Sanfeminak bertan behera

Iruñeko Udalak Sanferminak ofizialki bertan behera utzi berri ditu. Gogoratu digute 120 urtetan bosgarren aldia dela. Oraingoan, gurdia idien aitzinetik joan da eta Udala izan da erabakia hartu duena Peñekin eta Sanferminetako Mahaia osatzen duten taldeekin kontatu gabe.

Miren Egaña, Odei Garcia de Azilu, Aitor Garjon, Amaia Kowach, Fermín Rodríguez, Presen Zubillaga (Sanfermines-78: gogoan! taldekideak)

2020-ko apirilak 28

Egia izanik
kolektiboetako inor ez dela bestak mantentzearen alde agertu, begi bistakoa da
beren iritzi eta proposamenak aditu eta aintzat hartuak beharko liratekeela.
Behinik behin, ostalaritzarenak, MECArenak, Pamplonesarenak edo
Artzapezpikutzarenak bezain batean, horiek bai baloratuak izan baitira,
jarduneko alkate andreak erran duenaren arabera. Herritarren parte-hartzeak
hagitz beheiti egin du azken 42 urteotan. Hoteletako eta katedraleko lobbiek,
aldiz, postu franko igo dituzte. 

Sanferminak ez dira izanen koronabirusak hunkitzen dituen bakarrak.
Inork haren norabide eta sakontasuna ezagutzen ez baditu ere, pandemia
honen ondorioak eremu laboral, sozial eta politikora hedatuko dira. Gure ohiko
bizimoduak ere, berehalakoan behinik behin, aldaketa garrantzizkoak izanen
ditu. Hori guztia aurreikusita, gobernuak akordio zabal eta sakonak hartzeko
beharraz hitz egin du, 1977ko Moncloako Itunak adibide gisa paratuz. Gaurko
esparrua, PPren proposamenari jarraikiz, Kongresuko batzorde parlamentario
bat izanen da. 

1978ko etenduraz, estatuko zenbait komunikabidek erran dute gertaera
deitoragarri batzuengatik izan zela, bertan gazte bat, German Rodriguez, hil
baitzen. Horrela, inork ez du jakinen hilketa entzierroko adarkada batengatik
edo gisa horretako zerbaitengatik izan ote zen. Ezkutatu edo lausotu egiten da
etenduraren zioa izaera kriminaleko eraso poliziala izan zela, Iruñeko biztanleek
eta asteburu hartan sanferminez gozatzera etorritako milaka pertsonak jasan
zutena. 

Urte hartakoa ez zen oraingoaren berdina izan. Bestak etenak izan baino
lehertu egin zituen poliziak borra-kolpe, pilotakada eta tiroka. Bestak jarraitzea
ezina zen zeren eta, nork segitzen al zuen kantatzen eta dantzatzen
jakitearekin hildako bat, balaz zauritutako hamaika lagun eta hirurehun baino
gehiago ospitaleetan artatuak izan zirela? Zezen plazan gazeatutako 20.000
lagunetatik, nor egonen zen umorez berriro hiltegi hartara merendatzera
joateko? Poliziaren irratian “tiro egin indar guztiaz! Ez izan hiltzeko inolako

ardurarik!” agindua entzun zutenetako nor aterako zen kalera bere seme-
alabekin erraldoiak eta kilikiak ikusteko? 

Horrela ulertu zuten lehendabiziko momentutik sanferminetako peñek.
Uztailaren 9ko 02:00etan agiri bat plazaratu zuten eta beren jarduera guztiak
bertan behera utzi zituzten. Hurrengo egunetan ez zen ez entzierrorik ez
zezenketarik izan. Ezta jai ekitaldirik ere. Beranduago, uztailaren 11n,
Iruñearekin elkartasunaz gauzaturiko manifestazio batean, Donostian beste
erailketa poliziala (Joseba Barandiaran) gertatu zela jakin ondoren, Udalak
bestak ofizialki eten izan zituen. Baina, berriro diogu, orduko ez zen
sanferminik. Poliziak 8an dinamitatu egin zituen. 

1978ko sanferminetan jasandako bortizkeriak aurrekari bat izan zuen
urte hartako maiatzaren lehenean bizi izandako errepresio polizialarekin.
Iruñean bat egin zuten deialdiarekin zentral guztiek, salbuespenik gabe: CCOO,
SU, UGT, LAB, CSUT, USO, ELA, CNT… Orobat, bat egin zuten deialdiaren
goiburuan: 1977ko urrian, urte erdi lehenago, sinatutako Moncloaren Itunen
errefusatzea. “Krisia kapitalistek ordain dezatela” oihukatzen zen segizio
sindikaletan. 

Iruñeko manifestazioa Estatu guztian erreprimitu zuten bakarra izan zen.
Dozenaka lagun izan ziren osasun zentroetan artatuak. Moncloako itunak
sinatu ondoren, Martin Villa orduko barne ministroak honakoa bota zuen: “ez
dira demokrazia eta aginte falta nahasi behar; askatasunaz iritzi zabala izan
behar da ideien eremuan, karriketan, ordea, murriztaile eta zorrotza”.
Maiatzaren lehen hartan Avila komandanteak, Legiotik etorri berria bera,
zuzentzen zuen polizia. Bi hilabete beranduago, uztailaren 8ko basakeria
zuzenduko zuen bera. Bi indarkeriak, maiatzaren lehenekoa eta
sanferminetakoa, Nafarroa hartan galdatzen zen haustura demokratikoari
emandako erantzuna zen, Nafarroa erregimenarekin leial izatetik eremu
matxino izatera pasatua baitzen. 

Atzo bezala gaur, krisi sakonean dagoen esparru politiko, instituzional
eta sozialean bizi gara. Orduan botereak ezarritako aterabidea izan ziren
Amnistiari buruzko Legea, Moncloako Itunak, Konstituzioa eta OTAN.. Gaur,
11-Mko, pentsiodunen, feministen mobilizazioek, prozesu katalanak,
elkartasunak Altsasuko gazteekin, euskal presoak hurbiltzeko galdatzeak…
islatzen dute gaurko erregimenaren krisia. Koronabirusaren pandemiak agirian
utzi ditu aldamio neoliberalen sakoneko arrakalak. Eta atzo bezala gaur, behar
den norabide aldaketak norabide demokratiko eta sozialerantz edo
inboluziorantz jo dezake. Sanferminen eremuan jokoan duguna da goitik
ezarritako eredua, ez herritarra, ez parte-hartzailea, sendotzea, bertan onuraren
eta turismorako besta-ikuskizunen inguruan soilik analizatzen dutenen interesak
nagusi izanen direlarik. 

Udalak bertan behera utzi ditu sanferminak. Horrek ez digu galarazi
behar 1978ko uztailaren 8ko eraso polizialarengatik egia, justizia eta ordaina
galdatzea aurtengo uztailaren 8an ere. Beharrezkoak diren osasun neurri
guztiak hartuta noski, gure irudimena azkartuko dugu Martin Villa eta erailketa
haien (German eta Joseba) eta gau frankista luzearen erantzule guztiak
epaituak eta kondenatuak izan daitezen. Segur aski beste formatu batzuetan
izanen da baina, beti bezala, herritarren parte-hartzerik handiena bilatuko dugu.

Gehiago