Sarriguren IP, erabakiak hartzeko garaia
Sarrigurengo eskola publikoko familiek eduki behar izan duten pazientzia ikaragarria da. TIL izeneko hizkuntza programaren ezarpena bizi zuten, programa honi buruzko gauza handirik ez zen sekula jakin eta oraindik garatzeke zegoela xirmi-xarmaz eta inorekin kontsultatu gabe PAI izendatu zuten.
Ekintza Landa Artxanko, Amaia Etxarte Iturralde, Miren Aranoa Astigarraga eta Esther Korres Bengoetxea
2016-ko otsailak 12
Esponentzialki matrikulazioa nola igotzen zen ikusi dute urtez urte, baliabideak heltzen ez ziren bitartean nola ikastetxea masifikatzen zen egungo ia 1200 ikasle biltzera arte. Bistan dute, oraindik orain, nola petatxuka konpondu nahi den leku eta azpiegitura falta, familiek egoera salatuz jarraitzen duten bitartean. Baina, dirudienez, ez dute epe laburrean ikusiko zein izango den eskolako etorkizuna antolakuntzari dagokionez. Datorren astean da hastekoa aurre-matrikulazio kanpaina eskoletan eta airean daude oraindik funtsezkoak diren argitu beharreko hainbat kontu.
Errealitatea zera da: 2016/2017 ikasturterako CP Sarriguren IPak independenteak diren bi eraikinetan hartuko ditu bere ikasleak, 1400 inguru izan daitezkeenak, eta Hezkuntza Departamentuari dagokio orain hauen izaera zehaztea. Aukerak, egia esan, gutxi dira eta guretzat ez dago zalantzarik: murgiltze ereduaren aldeko apostu irmoa egin behar da. D eredua da murgiltzea ziurtatzen duen eredu bakarra eta irizpide pedagogiko zein linguistikoek bermatzen dute, hezkuntza eredu honen eskarmentu zabalarekin batera, irakaskuntza eleanitz, kalitatezko eta anitza dela eta bere baitan biltzen dituela emaitza bikainak eta aitorpenak.
Dena den, murgiltzea benetakoa izan eta ahalik eta baldintza egokienetan gerta dadin, beharrezkoa da eskolan ikasleen zein familien beharrak artatuko dituzten langileek (zerbitzuetakoak, irakasleak, zuzendaritza) euskaraz egin ahal izatea. Irakaskuntzaren egunerokoa guztiz euskaraz bizitzeko ahalmena behar du eskolak D ereduari dagokion bezala eta, honengatik, egiten dugun apostua garbia da: eskoletako batek D eredua hartu behar du bere osotasunean, eredu honek irakasten dituen hizkuntzak egoki ikastea bermatu ahal izateko.
Guk planteamendu horren alde egiten dugu, baina batez ere, hari baitagokio, Hezkuntza Departamentuari exijitzen diogu ardura bere gain hartu eta erabaki bat har dezala jada. Hezkuntza Komunitatearekin kontsultatu ondoren, erantzukizunez jokatzeko tenorea heldu da, erabaki ausarta hartu eta euskararen normalizazioaren alde ziurtasunez jardutekoa, eta ez mila familia kezkaz beterik edukitzekoa. Datorren astean dugu aurre-matrikulazio kanpaina eta Sarrigurengo familiek eskubidea dute datorren iksaturtetik aurrera beren seme-alabek nolako ikastetxean ikasiko duten jakiteko.
Epelkeriak utz ditzagun alde batera. Euskararen normalizazioan erregimenaren hezkuntza-politikek saihestu nahi izan duten horren alde lanean jarduteko garaia da, hainbeste urtetako babesgabetasunari aurre egingo dioten aldaketa-politikak martxan jartzeko garaia, eta behingoagatik, herritarron hizkuntza eskubideak bermatzeko garaia.