Urtebeteko gerra Europan
Otsailaren 24 honetan, Errusiak Donbasseko (Donestisk eta Luhansk) lurraldeak inbaditu zitueneko urteurrena izanen da, eta, iraupen laburreko gerra zirudiena, Errusiak Ukrainaren gainetik duen arma-nagusitasunagatik, AEBk 2021ean, 20 urteko gerraren ondoren, Afganistandik alde egin zuenekoa gogorarazten digu. Gerra hartan arma-desberdintasuna ere izugarria zen, eta porrota ere neurri berekoa izan da.
Andoni Romeo, Jose Ángel Murua Gerrarik ez plataforma
2023-ko otsailak 21
Oraingo honetan, potentzia handi batek estatu ahulago bati egiten dion erasoaren aurrean, Europak eta NATOk, nahiz eta ez diren zuzeneko enfrentamendu militar batean sartu, modu aktiboan erantzun dute, ez beste batzuetan bezala. Gogoratu esku-hartze ezaren adibide bezala Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu zuenekoa edo Israelek Palestina okupatu zueneko kasua.
Jarrera aktibo bat justifikatzeko arrazoiek berriro gogorarazten digute Afganistango eta Irakeko gerra. Eta Gerra Justuaren argudioak berpizten dira: demokraziaren balioak eta mendebaldeko balioak defendatu behar dira diktadore edo gobernu autoritario eta autarkikoen aurrean.
Argudio honek zinismo handia uzten du agerian, ez baita esku hartzen demokratikoak ez diren edo demokrazia eskasa duten herrialde pilotan. Europan bertan eta Mendebaldeko herrialdeetan demokrazian sakontzeko beharra baloratzera sartu gabe.
Bestalde, mendebaldeko herrialdeek proposatu duten esku-hartzea, esku-hartze militarista baino ez da izan. Armamentu modernoa entregatzea eta soldadu ukrainarrak trebatzea. Neurri hauei zigor ekonomikoak gehitu beharko litzaizkieke, Errusiako ekonomia itotzeko helburuarekin, eta herritarren pobretzeak Putinen aurkako matxinadara bultza zezan.
Auzi militarrari dagokionez, badirudi Ukrainak Errusiaren aurrera egitea geldiaraztea lortu duela, baina ez du modu esanguratsuan atzera egitea lortzen, nahiz eta “Mendebaldea”, Espainiako estatua barne, suntsitzeko ahalmen handiko armamentu sofistikatuagoa entregatzen ari den.
Ia urtebete igaro ondoren, pixkanaka ezartzen joan diren zigor ekonomikoak ez dira Errusian espero zen eragina izaten ari, eta alderantziz, oso eragin negatiboa izan dute mendebaldeko ekonomian energiaren igoerarekin eta inflazioaren gorakadarekin. Ahaztu gabe munduko beste leku batzuetan, batez ere Afrikakoak eta Asiakoak, ondorioak askoz okerragoak izan direla, gosetearen igoera handi batekin.
Zigor hauek agerian utzi dute ekonomiekin gorabidean doazen herrialde askok, ez dutela AEBen eta Europar Batasunaren aginduei jarraitzeko borondaterik. Txina, India, Brasil, Hego Korea, Hegoafrika eta abar ez daude prest beren ekonomietan atzerapausorik izateko, oso urrun dagoen eta beren interesekoa ez den gerra batengatik.
Denbora igaro egiten da, gerrak aurrera jarraitzen du, eta biztanleriaren sufrimendua areagotu egiten da. NATOren eta Europaren inplikazio militarra handitzen den bezala, edo arma nuklear taktikoak zein estrategikoak erabiltzeko aukera handitzen den bezala.
Urte hau Ukrainako biztanleentzat historiara pasatuko da negurik gogorrena bezala, haien gorputzetan sentitzen baitute berokuntza, elektrizitate, ur eta janari falta.
Sufrimendu honek elkartu ditu Ukrainako biztanleak eta Errusiako armadaren eta Ukrainako armadaren bonbak jasaten dituzten lurralde okupatuetako biztanleak. Gerra guztietan bezala, borrokan hildako milaka soldaduei pertsona zibilak gehitu behar zaizkie, ezin izan direnak artatu, gosez hil direnak, gaixotasunez, miseriaz eta suntsipenez.
AEB eta Europa milaka milioi gastatzen ari dira armetan, instrukzio militarrean eta kooperazio militarrean, eta ez da euro bakar bat inbertitzen ari gerra gelditzeko eta gatazka bide diplomatikoetatik bideratzeko. Soilik Turkiak, NATOko kide den herrialdeak, defizit demokratikoa duenak eta herri kurdua izutzen duenak, lortu ditu Ukrainaren eta Errusiaren arteko akordio batzuk Afrikara baita Europara ere zerealak esportatzeko.
Europar Batasunari eta gorabidean dauden potentzia eta herrialde guztiei eskatzen diegu presioa egin dezatela eta baldintzak ezartzea lor dezatela gatazkak irtenbide negoziatua izan dezan, kaltetutako biztanleriaren borondatea kontuan hartuta.
Bien bitartean, gure gobernuak eta Europar Batasunak alde bateko eta besteko desertore eta objektoreak hartzea sustatu behar dute, errefuxiatu-estatutua berehala bermatuz. Era berean, armen salmenta eta entrega geldiarazi behar dute, baita era guztietako kolaborazio militarra ere.
Justizia eta gizatasun handiagoko mundu baten alde. Ez inbasio bakar bati. Ez gerra bakar bati ere. Ez inongo armadari. Ez gure izenean.