UPNren boto emaileak eta fiskalitatea
Imanol Karrera
LAB sindikatua
2024-ko abenduak 19
Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS gaztelaniaz) 2014ko uztaileko “Iritzi publikoa eta politika fiskala (XLI)” azterlanean, alderdi politikoen artean, UPNren boto emaileek dute ehunekorik handiena zera erantzuten dutenen artean: “zergak Estatuak ordaintzera behartzen gaitu, zeren truke oso ongi jakin gabe”. Egungo zerga sistemari dagokionez, UPNren boto emaileen gehiengoak uste du zergak “batez ere zeharkako zergekin, BEZarekin” (kontsumo-ondasunak eta mundu guztiari berdin eragiten dioten zerbitzuak zergapetzen dituztenak) bildu beharko liratekeela, eta ez “batez ere zuzeneko zergekin, PFEZarekin” (errentaren edo pertsonen eta enpresen aberastasunaren arabera). PPren eta VOXen boto emaile gehienek ere ez dute iritzi hori. Azkenik, UPNren boto emaileen iritziz, beste behin PP eta VOX barne hartzen dituzten gainontzeko alderdien boto emaileen iritziz ez bezala, “zergak justiziaz kobratzen dira, hau da, gehiago dutenek gehiago ordaintzen dute”.
Ikuspegi hau ez da ustekabea aste honetan bertan Jose Javier Esparzari (UPN), CENeko enpresariei eta Merkataritza Ganberari entzun ondoren. Baina, batez ere, ez da kasualitatea. Horiek guztiak saiatzen ari baitira gizarteari sinestarazten “Nafarroa pobretzen duen infernu fiskala” pairatzen dutela. Eragile horien estrategia bat da, beraien pribilegioei eusteko eta justiziaren eta progresibitatearen ikuspegitik zerga erreformarako edozein aukera eragozten saiatzeko. Gainera, Geroa Baik, rol subsidiario batean, bat egiten du eskuinaren mantra eta presioarekin, existitzen ez den klase ertain bati eta autonomoei zergak jaisteko helburuarekin.
Eskuinaren jarrera hori guztiz gaitzesgarria da politikoki eta sozialki; ez da onargarria berekoia, alderdikoia eta korporatibista delako. Ildo horretan, Esparza jaunak ez ditu nafarren interesak babesten, adibidez enpresaburu batek alde egitea erabakitzen duenean txalotzen duenean. Pizgarri fiskalekin onura ateratzen duen enpresaburu baten erabakiarekin poztea ‒langileok gure ahaleginarekin sortzen dugun aberastasunarekin geratzen dena, baita beren produktuak erostearekin sortzen dugunarekin ere, Taberna-Berlys enpresaren kasuan bezala‒ enpresariek beraien enpresak nahi dutenean eraman dezaketela dioen ideia bultzatzen duen mezua da. Haren ordez, Esparzak zera esan beharko luke: “enpresaburu jauna, Nafarroako langileen izerdiarekin eta lanarekin aberastu zara, eta orain bizkarra ematen diguzu”. Jolas zikin horrek erakusten du kapitalak ez duela mugarik. Gaur Madrilera, bihar Poloniara. Enpresariek gutxien ordaintzen duten eta pribilegio gehien dituzten lekuetara.
Nafarroako Parlamentuak abenduaren 19an onartuko ditu 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta 2025eko erreforma fiskala (zenbait zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk ezartzeko Foru Legearen proiektua). Eta eskuinaren zein CENeko enpresarien gehiegizko antzezpenetan aritu diren arren, onartuko duten erreforma fiskala ez da Nafarroako lau sindikatu nagusien aho bateko adostasuna jasotzeko gai izan; Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran lau sindikatuok Nafarroako Gobernuari eskatu baikenion erreforma fiskal progresibo bati ekitea.
Maria Txibiteren gobernuek (PSN) fiskalitatearen bilakaera hoztu dute progresibotasunari dagokionez. Lehendakariak berak harrotasunez dio “enpresen %83k Nafarroan Estatuan baino zerga gutxiago ordaintzen dutela”. Horrela, jarrera horrekin, Europari begiratuko dion fiskalitate justuago eta progresiboago bat izatearen egokitasunaren inguruan dagoen kontsentsu sindikalari muzin egiten dio Gobernuak. Eta horrek esan nahi du bizkarra emanen diela Nafarroako gehiengo sozialaren interesei, eta ez diola lehentasun nagusietako bati erantzunen: zerbitzu publikoen hobekuntzari. Aberastasunaren banaketa funtsezkoa da Nafarroan zerbitzu publikoek behar eta merezi duten lasaitasunerako.
UPNk eta CENeko enpresariek ordezkatzen duten eskuinak okerrera egitea nahi du, egungo fiskalitatea okertu nahi dute, eta horrekin batera gure bizi eta lan baldintzak. Horrela, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen eredua eskatzen dute Nafarroarentzat. CENekin egindako bilera batean, zerbitzu publikoak hobetzea eskatzen duen Nafarroako iritzi publikoari kontra egiten ausartu zen Ayuso, sektore publikoak pribatuaren gainean duen pisua jasanezina dela esanez. Baina Nafarroako gizarteak ez du inondik inora Madrilgo bizitzarekin parekatu nahi, ez ditu Madrilgo eskola eta ospitaleak nahi; eskola eta ospitale publiko eta duinak nahi ditu, kalitatezkoak. Alegia, Nafarroak pertsona guztientzako bizitza duina nahi du, Ayusok Madrilen bermatzen ez duena hain zuzen ere.
Beste era batera esanda, enpresaburuek (gehien dutenek eta gutxien ordaintzen dutenek) Madrilera begiratzen duten bitartean, langile klaseak (gutxien dugunok eta ekarpen handiena egiten dugunok) Europara begiratzen du aberastasun eta gizarte ongizatearen banaketa bilatuz.
Zergen arloko edukiei eta bozketari dagokienez, emaitza egungo Gobernuaren jarreraren eta une honetan Nafarroako Parlamentuan dagoen indar korrelazioaren isla da. Beraz, premiazkoa da gehiengo sozialaren interesen alde aldatzeko beharra, eztabaida fiskalari justizia sozialeko oinarri batzuetatik aurre egiteko, zerbitzu publikoak indartzeko eta guztion bizi baldintzak hobetzeko.