Presoen eskutik

Villepinteko EPPK, 2016ko abenduan

2016-ko abenduak 22

Kaixo Euskal Herria, 

Villepinten espetxeratuak gauden eta EEPK osatzen dugun kidegoaren artean, bi preso gara:

Arkaitz Agirregabiria eta Igor Uriarte. Gutun honen bitartez, gure egoeraren berri eman nahi diogu

euskal jendarteari. 

Duela urtebete, zuzendaritza talde berria heldu zen Villepintera, eta haien etorrerarekin batera,

gure kolektibo «txikiaren» kontrako erasoak hasi ziren. Urteetan zehar, espetxe honetatik igarotako

hainbat kideren borrokaren ondorioz lortutako bizi eta bisita baldintzak bertan behera uzten saiatu

ziren. Borrokaldia hasi genuen espetxe barnean, txapeoak, blokeoak, ta mitard-aldiak… Eta Euskal

Herriko hainbat txokotatik elkartasun beroa jaso genuen gutun bidalketa masiboen bitartez.

Guztien artean, gure eskubideen murrizketa zuzendaritzak nahi zuena baino txikiagoa izatea lortu

genuen, eta horren ondorioz, bisita baldintza duinak mantendu genituen. Hala ere, ordutik aurrera,

gure egunerokotasuneko bizi baldintzen inguruan tantaka etorri diren eskubide murrizketak jasan

behar izan ditugu; hona hemen adibide batzuk: 

-Osasunari dagokionez: Dutxa medikala baliogabetu ziguten. Medikuaren ziurtagiria izateak

egunero dutxa hartzea ahalbidetzen zigun, orain astean hiru aldiz hartu dezakegu soilik. Zerbitzu

medikaleko espezialista desberdinekin harreman zuzena izateko arazo itzelak ditugu. Behin eta

berriz idatzi arren, gure gutunek non amaitzen duten ez dakigu. 

-Aktibitateei dagokienez: Patioko ordutegiak (lehen 3 ordu, orain 2.30) eta kirola egiteko

ordutegiak (lehen 4 ordu, orain 3) murriztu dituzte. Bestelako instalazio eta baliabideetara

(liburutegia adibidez) aukera izateko faktuzko ukazioa. Ikasketa zerbitzuetara heltzeko hamaika

traba, aktibitate murrizketak… 

-Komunikazioari dagokionez: Modulo barneko telefono kabina erabiltzeko zailtasun izugarri eta

konstantea, gutunen atzerapen injustifikatua (lehen 10-15 egun, orain hilabete bat, bost aste). 

-Kantina zerbitzuari dagokionez: GEPSA enpresa pribatuaren zerbitzu eta gestio oso eskasa,

«cantine extérieure» delakoa ez da existitzen, janariaren kalitate eta kantitate murrizketa, berau

banatzeko baldintza anti-higienikoak… 

Eta guzti honi, gure bizi baldintzek jasan duten azken erasoa gehituko diogu, elkarren artean

ziega konpartitzeko inposaketa. «Maison d’Arrêt»-ak, prebentibo egoeran dauden presoak

jasotzen ditu hein handi batean, posible da zigor txikiak (urte bat, bi edo hiru) jaso dituzten

kondenatuak jasotzea ere, baina orokorrean trantsizio espetxeak direla esan genezake. Inolaz ere

ez daude eraikiak presoak baldintza hauetan luzaroan mantentzeko. Euskal presoek ordea, urte

luzeak pasatzen ditugu bertan. Batazbeste 21 ordu pasatzen ditugu 9 metro karratu ez dituen

ziegetan, eta urte horietan zehar bizi baldintza duinak izateko ezinbestekoa zaigu ziega indibiduala

mantentzea. 

Estatu frantsesean gertatutako ekintza yihadisten ostean, estatuak eskubide eta askatasunak

murrizteko joera izan du segurtasunaren izenean. Estatuaren mugetatik kanpo gerra egin eta

estatu barnean langileria klasea disziplinatzen dute, euren eskubideak erasotuz. Beraien balizko

zuzenbide estatua eszepzio estatuan bihurtu da, eta horren isla nagusia espetxeetan topatzen

dugu. 

Prebentibo bezala gauden espetxeetan, gainpopulazioak zenbaki argiak dauzka: 33.263 preso

jasotzeko kapazitatean 46.705 preso gaude. Hau da Giza Eskubideen Karta bultzatu zuen

estatuaren presondegietako egoera lotsagarria. Estatuak eta bere kartzeleroek ez dute inongo

interesik egoera honi amaiera emateko, espetxeak negozio publiko/pribatuak bihurtu dira: geroz

eta preso gehiago, geroz eta etekin handiagoa ateratzen dute, ondoren, hemen ez inbertitzeko.

