztu ordea gu baino baldintza kaxkarragoetan dauden ehundaka kideak, gaixo daudenak, bakartuak… ez gaude kexatzeko moduan Villepinten… baina giltza, guk dugu! Barrukoak eta kanpoan zaudetenak! Ez ahaztu, Frantziar zein Espainiar estatuek gure herria asimilatzeko erabili duten formularen parekoa (Aberri handia, Aberri txikia) pairatzen dugula guk ere: Kartzela handia eta kartzela txikia! Zein ote da zein? Zein zer? Ez al da preso erori aurretik buru belarri bilatzen genuen askatasuna? Iritsi al da? Ekarri al dugu? … Giltzak gureak dira! Bultza eta zabal ditzagun ate guztiak lehen bait lehen! Elkarrekin!
PRESO GAIXOAK ETXERA!
EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!
AMNISTIA ETA AUTODETERMINAZIOA!