Poza eta harridura

Entzun dugu Hizkuntza Eskola zabalduko dela Lizarran. Herriak erdietsitako lorpentzat jotzen dugu, eta sumatu dugu poz handia hedatu dela herrian. Lizarrako euskaltegiak, beti herrian sustraiturikoak, bat egiten du berriak eragindako ilusioarekin.

Susana Bidarte Andueza (Lizarraldeko Beinat Etxepare AEK euskaltegiko arduraduna)

2017-ko uztailak 1

Geuk ere onena opa diogu gure

herriari. Gainera, AEKn, oso argi dugu zein garrantzitsua den herrigintza eta herrien garapena. Zer

esango dugu, bada? Nafarroako 80 bat auzo eta herritan aritzen gara, Administrazioak ezer egiten ez

duen toki askotan; gainera, hiriburuan (Iruñerrian) eta eskualdeburuetan ez ezik, herri ertain eta

txiki askotan ere euskara-eskolak eskaintzen ditugu, eta euskararen aldeko ekitaldietan parte hartzen

dugu. 

Bestalde, aitortu behar dugu berriak asko harritu gaituela. Ez da entzun dugun lehen aldia, beraz,

alde horretatik ez, baina bai erabakiak berekin dakarren informazioagatik. Izan ere, galdera jakin bat

eginen genioke Lizarrako Udalari, behin albistea ezagututa: zergatik eskainiko dira euskara-
eskolak? 

Gure ustez, horrek erakusten du Udalak ez duela guztiz barneratuta zer den AEK; ziurrenik, guk ere

indartu beharko dugu gure burua hobeki ezagutarazteko lana, baina, esan bezala, berriak bereziki

harritu gaitu ulertzen dugulako erabakia hartu dutenek ez gaituztela ongi ezagutzen, edota ez dutela

sobera zuzen ezagutzen zein lan egiten duen AEK-k Lizarran. 

Herritarrei zerbitzua emateko jaio ginen, bertatik bertara emateko ere, herri-ekimen gisa, herritarrei

beharrezko (eta eskatzen duten) zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoz; zorionez, urte hauetan

guztietan, oztopoak oztopo, zerbitzu hori gauzatu ahal izan dugu. Gainera, askotan azpimarratu

dugun bezala, euskara-eskolak tresna hutsa dira, ez bakarrik euskara ikasteko, baizik eta gure

helburua euskara erabiltzen ikastea delako, eta, are gehiago, Lizarran euskaraz normaltasunez

bizitzeko urratsak egiten ere gure aletxoa jartzen ahalegintzen garelako. 

Beraz, herritarrak garen heinean, bai eta Lizarrako eragile ere, uste dugu gauzak sakonago eta era

partekatuagoan jorratu behar direla: baliabideak optimizatzeaz hainbeste hitz egiten den sasoian,

Lizarrak behar du euskara-eskolen eskaintza zabaltzea? Zein da arrazoia? Nola egin behar da? Zer

pentsatzen du Udalak AEKz, beraz? Euskararen biziberritzeari dagokionez, zein apustu egin behar

da? Ez al da hobe horrelako bideei ikuspegi horretatik erreparatzea eta eragileekin partekatzea?

Testuinguru honetan, nabarmena izanen da euskara ikasteko aukerei buruz mintzatu beharko dela,

uztartzeko moduaz, aipatu baliabideen optimizazioaz… Horrez gain, pentsatzen dugu abagune

ederra sortu zaiola Lizarrako Udalari aurrerapauso galanta emateko doakotasunaren arloan. Izan

ere, AEK-k etengabe aldarrikatzen duen egoera gauzatzeko gonbita egiten diogu Udalari: Lizarrako

hizkuntza doan ikasteko bidea bermatzea, eta herritar guztiek, ikasten duten eran eta tokian ikasten

dutela ere, egoera bera edukitzea. 

Bitartean, arestian aipatu pozaz eta harriduraz, Lizarrako AEK Euskaltegiak buru-belarri jarraituko

du hobekien dakiena egiten: Lizarraldeko ehunka lagune euskara gure metodologia

komunikatiboaren bidez ikasteko aukera ematen, baita gure ingurunean euskara erabiltzeko

hamaika aukera eskaintzen eta haien bidelagun izaten ere.

Gehiago