Txantreako auzotik, eskerrik asko Patxi!

Euskal Herriko herri eta auzo askotako kaleak, asteak daramate ekimenez josita. Oinarrizko eskubideak diren euskal preso politiko guztien eskubideen errespetutik hasi, eta zilegia den amnistia bezalako helburuetarainoko aldarrikapenak eginez.

Txantreako Preso Ohiak

2020-ko ekainak 17

Covid-19a eteteko, Estatu espainiar zein frantsesek espetxeetan ezarritako baldintza
gogor eta bidegabeek preso guztien egoera larriagotu zuten. Eta beste behin, euskal
preso politikoen eskubideen urraketa bereziki areagotzeko baliatu zuten. 

Martxoaren 14an Estatu espainiarrak presoen eskubideak eta askatasunak zapaltzen
dituen “alarma egoera” dekretatzen du. Presoen osasuna eta segurtasunaren izenean
egiten duela esaten du. Baina, sektore zaugarrienak espetxean mantentzeak, presoei
muxukoak eskuratzeko aukera ukatzeak, edota espetxeko ehunka funtzionario egunero
joan-etorrian egoteak, emandako argudioa hankaz gora jartzen du. 

Bitartean kalean, “alarma egoera”ren ondorioz, Euskal Herriko sektore aktiboenek
mugatua genuen guztiz eragiteko ahalmena. Koronabirusaren bapateko ondorioak
arintzen aritu ginen lanean herri eta auzoetan. Eta Covid-19ak gerora utziko zituen
ondorio suntsitzaileen aurrean prestatzen hasi ginen. 

“Alarma egoera”ren ezarpenak eskubide eta askatasun guztien aurkako eraso bat izan
zen. Estatuaren figura indartzeko konfinamendu eredua ezarriz gainera. Horrek, osasun
krisi baten aurrean, militarrak eta poliziak lehen lerroan jartzea ekarri zuen. Eta
herritarren eta langileen eskubideak zapaltzea, kapitalaren mesedetan. 

Hau guztia kalean gertatu bazen, uniformedun guztien intentzionalitatea begi-bistakoa
denean; zer ez zen gertatuko espetxeetan, inpunitate-guneak mila aldiz gehiago
direnean? 

Kezka hori agerikoa zen, eta “alarma egoera”k ekartzen zuen neurri berri bakoitzarekin
areagotzen zen. Ezartzen zituzten neurri eta plan guztiek euskal preso politikoak
kolektibo kaltetuena bilakatzen zuten. 

Bistakoa zen espetxeetan gertatzen ari zenaren larritasuna. Euskal preso politikoak
bisitarik gabe zirela bagenekien; eskubideak zapaldurik zituztela; eta bitartean, behin
ere ez zen deialdi orokorrik egin auzo eta herrietan, espetxeetan bizi zen egoera
tamalgarria salatzeko. 

Asteetan kaleak, gure aldarrikapenak plazaratzeko gune naturalak, isilik egon ziren.
Balkoiak eta sare sozialak bilakatu ziren militatzen jarraitzeko espazioak. Denbora guzti
honetan espetxeetan ematen ari zen egoera larria, eztabaida politikoaren erdigunean ez
jartzea ez zen akats bat izan, erabaki politikoa baizik. 

Kontuz! Erabaki politiko honek ez du esan nahi, ezer egin ezin zenik. Kontrakoa, bi
hilabeteetan ekimen ezberdinak egosten joan ziren. Horien artean, giza eskubideen
defentsan aritzen diren 25 erakundek maiatzan bultzaturiko ekimena;
SOSPresoakCovid19 bezalako dinamika; edota espainiar kongresuan 9 erakunde
politikok babestutako manifestua. 

Baina aipatutako erabaki politikoak, euskal preso politikoen bizi baldintzen larriagotzea
salatzerakoan, parametro zehatz batzuetan egitea suposatzen zuen. Protagonismo
mingarria emanez EAJ-ri, dispertsio politika bultzatu zuenetako bati. Edo Podemos-i,
Espainiar Gobernuan dagoen alderdiari, konponbidearen parte izan nahi ezean,
arazoaren parte izango dena. 

Presoen aferan, aurrerapausoak ezberdinen arteko adostasunean kokatzea garrantzitsua
da. Baina termino baztertzaileetan eginez gero akatsa dela deritzogu. Onartezina da,
adostasun horiek, aurrerapauso horiek eman daitezen, euskal herritarrek jokatu
beharreko papera mugatua izan behar duela babesten duen tesia. Kezkagarria da,
herriratzearen bidean lortutako espazioak eta akordioak, salaketarako erabilitako formen
ondorioz kaltetzen ahal direla irakurtzea. Larria, horrek suposatzen baitu, puzzlearen
piezak elkarren ondoan jarraitu ahal izateko, kalean eman daitekeen tentsionamendua
baldintzatua egotea guztiz. 

Testuinguru honetan, espainiar zein frantses gobernuek beste behin euskal preso
politikoen aurkako salbuespenezko espetxe politika ezarri eta BI HILABETE
BERANDUAGO!; maiatzaren 10ean, Txantreako auzokidea eta euskal preso politikoa
den Patxi Ruiz-ek: ASKI DA! esan zuen. Aski da, ez soilik bere pertsonaren aurkako
jokabide zehatz bati; Aski da, Covid-19-aren krisia gertatu bitartean espetxeetan
ezarritako neurri guztiei. 

Patxi, gose eta egarri greban jartzeak alarma guztiak piztu zituen. Euskal errepresaliatu
politikoen auzia konponbidean jartzeko ikuspegi ezberdinak dituzten bi estrategien
arteko kontraesana areagotu zen. 

