Quis custodiet ipsos custodes? Argiak, herri komunikabideak eta guk denok.

Horrela galdetzen zuen Juvenal poeta erromatarrak duela 2.000 urte ia: Quis custodiet ipsos custodes? Nork zainduko du zaintzailea? Esaldi honetatik ondorioztatzen dugunez, bazuen poetak garaiko kontrol sozialaren eta administrazioak pertsonen otzantasuna behartzeko erabiltzen dituen metodoen inguruko kezka.

Eleak/Libre dinamika

2016-ko apirilak 12

Zer esango liguke poetak, egun, gure herrian zeharreko bisitaldian berarekin topo egin eta Argiako Axier Lopez kazetariari ezarritako isunarena kontatuko bagenio?

– Seguru al zaude? sinesgogor batekin hasiko litzateke igual. – Bere lan-orduetan espazio publiko batean lanean ari den funtzionari publiko baten argazkia zabaltzeagatik isuna? Argia.eus atarira jo, Juvenal sinesgogorrari isuna erakutsi, eta azalpen txikitxoa eman beharko genioke akaso. – Gurea jendarte kuriosoa da zinez. Agintea herritarrona omen da. Omen, gu guztiok ordaintzen ditugun lanpostu batzuk sortzen ditugu behar ezberdinei erantzuteko. Lanpostu horietan delikatuenetakoa poliziarena da, biolentziaren monopolioa haien eskutan uzten baitugu. Ordea, apenas dugu herritarrok euren lana ezagutu, baloratu edo epaitzeko bitartekorik. Omen herritarron zerbitzura dauden egitura horiek herritarron esku-hartzeari ez ezik begiradari ere blindatuak daude. Eta sinesten lanak izango zituenez -nola ez!- adibide praktiko batzuk emango genizkion: nola Cabacas izeneko bat erail eta lau urtera apenas eman den pausurik; nola pertsonak bost egunez inkomunikatuta mantentzen dituzten ziegetan, komunikazioaren aro honetan, ezinezkoa zaien kamara bat jartzea; nola Mozal Legearekin, poliziaren lanaren lekukotasuna iruditan hartzea ekidin nahi den testu berean poliziaren esanari “balio frogagarria” aitortzen zaion. – Ño! Esango luke, akaso.

Mozal Legearen kopia bat pasako genioke orduan, bere begiz irakur zezan. Eta, beharbada, botako liguke: – Baina hemen esaten du errepresioa gutxitzen duen legea dela, bide penaletik bide administratibora eramaten dituelako hainbat delitu.

-Bai -erantzungo genioke- esaten ez dena da epaiketa batean formalki zure bertsioa emateko aukera duzula behintzat, epaile batek ebatziko duela gertatua eta ez zuzenean akusatu zaituen poliziak berak, epaile inpartzial batek (eta zuzentasun demokratikoaren izenean barre-algarari eutsiko genioke azken hori esatean). Ez da esaten ere– jarraituko genuke- lege honek, lehen epaitegietan jaso zenezakeena baina zigor larriagoa ezartzen duela delitu berberarentzako orain isun bidez. Irakurtzen jarrraituz gero, galde lezake agian: – Ze lege bitxia, ze gauza bitxiak zigortzen dituen: poliziaren irudien erabilera, eraikin publikoetatik eskegitzea, mozorrotzea, funtzionarien lana oztopatzea, mobilizazioak sarean zabaltzea, legebiltzarren aurrean manifestatzea… Eta azaldu beharko genioke baietz, herritarron artean portaera bitxi horiek hedatu direla azken urteotan: poliziaren oldarraldiak grabatu eta zabaltzearena biolentziaren lekukotasuna emateko, maskaradun harresi herritarrak antolatzea atxiloketak ekiditeko, eserialdiak etxe-kaleratzeak gelditzeko, erakunde publikoen aurrean elkartu haserrea adierazteko. Agian, apika, akaso, herritarron portaera bitxi gero eta zabalduago horiek azaltzen dutela lege bitxi hau.

Berandu heldu zara -azaldu beharko genioke- 2008tik hemen bazina sekuentzia osoa ulertuko zenuke. Lehendabizi hezkuntza edo osasunaren moduko eskubide sozialik gabe utzi gintuzten krisi deitu zuten erasoaldi antolatu baten aitzakian. Jarraian, eskubide horien alde borrokatzeko eskubidea lapurtu ziguten Mozal Legea modukoen bitartez.

Juvenal gaixoa jota legoke honezkero. Baina pentsatu nahi dugu, une horretan argia.eus atariari berriz ere begirada luzatu, “Ez dugu ordainduko. Mozal Legea borrokatuko dugu” irakurri eta begiak dir-dir botako ligukela: – Quis custodiet ipsos custodes? Argium-ek! Eta erantzungo genioke, gu ere indarberriturik: – Eta herri komunikabide guztiak (eta hemen ez dugu tarterik purrustadan botako geniokeen zerrenda amaigabea tekleatzeko) eta guk geuk, herritarrak.

Eta puntu honetara ailegatuta hunkituko ginateke, zinez, Juvenali kontatuaz zenbat laguntza eta konpromiso jaso ditugun horien guztien aldetik, zuon guztion aldetik. Beti, eta bereziki legeak dioenaren gainetik justua deritzogunaren alde egitera deliberatu garen bakoitzean. Besteren artean, poliziaren jardunaren lekukotasuna Euskal Herriari eta munduari emanez. Herri Harresietan zein ditxosozko argazkiak jasotzen duen A8ko auzipetuen atxiloketetan. Hor zeuden Axier eta Argia, hor zeuden Iraitz eta Topatu, eta Ahotsa, eta Boro eta La Haine (zuzenean mehatxatuak edo auzipetuak izan zaretenak propio aipatzearren). Eta beste asko. Informazioa zabaltzen komunikabideen arteko elkar-lanean eta ez elkar-leian, nor bere aletxo erraldoia jartzen. Hor izan zaituztegu, ezinbesteko.

Loiolako herri harresian lelo bat zabaldu genuen zuokin elkarlanean: Gu zuek gara, zuek gu zarete. Hori ba. Legeak zigortu nahi zaituzten honetan, eskerrik asko zuen lanagatik eta zorionak erasoari planteatutako erantzun desobedienteagatik. Legea eta justiziaren arteko ataka berri honetan justiziaren alde egiteko erabakiagatik. Eta, batez ere, hemen gure eskuak -eta tripak, eta bihotzak, eta behar dena- nahi duzuenerako.

Asteazkenean Donostian ikusiko dugu elkar. Lehenik arratsaldeko sei eta erditan, Axierren alde deitu dugun kontzentrazioan. Jarraian, “komunikabideak eta adierazpen askatasuna” goiburuarekin antolatu dugun mahai-inguruan. Auzipetutako txiolariekin, eta Argia, La Haine eta Ahotsako kazetarien parte hartzearekin.

Gehiago