Uharteko erretorea, zantzu gisara
Sabino Cuadra Lasarte
2026-ko abuztuak 28
Javier Aizpun Bobadilla, Nafarroako UPNren fundatzaile Jesus Aizpun Tueroren iloba, arkitektoa Nafarroako Unibertsitatean (Opus Dei), ohiko teologoa, Uharte herriko erretorea, Iruñeko katedraleko kalonjea, “La cristiandad occidental y el rito romano” bezalako lan jakintsuen egilea, sare sozialetan sotana gogotsua, azken egunotan albiste izan da, Ceutan milaka pertsonaren sarrera masiboaren karira komentatu duenagatik. Ahoan bilorik izan gabe, “Marroko birkonkista sustatu eta kristautasunera bihurtzearen” aldeko agertu da, horrela Isabel Katolikoa erreginak “egin gabe utzi zuena” burutzeko. Are, beharrezkoa balitz, “Rabat bonbardatzera eta Ceutako inbaditzaileen aurka masiboki tiro egitera” deitu zuen.
Albisteak bete zituen mota guztietako sareak, albistegiak, solasaldiak eta whatsappeko taldeak. Horren aitzinean, Florencio Roselló Iruñeko artzapezpikuak azaldu behar izan zuen bere menpekoaren iritzia “hertsiki pertsonala zela eta ez zuela, inondik ere, Eliza diozesiarra ordezkatzen eta eliza ez zela bat etortzen adierazpen haiekin”, “bat ere ez egokia” zela iritzita. Ez bertzerik. Jakin dezagun, haren aldetik ez diote inolako espedienterik ireki, ezta ohartarazpenik egin edo zehapenik ezarri ere, kargutik ez dute kendu eta ez diote penitentziarik paratu.
Adierazpen horiei emandako erantzun sozial, instituzional, gobernuaren eta epaileen erantzunak motz, oso motz, gelditu dira. Nonbait, sotanaz janzten denean, krimenaren apologia ez da horren apologia. Artzapezpikutzari aferan neurri kementsuak hartzeko zenbait alderdi politikok egindako galdegitea arazoa saihestea da, zeren eta, Elizarendako, bere artzainen delituak bekatuak bertzerik ez dira, sakramentu-aitortzaren bidez ezabatzen direnak, haien aitzinean inolako bide penalik ireki behar izan gabe.
Alta, eman dezagun, erretore bat izan beharrean, Nafarroako meskita bateko imam bat izan balitz Tel Aviv bonbardatzera, populazio israeldarraren aurka masiboki tiro egitera eta Isabel katoliko handiaren neurriak hartzera (indarrezko konbertsioa, haien lurretatik egoztea, haien ondasunak desjabetzea, torturak, sutzarra…) deitu zuena. Horren aitzinean, zer eginen zuketen gure alderdi politikoek, instituzioek, epaileek…? Komunitate islamiarraren esku eta bere arauen mende utziko zuketen kasuaren inguruko epaiketa eta ebazpena?
Gorroto delitua, zigor kodearen 510. artikuluan dago zehaztuta, baita egileak ere: “talde baten aurka, haren partaide izateagatik, arrazakeriarengatik edo ideologia, erlijio edo sinesmenengatik, gorrotoa, areriotasuna, bazterkeria edo indarkeria publikoki sustatzen, bultzatzen edo zuzenean edo zeharka akuilatzen dituztenak”. Hau da, Uharteko erretorearen adierazpenen neurrira eginda. Alta, ez da agertu fiskal bakar batek ere arrazoi horrengatik ezertxo ere egin duenik. Alderdi politiko baten egoitzan pintada batengatik, rapero baten (Hasel) kantu batengatik edo, 30 urte bete ondoren, espetxetik atera den preso bati harrera egiteagatik, espantuak egiteari emanak diren horiek orain bertze alde batera begiratzen dute.
Eliza diktadura frankistaren oinarrizko zutabea izan zen hamarkadatan, harekin ohaidetza publikoa eginez. Elizak genozida paliopean paseatu zuen eta Francok apezpikuak eta artzapezpikuak eseri zituen Gorteetan. Geroago, Trantsizioan, gatopardoki erabaki zuten folklore hura desagerraraztea, noski, negozioaren funtsezkoa mantentzearen truk.
1979ko urtarrilaren 3an, Konstituzioa indarrean sartu eta bortz egunera, lau hitzarmen sinatu zituzten Gobernu espainiarrak eta Vatikanoak: Afera juridikoak, Irakaskuntza eta gai kulturalak, Afera ekonomikoak eta Laguntza erlijiosoa Indar armatuendako. Horrela eguneratu zuten 1951ko Konkordatu frankista zaharra, inoiz ez indargabetua. Bide horretatik bizirik segitu zuten diktadoreak Elizari emandako pribilegio aunitzek: erlijio katolikoa irakaskuntza publikoan, zerga-salbuespen orokortuak (Ondasun higiezinen, Oinordetza eta Dohaintzen, Sozietateen, Eraikuntzen zergak), diru-laguntza sozialak e.a. Duela 10 urte, “Europa Laica” elkarteak zenbatu zuen ezen, bata dela bertzea dela, Estatuak Elizari urtero 11.000 milioi euro inguru bideratzen zizkiola..
2017ko ekainean, PSOEren 39. Kongresuan (Ezkerra gara), Pedro Sanchezek konpromisoa hartu zuen erlijioa eskolatik ezabatzeko eta 1979ko Akordioak salatu eta indargabetzeko. Beranduxeago, 2018ko otsailean, PSOE oposizioan zela, Kongresuko Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi zuen “erlijio konfesionala hezkuntza sistema ofizialetik kanpo uzteko” eta Konkordatua eta Vatikanoarekin ondoren egindako akordioak baliogabetzeko”. Gauzak itxura ona zuen.
Itxaropen ustelak. Lau hilabete beranduago, Pedro Sanchez buru zuen PSOE gobernura iritsi zen, errandakoa eta hitzartutakoa ez beren programan, ezta Unidas Podemos eta Sumarrekin partekatutakoetan ere ageri ez zela. Eremu honetan aitzinatu den orotan (Elizaren immatrikulazioak, eliza-pederastia, Emakumea Babesteko Patronatua…) talde eta ekimen sozialen bultzada nekaezinari esker izan da. Instituzioak beti desgogara eta balazta paratuta joan dira, nahiz eta, CISaren arabera, sinesmen erlijiosoak eta, are gehiago, eguneroko praktikak (mezak, ezkontzak, bokazioak) gainbeheran jarraitzen duten. Eta horrela segitzen dugu.
Hau guztia ikusita, hierarkia katoliko gorenenak harropoztu dira (Rouco Varela, Luis Argüello…) eta ez diote uzten anatemak jaurtikitzeari Gobernuaren kontra, LGTBI eskubideen kontra, abortuaren, memoria demokratikoaren kontra, irakaskuntzaren kontra, matrimonio homosexualaren kontra… Dena gutxi iruditzen zaie. Haztegi honetan ematen dira Uharteko erretorearen eta bera bezalako bertze batzuen adierazpenak. Eta bitartean, ezker amore-emaileak otsoa belarrietatik hartzeari egiten dio uko, hori bai, prentsa ohar kritikoak eginda, nahiz eta handik bi egunera haizeak eramaten dituen. Mota eta izaera guztietako Aizpundarrak berriro lehengo lepotik burura itzuliko dira.