Egoera honen aurrean, presoak gara limiteak ezartzera behartuak gaudenak gure eskubideak eta

duintasuna errespetatuak izan daitezen. Horregatik ukatu gara ziegan bikoiztuak izatera. Argitu

nahiko genuke 1958az geroztik, legedia frantsesak ziega indibiduala izateko printzipioa jasotzen

duela, nahiz eta orokortasunean inoiz ez den errespetatua izan. Euskal preso politikoek borrokaren

bitartez lortu izan dugu eskubide hori.

Jarraian datorren testua, espetxean egin ziguten diziplina komisioan eta zuzendaritza koadroaren

aurrean esandakoak biltzen ditu: 

«Hona gatoz azken aldiz ziegan bikoiztuak izateko errefusa azaltzera, adieraztera.

Espetxeetako gainpopulazioa 2010. urtetik ezagutzen dugun egoera bat da, eta egoera hori

arinagotik ere existitzen zen. Koltxoi batekin lurrean behartua dagoen jendea, txabolo kideen

arteko borroka ta liskarrak… 2016ko azaroan gaude eta egoera hauek arruntak izaten

jarraitzen dute, espetxea den azpi-mundu honetan. 

2016Ko azaroan eguneratutako Pariseko Direkzio Interregionaleko datu batzuk emango

ditugu: Fleury-Merogis bere kapazitatearen %154eko gainpopulazioan, Nanterre %174,8an,

Osny %156,5ean, Villepinte %184,7an, Bois d’Arcy %178,8an, Fresnes %184,9an, eta

Meaux %185,7an. Direkzio Interregionalaren arabera, 1.422 pertsona dira lurrean lo egitera

behartuak direnak. Pariseko «Maison d’Arrêt»etan, prebentibo dauden pertsonentzako

kapazitate operazionalak, 7.050 preso hartzeko gaitasuna dute, eta 11.751 preso gaude,

%166,7ko gainpopulazioarekin. 

Estatu frantsesak eta gaizki deituriko justizia ministerioak, preso bakoitzaren eskubideak

urratzen ditu eta gizaki bezala ditugun limiteetara bultzatzen gaitu. Egoera hau aspalditik

luzatu izanak, arrazoi bakarra duela esan genezake: estatu frantsesean preso gaudenen

bizitza eta duintasunak ez dio axola. Eraiki nahi duten gizartearen soberakina gara, eta

espetxeetako hormen alde honetan gertatzen dena hemen gelditzen da, inori ez zaio axola.

Urte luze hauetan, justizia aplikatzeko ardura izan duten hainbat pertsonalitatek

ezikusiarena egin dute estatu frantseseko egoera gizagabearen aurrean. 

Villepinten gauden bi euskal preso politikoak zigortuak gaude gure ziega indibiduala

errespetatzea aldarrikatzen dugulako (orain arte beti izan dugu ziega propioa gure

perfilagatik), gure duintasuna errespetatua izan dadin aldarrikatzen dugulako, zuen legeak

betetzea eskatzen dugulako. Ziur gaude, kontabilitate mailan, espetxe hau inoiz ez dela izan

hain errentagarria. Inoiz ez dituelako izan hainbeste kontsumitzaile. Nola da posible presoen

eskubideak behin eta berriz urratuak diren egoera honetan administrazioak eta enpresa

pribatu batek etekinak ateratzea? Lotsagarria iruditzen zaigu. 

Presoak zenbaki bihurtu gara, bat dagoen lekuan bi sartu behar dira, bi dauden lekuan hiru,

eta hiru dauden lekuan lau, eta hau ez da gelditzen. Preso gauden pertsonak zenbaki edo

merkantzia hutsa bihurtzen garenean, egoera oso larri batera heldu garela esan nahi du, eta

Zuzendariorde Anderea, egoera honen ardura estatuarena da, zurea da, inoiz ere ez

presoena, ziegan bakarrik egon ala ez. Preso bati, beste batzuk lurrean lo egin behar dutela

jakinda, berari ziegan bakarrik egotea lotsarik ematen ez dion galdetzea, Zuzendari

