Urriaren 7an Brasilen izango diren hauteskundeen inguruko iritzi artikulua

Brasilen diktadura militarrak duela 33 urte azken urratasak eman bazituen ere, txarraska eta bota beltzen zolak dabiltza paseoan herrialdeko urbeetan barrena. Une erabakiorra bizi dute urriaren 7ko hauteskundeen atarian, eta Sao Paulotik Amazoniara, Matogrossotik Bahiara demokrazia eta eskubide zibilen berregituratzea, ala “diktadura gaur egungo erara”, askatu beharreko korapiloa.

Maddi Gallastegi eta Lur Gil, Askapenako kideak.

2018-ko urriak 5

80 eta 90. hamarkadetako Brasiliako punkrock talde batek ‘Que país
e esse?’ abesten zuen; korrupzioaren, pribatizazioaren,
narkotrafikoaren eta elite ekonomikoak kontrolaturiko herriari
kantari. Abesti berberak egungo gazteen ahotan dabiltza zoritxarrez,
urte batzuk igaro arren transmisio kulturala ez delako izan musikala
soilik, eta Sao Pauloko hardcore talde batek zioen moduan, oraindik
ere arratoiak korbata eta amerikanaz jantzita dabiltzalako kaleetan.
Ordem e progresso. 

Hamahiru urte zeramatzan PT Langileen Alderdiak agintean, eta
2014ko hauteskundeak irabazi ostean agintaldia osorik amaitu
ezinda kargugabetu zuten Dilma Rousef,f orduko presidentea,
2016an. Horrekin nahikoa ez eta eskuin kontserbadoreak alderdi
bereko Luiz Inazio Lula da Silvaren aurkako prozesu judiziala
abiarazi zuen, inputatu, frogarik gabe kondenatu eta espetxean
sartu zuten arte. Kolpisten proiektu neoliberala hauspotzeko ate
guztiak zabalik zeudela zirudien arren, Michel Temerren politika
ustelek ez dute sinpatiarik eragin herritarren artean. Ihauterietan
purpurina eta ‘Fora Temer!’ oihu artean egin zuen dar-dar Rioko
sambodromoak, eta ‘Lula Livre’ mezuak zeharkatzen du gaur Brasil,
herrialdeak bizi duen demokrazia faltaren sinbolo argitzat. Piztia
zaurituaren ofentsiba neofaxista argia izan da ordea; korrupzio
sistematikoa eta errepresioa. Hirietako auzo perife
rikoetan miseria
gorrian bizirauten du klase baxuko sektore handi batek, eta urte erdi
eskas igaro da Marielle Franco PSOL alderdi sozialistako zinegotzi
eta aktibista feminista erail zutenetik. Esan daiteke aspaldi luzeko
krisi politiko-ekonomikorik gogorrena bizi duela herrialdeak;
eskubide zibil eta demokratikoen deuseztea eta desoreka sozialaren
areagotzea, desindustrializazioa, langabezia tasaren igoera
nabarmena, miserian bizi den sektore gero eta handiagoa, e.a. 

Koalizio kolpistari lotutako alderdi moderatuak diluitzen joan diren
heinean are gehiago polarizatu da panorama politikoa. Urriaren 7ko
hauteskundeen atarian, Jair Bolsonaro militar ohia da elite
tradizional eta kontserbadoreenaren irudia, PSLko hautagaia.
Faxista eta tirano autoritarioa. Pasa den asteburuan Brasilen eta
munduko hainbat hiritan emakumeek kaleak hartu zituzten espazio
publikoan euren presentzia aldarrikatzeaz gain, Bolsonaroren
autoritarismoa salatu eta ezetz, “Ele não, Ele nunca” halako
presidente bat ez dutela nahi oihukatzeko; misoginoa, homofoboa,
arrazista eta kapitalista. 64ko erregimen militarreko Ustra militar
torturatzailearekiko miresmena izkutatzeko lanik hartzen ez duena.
Desoreka soziala, heriotza eta tortura defendatzen dituenaren
aurrean demokrazia eta bizitzaren alde daudela azpimarratu zuen
emakume andanak mobilizazio anitzetan. 

Haddadek berak duela astebete lerro batean definitu zuen
Bolsonaroren proiektua: “diktadura gaur egungo erara”. Asko dago
jokoan. Fernando Haddad hezkuntza ministro ohiak jaso du Lularen
erreleboa, eta azken egunetako sondeoen arabera hauteskundeak
irabaztetik ez da urruti ibiliko. Etxebizitza eskubidea, lurraren jabetza
edo banaketa orekatua, doako osasun zerbitzua bermatzea
biztanleria osoarentzat, sektore periferikoekin elkarlana bilatzea;
emakumeak, nekazariak, beltzak, lgtb komunitateak, indigenak….
Hezkuntza sistema duina eta unibertsitatea doakoa eta laikoa.
Inbertsioak barne merkatuaren garapena sustatzeko, baliabide
estrategikoen kudeaketa publikoa petrolioarena kasu; ez pribatizazio
ezta desnazionalizaziorik ere. Finean, eskubideen birjabetza eta
subirautzarako bitartekoak daude jokoan. 

