#SOSPresoakCovid19 plataformaren neurrien defentsarako manifestua

2020ko apirilaren 22an plazaratu zen Borondate politikoa presoen osasunaren eta bizitzaren zerbitzuan izeneko manifestua, #SOSpresoakcovid19 goiburukoa, lau entitatek elkar hartuta sinatu zutena: Salhaketa Nafarroa, Etxerat, Altsasuko Gurasoak eta Sare Herritarra.

Paz Francés, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Penaleko irakaslea eta gehiago.

2020-ko ekainak 11

Ordutik hona ekimen batzuk egin dira presoek
koronabirus garai hauetan bizi duten egoera ikusgai jartzeko.
Agiriak nabarmentzen duenez, osasun larrialdi honetan lehentasuna
eman behar zaie presoen giza eskubideei eta eskubide orokorrei,
pandemiaren hasieratik Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta
Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Batzordeak
adierazi zutenaren ildotik. 

Testu hau izenpetzen dugun guztion iritziz pertsona ororen bizitza
eta osasuna errespetatu beharra dago, preso egon zein ez, eta hori
beste edozein gairen gainetik jarri; horregatik adierazi nahi dugu
publikoki gure atxikimendua #SOSPresoakCovid19 agiriari. Covid-
19aren pandemiaren hasieratik, irizpide sozialek eragin desberdinak
ekarri dituzte. Dudarik gabe, presoak dira kolektibo ahulenetako bat
egoera honetan. Alde batetik, espetxeak Covid-19aren kutsapen
nabarmeneko zentroak dira, konfinamendu zentroak direlako, eta,
kasu askotan, preso gehiegi daudelako haietako gehienetan; bestetik,
mezu nagusia #nietxeangeratukonaiz den garai honetan, itxialdia
bikoitza da etxe hori kartzela denean, presoen oinarrizko eskubideen
kontrakoa da eta, finean, konfinamendu masiboaren irizpidea hain
exigentea bihurtzen da ezen bateraezina baita askatasuna kentzen
duen zigor bat betetzearekin eta, are gehiago, presoen beraien
osasunaren aurkakoa ere izan daiteke. 

Esandako guztiagatik, kartzelak toki kalteberak dira kutsapenari
begira, eta, horrez gain, kontu handiz ibili behar da bertan
eskubideak mugatzeari dagokionez. Halere, orain arte Espetxeetako

Idazkaritza Nagusiak hartu dituen neurriak horretara bideratu dira
gehienbat: presoak ziegetan bakartzea ia egun osoan, irteerak etetea,
familiakoen bisitak eta jarduerak bertan behera uztea…; neurri
horiek, presoen osasuna babesteko nahikoak ez izatez gain, haien
eskubideak urratzen dituzte zeharo. Horrexegatik, beharrezkoa da
oraindik Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabakiak hartu eta
abian jartzea, gaixotasuna bolada baterako gure artean izango dugula
kontuan hartuta, baina betiere presoen eskubideak -dagoeneko hain
murriztuak- errespetatuko dituzten neurriak ezartzeko, edo, zentzu
zabalagoan ulertuta, giza eskubideak errespetatuko dituztenak. 

Urgentea da pandemiari aurre egiteko egiazko neurri erreal eta
eraginkorrak ezartzen hastea, helburu hauekin: espetxeetako
bizilagunen kopurua murriztu, askatasuna kentzeko zigorrei
alternatibak bilatu eta zuzenean kartzelatik atera zigor laburrak
dituzten presoak edo arrisku txikiko profilak dituztenak, bai eta
birusaren aurrean bereziki
zaurgarriak direnak ere (65 urtez gorakoak, gaixorik daudenak,
haurdun dauden emakumeak eta kartzelan beraiekin seme-alabak
dituztenak…), hau da, #SOSpresoakcovid19 agirian eskatzen
denarekin eta Europako osasunaren eta giza eskubideen arloko goi-
agintarien gomendioekin bat datozen neurriak. Horrez gain,
Nafarroaren kasuan, zehazki, bat gatoz eskatzearekin preso dauden
guztiek zigorra erroturik dauden tokian bete dezatela, halaxe baitago
ezarrita Espetxeei buruzko Lege Organiko Orokorrean, eta,
horretarako, urgentea da horiek Nafarroara ekartzea osasun krisi
honetan. 

Amaitzeko, etorkizunari begiratuz, dei egiten dugu pandemia egoera
berri hau eta populazioaren konfinamendu masiboa aukera bat izan
daitezen gogoeta egiteko zigor sistemarako eta espetxe politikarako
bide berriez, guztiaren gainetik osasuna, bizitza eta duintasuna
jarriko dituzten ereduen bila.

Iritzi artikuloa sinatzen dutenak: Paz Francés Lecumberri. Nafarroako Unibertsitate Publikoko
Zuzenbide Penaleko irakaslea; Mikel Armendariaz Barrenechea. Abokatua eta Iruñeko Abokatuen Elkargoko Espetxeetako Orientabide Juridikoaren
Zerbitzuko koordinatzailea izandakoa Iruñeko espetxean; Jone Galarza Larraioz. Justiziako langilea; Fernando Armendariz Arbizu. Giza eskubideen aldeko
ekintzailea; Izaskun Garzaron Zudaire. Nafarroako Gobernuko langilea; Enrique Villareal “El Drogas”. Musikaria; Patricia Amigot Leache. Nafarroako Unibertsitate Publikoko
Gizarte Laneko irakaslea; Mikel Urra Nuin. Nafarroako Ospitaleguneko medikua; Oinatz Bengoetxea Berasategi. Pilotari profesionala; Hedoi Etxarte Moreno. Idazlea.

Gehiago