Nagusiak, Madame Poplinek egin zuen bezala, hori hipokresia hutsa da. Boterez itsuturik

zaudete, eta gure duintasuna eta oinarrizko eskubideak defendatzen ditugula ahazten

duzue. Gutako batek sei urte ta erdi pasa ditu zeldan bakarrik, egunero 21 orduz, 9 metro

karratu ez dituen ziega batean itxia (9 metro karratu horiek kendu litera, armairua, komuna,

iturriak, mahaiak okupatzen duena), gure etxetik 950 kilometrotara, gure bikoteekin inongo

intimitaterik izan gabe… 

6 urte terdiz eta 3 urte terdia, gutako bat DPS (preso bereziki zelatatua, euren legeen

arabera, ziegan bakarrik egon beharko lukeena segurtasunagatik), 6 urte terdi ta gero

prebentibo bezala daramatzanak oraindik. Urtebete itxoin behar du berriz ere epaitua

izateko, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Estatu frantsesa zigortu du bere prebentibo

egonaldi injustifikatuagatik. Bai Zuzendari Anderea, gutako baten eskubideak urratuak izan

direla EGEEak ebatzi du nahiz eta hori ere ez zaizuen axola. Honekin zera esan nahi dugu,

espetxeetako baldintzarik gogorrenak ongi baino hobeto ezagutzen ditugula, nahiz eta

jakitun garen beste batzuk denbora batez lurrean lo egin behar dutela. 

Estatu frantsesean posible da 10 egun, hilabete bat edo hiru betetzeko sartzea. Gu hemen

gelditzen gara. Zuzendari Anderea, maila berean jarri nahi bagaituzue zuen ikuspuntua da,

guk beste modu batera ikusten ditugu gauzak. Nork pentsatzen du gure egoerari buruz?

Zuek ez, argi dago. Zuen erabakia inposatzera etorri zarete gure egoera zein den kontutan

hartu gabe, indarrez etorri zarete zuen eskubidea dela predikatuz, noski. Kontziente zarete

bi ohe gehiago izateak ez duela sistemak berak duen arazo estrukturala konponduko, baina

hala ere egin duzue, elkarrizketarik gabe, errespeturik gabe. Zuzendariorde Anderea saiatu

zen guri sinestarazten ez genuela inongo eskubiderik hemengo pertsonalaren aginduak ez

betetzeko, eta azaldu genion guk jasotako aginduak beti betetzen genituela salbuespen

bakarrarekin: gure duintasunaren kontrakoak ez izatea. 

Erantzun zigun nahiz eta gure duintasunaren kontra izan, ez genuela eskubiderik ukatzeko,

eta gure erantzuna argia izan zen: “bai Zuzendariorde Anderea, eskubidea daukagu.

Espetxean askatasuna kentzen zaigu, ez erabakiak hartzeko askatasuna ondorioak

asumitzen baditugu, eta euskal preso politikoek beti egin dugun gauza bat da. Zuek zarete

gaixotua dagoen justizia sistema honen ondorioak asumitzen ez dituzuenak, espetxeak

inongo limiterik gabe betetzen jarraitzen eta jarraituko duzuelako. EGOERA HAU AMAITU

EGIN BEHAR DA!” 

Gu ez baldin bagara defendatzen, ez duelako inork egingo. Gure eskubideak defendatzen

ditugu ahal dugun modu bakarrean, agindu horiei kasurik egin gabe, biolentzia edo

indarkeriarik gabe, irainik gabe, baina argumentuekin, eta jarrera sendo batekin. Beste behin

ere eskatzen dizuegu gure zelda indibiduala errespetatzea, hemen edo beste espetxe

batean, gure gainerako kideek bezala, Fresnesen, Fleuryn, Osnyn eta Meauxen ziega

indibidualak errespetatuak baitira.» 

Momentuz, arazo hauek Villepinten espetxeratuak gauden bi kideei eragiten digu zuzen zuzenean.

Gainontzekoek zeharka jasotzen dute gainpopulazioaren eragina eta momentuz euren ziega

indibiduala mantentzeko arazorik ez dute izan, baina badakigu ere euskal preso politikoen bizi

baldintzen egoera orokorrean kaskartzen ari dela etengabe eta egunez egun. Horregatik, euskal

jendartea animatu nahi dugu preso gaudenon eskubideak defendatzeko iniziatibetan parte

hartzera: gaixo dauden presoak, 70 urtetik gorakoak, 3/4ak beteta dituztenak, kidegoarengandik

isolatuta daudenak, bizi baldintzengatik borrokan daudenak… eta nola ez gure etxeratzea

aldarrikatzen dutenak, badago zer egin. Kolektiboaren eta euskal jendartearen arteko elkarlana

izango da askatasunera eramango gaituen gakoa. Beraz animo! Guztion konpromiso eta borrokaz

lortuko dugulako! 

Amaitzeko, Euskal Herri osoari deia luzatu nahi diogu urtarrilaren 14ean Sarek antolatutako

manifan parte hartzera eta Bilboko kaleak betetzera joan dadin, eta horren ostean ere dinamika

desberdinetan inplikaturik jarraitzeko, presoak eta Euskal Herria askatu arte.

Jo ta ke, aurrera bolie! 

AMNISTIA ETA AUTODETERMINAZIOA

Gehiago