Baina, Patxi Ruizek abian jarritako borrokaldiak ez du arazorik eragin gure iritziz.
Kontrakoa, pizgarri bat izan da. Ziur gaude, berak abian jarritako ekimenik gabe,
“alarma egoera”k espetxeetan eragindako ondorioek ez luketela herritarrengan
oihartzunik edukiko. Hori eta ondorengo erantzun herritarra dira termino politikoetan
Patxiren ekimenari egotzi ahal zaizkion garaipen nagusiak. Albiste pozgarria izan da
guretzat gose greba bertan behera uzten zuela jakitea. Baina gurentzat garrantzitsua da
Kapotari ere esatea: aurrera jarraituko dugula. Lekukoa hartzen dugula eta elkarrekin
arituko garela lanean eta borrokan. 

Une zailenak behin gaindituta, dinamika hau martxan jarri genuen Txantreako preso
ohiek aurrera jarraitzeko apostua egiten dugu. Lanari jarraipena emango diogu era
positiboan, azken hilabetetan pilatutako esperientzia eta harreman onetan oinarrituta. 

Maiatzaren 22an lehen ekimena jarri genuen abian. 300 preso ohi inguru batu ziren,
modu ezberdinean. Ekimena, une zehatz batean, Patxi Ruizek abian jarritako dinamika
testuinguruan jartzeko ekimena izan zen. Horregatik amaitutzat ematen dugu. 

Ondoren, ekimen mobilizatzaile ezberdinak bultzatu ditugu. Inoren lana interferitu
nahian, baina inoren interferentziarik onartuz. “Euskal Preso Politikoen Alde, Patxirekin
bat!” izan da erabili dugun marka, bakarrak izan ez garen arren, ezaugarritu gaituena. 

Eta Patxiren aldarrikapenekin eta borrokarekin bat egin nahi zutenekin, manifestu bat
jarri genuen martxan. 

Gaur argi utzi nahi dugu, manifestu horren edukia garrantzitsua iruditu zitzaigula bere
momentuan; eta egun uste dugu gaurkotasuna mantentzen duela. Euskal preso politiko
GUZTIEKIN konpromisoa adierazten duen manifestua da. Dagozkien eskubide guztien
defentsarako; eskubideen zapalketaren salaketarako; eta Euskal Herriratzea exijitzeko
konpromisoa. Manifestuak, espetxeetako auzia beste perspektiba batekin lantzeko
konpromisoak behar ditu. ZURE BABESA ETA KONPROMISOA BEHAR
DUGU, ORAIN INOIZ BAINO GEHIAGO. (sinadura emateko
patxisos.wordpress.com helbidean sartu) 

Txantreako preso ohi bezala, harro gaude auzokideek egin duzuen lanarekin. Urtetan
auzo mailan egin den lanaren jarraipena besterik ez da izan dinamika honi egin diogun
ekarpena. Gure auzoko kasua ez da bakarra, badakigu. Auzoak hasieratik argi izan du ez
zela dinamika antzuetan murgilduko, ez zela behartuta egongo auzoko zein presokin
egingo zuen lan aukeratzera. 

Gure guda Estatuarekin da. Euskal preso politikoen egoera aldatzeko gaitasuna duten
baina egiten ez duten instituzio, pertsona eta eragileekin. Espainiar zein frantses
espetxetan praktikatzen den politika suntzitzaileari amaiera eman nahi ez diotenekin. 

Orain arte egindako bideak, errepresaliatuen eta Euskal Herriratzearen gaia beste
perspektiba batetik lantzeko borondatea dagoela erakutsi digu. Aktibazioa bultzatuz, eta
jendea eta militantziari protagonismoa emanez. Behar denean kalea diskurtsoan eta
forman tentsionatuz. 

Horren adibiderik argiena, Patxi Ruizek gose greba behin utzita eman den bapateko
erreakzioa. Ekimenarekin bat egin duen jende askok interpelatu gaitu: “Eta orain zer?”
“Nola jarraituko dugu?”. Bere garaian, Patxi Ruizen egoerarekin konpromiso zehatza
eskatzen zuen ekimena jarri genuen abian. Baina konpromiso hori haratago zihoan,
euskal preso politiko guztien aldeko lanean aktiboak gehitzea bilatzen zuen. Eta lekukoa
hartzeko sektoreak badirela egiaztatu ahal izan dugu. Horregatik, aurrera jarraitzen
dugu. 

Lehenik, eta oraingoan auzoko herri mugimenduko kide moduan, Txantrean antolatuko
diren ekimen eta mobilizazio ezberdinetan parte hartzera dei berezia egiten dugu.
Ekimen hauek, auzo oso batek euskal preso politiko guztiekiko duen konpromezua
berresteko balio behar dutela ulertzen dugu. Baina baita ere, euskal preso politko
guztien aldeko dinamika ulertzeko eta garatzeko modu bat babestu eta indartzeko. 

Amaitzeko esan, uda aprobetxatuko dugula abian jarritako lanari zer nolako jarraipena
emango diogun argitzeko. Oraingoan bai, eztabaida eta parte hartzea ahalik eta gehien
zabalduz. Euskal errepresaliatuen etxeratzearen alde egon daitezkeen dinamikei,
dinamika berri bat batu nahi diogu, herria protagonista izango duena. Aktibazio soziala,
Estatuekiko konfrontazioa, eta euskal presoei ezartzen zaien “gerra-bahituen”
politikaren arduradun politikoen salaketa bultzatuz. 

Adi deialdietara!
Euskal preso politikoen alde, Patxirekin bat!

Gehiago