PSNren hizkuntz dekretua: Ez batasunik, ez berdintasunik, ez elkarbizitzarik
Nafarroan ez dira herritar euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzen. Ezta eremu “euskaldunean” ere. 2017an Barkosen gobernuaren dekretuak aurrerapauso lotsatiak proposatu zituen, baina epaileek errotik moztu zuten aukera.
Plazara Gatoz eta Administrazioan Euskaraz Taldea
2022-ko martxoak 5
Egunotan, Txibiteren PSNk aurkeztu duen Merezimenduen dekretu-zirriborroa ezagutu dugu. Dekretu berriarekin 2017ko egoerara itzultzen gara ia, baina barne-lehiaketetan, eremu mistoan puntuatu beharreko lanpostu kopurua murrizten du, eta betikotuko ditu gabezia batzuk:
Eremu “ez euskaldunean” euskara ez da aintzat hartzen, baina ingelesa, alemana etab, bai.
Oposizioetan euskara ez da baloratuko (azterketa ez baztertzaile batekin egin zitekeen).
Euskara aintzat hartzen denean (funtsean Foruzaingoan eta Osasunbidean) gutxi baloratuko da eta beste merituekin batera, bere eragina murrizteko.
Hots, 2017ko Dekretuan bezala, euskarak gutxietsita jarraituko du, eta euskaldunen hizkuntz eskubideak hankapean.
Are larriagoa dena, epaile euskarafoboei aurre egin gabe segituko dugu, Udalek hizkuntz profilak ezartzeko ahalmena oso murriztuta, eta eremu mistoko Euskararen Ordenantzetan euskarari esleitutako balorazioak deuseztuta.
Eremu “euskalduneko” zerbitzu publiko orokorretan ere, lanpostu elebidunak gaztelerazko elebakarrak baino askoz gutxiago dira.
Horra PSNren “berdintasuna, kohesioa eta inteligentzia emozionala” zertan diren.
Remírez jaunaren xelebrekeriak pairatu behar berriz ere.
PSN-GBai-Ahal Dugu gobernuko lehendakariordearen aburuz dekretu berriak “gizarte-batasuna, berdintasuna eta elkarbizitza” sustatzen ditu. Ez da egia. Gizarte-batasuna, berdintasuna eta elkarbizitza ez dira lortzen milaka eta milaka nafar baztertuz. Dekretu honek ere nafar euskaldunak gutxiesten ditu, zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea ukatuz gehienei.
PSN-GBai-Ahal Dugu gobernuaren dekretuak epaile euskarafoboen erabakiei men egiten die otzan, baina ez dio Nafarroako errealitate soziolinguistikoari erantzuten.
Errealitatea da nafarren %15 euskalduna dela, baina hezkuntza publikoa kenduta, Nafarroako administrazio Orokorreko lanpostuen %2 baino ez dira elebidunak, eta departamentu batzuetan, lanpostu elebidunak % 0 (edo hortxe) izaten dira.
Nafar euskaldunen hizkuntz eskubideak errespetatuko badira, euskaraz jakin behar lukete egun baino askoz langile gehiagok Nafarroako administrazio publikoetan.
“Aukera berdintasunak” lanpostu publikoak betetzeko beharrezko gaitasunari lotuta behar luke, eta ez arrazoi partidistei.
Euskara erabiltzea, zerbitzua ematen duenaren gaitasun eta “borondate askearen” menpe uzten da, gaztelera EZ bezala, nafar administrazioan lan egiteko, gazteleraz jakitea derrigorrezkoa baita. Nafarroan hizkuntzarik inposatzen bada, hori gaztelera da.
PSNk ez dio euskarari inongo mesederik egiten nafar euskaldunak gutxietsiz.
PSNren hizkuntz politikak, UPNrenak bezala, euskararen eta euskaldunen gutxiespena du helburu, eta inondik ere ez dio erantzuten Nafarroako aniztasunari, alderantziz baizik. Nafarroa gazteleradun elebakarra nahi du PSNk, legegintzaldiz legegintzaldi argi eta garbi utzi ohi duen gisan.
Baina alderdi abertzaleen epelkeriak ere zinez kezkatzen gaitu. GBaiko bi kontseilariren babesa jaso du dekretu honek, alderdi-buruak kritikatu duen arren. EHBilduren erantzuna ere, ez da inondik inora nahikoa, ondorio politikorik izango ez duenez. Kinka larrian gaude euskaldunak Nafarroan. Duintasunagatik baino ez bada ere, altxatuko ote gara?