Turismo masiboa, turismo suntsitzailea

AZ Ekimena-Alde Zaharra

2024-ko ekainak 28

Gaur, ekainak 28, Urbanfest Makroekitaldien I. Nazioarteko Kongresua eginen dute Baluarten. Ekitaldi jendetsuei eta, bereziki, Iruñeko Udala garatzen ari den SF365 estrategiari buruzko nazioarteko topaketaren aitzinean, Iruñeko Alde Zaharreko auzotarrez osatutako hainbat kolektibotako kideok honako hau adierazi nahi dugu:

SF365 programa, ustez, parte-hartzailea izan arren, parte-hartze hori turismoarekin eta ostalaritza- jarduerarekin lotutako interes-talde eta lobbietara mugatu da. Inoiz ez zaio inolako kontsultarik egin edo parte hartzeko gonbidapenik luzatu Iruñeko Alde Zaharreko auzo-elkarteei, marka horri lotutako masa-jarduerak egiten diren tokikoak izan arren.

Nahiz eta auzokideek esperientzia handia izan, gertu-gertutik ezagutzen baitituzte ekitaldi masiboen eta turismoaren eta oro har, aisialdiaren masifikazioaren ondorioak.

Era berean, kongresuak bultzatu nahi duen turismoaren jasangarritasuna argudiatuta ere, honakoa gogorarazi nahi genuke: turismo-sektoreak baliabide naturalak agortzea, lurzorua ustiatzea, ekosistemak kutsatzea eta hondakinek gainezka egitea eragiten duela (horri buruz oso ondo dakite makroekitaldiek). Masa-turismoak eta makroekitaldiek baliabideak eta energia irensten dituzte, eta garatzen diren eremuetan eta globalean ingurumen-itzulera negatiboa dute, besteak beste, masa-garraioari lotuta baitaude.

Hiri-markak sortzeak, inauguratu berri den “Iruñea marka” kasu, eta nazioarteko komunikabideendako erakargarriak diren makro-ekitaldiak antolatzeak gure hiriak homogeneizatu eta gizarte-harremanak eta berezko idiosinkrasia suntsitu besterik ez du egiten, horiek izan arren, ustez, politika horiek sustatu edo, hobe esanda, saldu nahi dutena.

Hala, makroekitaldietan eta masifikazioan oinarritutako turismo ereduaren jasangarritasun soziala oso eztabaidagarria da, besteak beste, bertako biztanleak masifikatutako eremuetatik lekualdatzea dakarrelako, eta, pixkanaka, biztanleria ibiltariek ordezkatzea -honek ez ditu biztanleria iraunkorrak behar dituen zerbitzuak eskatzen-. Bertako biztanleen bizi-kalitatea nabarmen murrizten da, gainera, ekitaldi eta turismo mota horiek (sanferminak, kasu), neurri handi batean, bide publikoan eta guztion espazioak okupatuz egiten direnean.

Era berean, ekitaldian parte hartu duen NBEk berak aitortzen du Hirirako Eskubidea dela biztanle guztiek duten eskubidea hiri, herri eta hiri-kokaleku justuak, inklusiboak, seguruak, iraunkorrak eta demokratikoak bizitzeko, erabiltzeko, okupatzeko, ekoizteko, eraldatzeko, gobernatzeko eta gozatzeko, eta bizitza duinerako ondasun komun gisa definitzen dira.

Era berean, pertsona orok etxebizitza egokia izateko duen eskubidea aitortzen du. Bada, turismoan aritzen diren enpresei alokairuan jartzeko etxebizitzak pilatzen uzten zaien bitartean, ehunka pertsona kaleratzen dituzte gure hirian, bizitzeko alternatiba duinik eskaini gabe. Iruñeko Alde Zaharrean, kasu, etxebizitza turistikoen kontzentrazioa neurriz kanpokoa da (% 55), biztanleekin alderatuta (hiriaren % 5).

Gainera, SF365 markak urte osoan zehar bertako biztanleen oinarrizko eskubideen errespetuarekin bateraezina den aisialdi-eredu bat zabaltzea dakar; izan ere, eredu hori dagoeneko ezarrita dago hirian asteburuetan, eta bizikidetza-arazoak hamaika aldiz frogatuta eta agerian daude. Nazioarteko turismorako erakargarri gisa erabiltzeak sakondu besterik ez du egiten herritarrek pairatzen duten oinarrizko eskubideen urraketa (atsedena hartzeko ezintasuna, hurbileko saltokien galera, irisgarritasun arazoak, etxebizitza garestitzea, hezkuntza eta osasuna gisako oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko zailtasuna, etab.).

Horregatik guztiagatik, ez dugu onartzen gutxi batzuen espekulatzeko eta negozioa egiteko eskubidea, etxe bat izateko eta langileon bizi-kalitate duina izateko eskubidearen aitzinean.

Gehiago