STOP PAIren inposizioari
Kazetaria: "Gauza bat aurpegiratu behar dizut: utzi duzu Nafarroa ikastolez betetzen". Erantzuna: "Hizkuntza ereduen sistemak ahalbidetzen du familiek askatasunez aukeratzea (...). Era berean, ez dira euskara gehiago eskatzen ari, beharbada beste hizkuntza bat eskaintzen ari garelako: ingelesa. Apustu handia da". Yolanda Barcina (UPN) zen, 2013ko abenduaren 16an, 13TV telebistan, “El cascabel al gato” saioan.
Fermin Zabaltza Aleman, Administrazioan Euskaraz Taldea
2022-ko apirilak 28
Argi dago PAI programa, partez, euskarari aurre egiteko ezarri zela Nafarroan. Baina PAI programa eta antzekoak, askotan, porrota izan dira. Ez da iritzi bat, egitatea da: ia 90 ikastetxek utzi dute programa hori Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, eta Nafarroan (El País, 2021eko uztailaren 3a). El País egunkariko artikuluan hauxe zioen irakasle batek: “iruzurra da, ez dute ikasten ez ingelesik ez irakasgairik”. Isabel Galvínek, CCOO sindikatukoak, azaltzen zuen “La chapuza del bilingüismo” dokumentalean: “Aldaketa bat izan da iritzi publikoan. PPren eta Esperanza Aguirreren marketin politikoak oso ongi jarri zuen (…), baina familien esperientziak erakutsi du ez dela horrela (…); gero eta familia gehiagok egiten diote uko haurrak ikastetxe elebidun batean sartzeari”. (Aipatutako dokumentala Youtuben ikus daiteke).
Baina Carlos Gimenok eta María Txibitek Yolanda Barcinaren bideari segitu diote. Castejongo Dos de Mayo ikastetxean ere ikusi zuten PAI programa ez zela beretzat egokia, eta PAI uztea eskatu zuten. Nafarroako Gobernuak ahalik eta traba gehien jarri zizkien, eta, azkenik, partez onartu zuten haien eskaera, baina PAIn ikasten hasitako haurrei inposatu zieten bertan gelditzea bukatu arte. Haur horiek ez dute deusen errurik, baina Gimenoren eta Txibiteren obsesioak ordaintzen ari dira.
Bestalde, Gobernuak pixka bat itxoin zezakeen, jakiteko ea Nafarroako Kontseiluak zer dioen PAI blindatzeko egin nahi duten legeaz. Baina ez dute itxoin nahi, aurretik esperientzia txar bat izan dutelako. Txibitek Nafarroako Kontseiluari eskatu zion txosten bat, jakiteko ea legezkoa ote zen euskara merezimendu gisa baloratzea “eremu ez-euskaldunean”. Erantzuna ez zitzaion gustatu, nonbait: horixe dela legezkoa, hizkuntzak baloratzen direnean, euskara ere baloratzea, Nafarroako hizkuntza propioa baita, eta ez ingelesak ez frantsesak, esaterako, ez baitute euskarak duen estatus legalik Nafarroan (Nafarroako Kontseiluaren 2/2020 irizpena, 15. orrialdea). Beraz, Txibitek ez zion kasurik egin, eta merezimenduen foru dekretuaren proiektuan aurreikusten da “eremu ez-euskaldunean” baloratuko direla ingelesa, frantsesa eta alemana, lanpostuaren arabera, eta euskara ez dela inoiz baloratuko.
PAIren gaira bueltatuz, segregazio iturri bat da: batetik daude ingeleseko eskola partikularrak ordain ditzaketen familiak, eta bestetik ordaindu ezin dituztenak. Esaterako, PAIren aldeko “Spring Festival” festan, 2016an, festaren laguntzaile gisa agertzen ziren ingeleseko 3 akademia partikular. Gainera, Nafarroako herri eta auzo askotan PAI derrigorrezkoa da, ez dago PAI EZ aukeratzerik. Hala nahi duten familiak jo dezatela PAIra, baina desastre pedagogikoa dela uste dutenek izan dezatela aukera PAI EZ aukeratzeko.
Gure aukera D eredua da, euskarazko murgiltze osoa, ingeleseko irakasgairik gabea, osatua, eskolaz kanpoko euskarazko jarduerekin, kirolarekin eta pantailekin.