Zuri-beltzean ateratako argazki polarizatu honetan ez dago espazio
gehiegirik argazkiaren markoan gehiegi enkajatzen ez duten
alderdientzat, PSOL Partido Socialismo y Libertad eta Brasilgo
alderdi komunistarentzat, esaterako. 

Bestalde, Brasilen gertatzen denak eragin handia izango du
Latinoamerikako panorama orokorrean eta indar korrelazioen
aldaketan. Argi izpi bat izan zen López Obradorren garaipena
Mexikon, eta Haddadek irabaziz gero AEBek euren eragin
esparruaren beste zati handi bat galduko lukete, maniobratzeko

abagunea txikituz. Indar inperialisten estrategia izan da korrupzioa
eta kudeaketa kaotikoak aitzakiatzat hartuta gobernu herritarrak
estigmatizatzea, Bolsonarok berak esana da ez duela onartuko bera
ez den beste hautagai baten garaipena, “Brasilek Venezuelaren
itxurarik har ez dezan”. Eta azken urteetako desastrea aurreko
PTren gobernuak mugimendu sozialei espazioa zabaldu izanari
egozten diete, inolako lotsarik gabe. Gobernu neoliberalek
lehenengo etapetan lor dezaketen babes soziala ordea azkar
geratuko da ezerezean, etorkizunera begirako promesa
ultraedulkoratuek egitik gutxi dutela ikusi, eta ahoa gozatu baino
lehortu eta sabelik ez dutela betetzen ohartzean. Temerrekin gertatu
bezala, Argentinan Macriren gobernua babesa galtzen ari da
egunetik egunera, eta kaleak aldarrikapenez lehertzen dituzte
egunero. Mugakide duen herrialdean Haddaden garaipenak
arnasaldi ederra ekarriko luke territorio osora. 

Herritar gehiegiren hilobia eta euren porrota landu dutenek ez dute
hil kanpairik jotzeko inolako asmorik, eta erresistentziak urduri
zenbatuko ditu bozkak. Urriaren 7an eredu bat ala bestea hautatu
beharko du Brasilgo herriak, egongo dira Lula eta Dilmaren iragan
hurbilaren alde egingo dutenak, eta baita “ordenaren” izenean
interbentzio militarrak mehatxutzat eta txantaia mekanismotzat
erabiltzen dituztenen alde egingo dutenak ere. Baina gatazka eta
krisi ekonomikoa ez dira urriaren 7an amaituko. Erroko aldaketa
sozialik eman ezean egoerak ez du hobera egiteko itxurarik.
Langabezia tasa altua da –biztanleria osoaren ia heren bat-,
delinkuentziak gora egin izanak segurtasun eza ekarri du eta honek,
segurtasun indarren presentzia areagotzeko eskaria. Hari mutur
honi tiraka jarraituz gero espero dezakegun bakarra lan eta soldata
prekarioak, kaleen militarizazioa eta esklusio soziala dira. Ez
dezagun ahaztu gaur gaurkoz parlamentuko poltronen gehiengoa
latifundistei eta elite ekonomikoari lotutako gizon zuri eta aberatsek
berotzen dituztela, Brasilgo argazki demografikoarekin bat ez
datorren irudia, alegia. 

Teknologia berrien kolonizazioak, indibidualismoak, etorkizun
zalantzagarriak… ezegonkortasun sentsazioa eragin du jendartean.
Eskuinak diskurtso xenofoboak eraikitzeko aprobetxatu du; beldurra

eta gorrotoa hedatu, eta etorkizuna promesa faltsuz edulkoratzeko,
ahozapore goxoz jendarte gaixotuaren antsietateak sosegatuko
direlakoan. Gakoa litzateke proiektu kolektiboen eraikuntzan
bilatzea sosegua, edo esperantza. Eguneroko lanaz kontzientziak
astindu, eta planteamentu erradikalak martxan dituzten mugimendu
feminista eta ekosozialistetan, espazio autogestionatuetan,
latifundioak okupatu eta “lurra berau lantzen dutenena da!”
aldarrikatzen duten kanpamentuetan; agroekologia eta
kooperatibismoa eskuz esku, jendarte justuago bat eraikitzeko
haziak landatzen dituzten lursailetan. 

Urriaren 7an, ele não, faxismoak garaitu ez dezan, eta eraldaketa
soziala ardatz gaur, bihar eta etzi: A luta continua compañerada!

Gehiago