Polizien Legearen inguruko faltsukeriak agerian

Nafarroako Parlamentuak Polizien Lege berri bat onartu du UPNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin (gainerako alderdien botoa abstentzioa edo aurkakoa izan zen). Gobernuak eta gai honetan duen bazkide nagusiak, EH Bilduk, legea eskumen gehiago lortzeko aurrerapausoa balitz bezala saldu nahi digute, baina errealitatea hortik oso urrun dago.

Alberto Larrañeta, Sergio Dominguez, Oscar Moreno eta Jose Mª Eguaras. ELA Nafarroa.

2018-ko abenduak 18

Kontakizun nahasi eta interesatua alde batera utzita, lege honetan ez dago eskumen gehiago
lortzeko aukerarik, ez bitarteko handiagorik, ez Guardia Zibileko pasabilderik ere, eta ez da polizia
integrala bermatzen. Polizien Legearen mamia batik bat lan-baldintzak dira, hots, nolabait
esatearren gure lan-hitzarmena da. Foruzaingoko buruzagiak (Barcinarekin zeuden horietxek),
hauek defenditzen dituzten elkarte korporatiboak (APF eta CSIF) eta UPN pozarren badadude,
aldeko botoa eman duten beste alderdiek hausnartu egin beharko lukete lana norentzat egin
duten. 

Berriz ere UPN garaiko eredua eta buruzagiak 

Indargabetu den legea (15/2015) Barcinaren oposizioko taldeek erabaki zuten (Bildu, PSN, Aralar,
I-E eta Geroa Bairen abstentzioa). Guztiek iritziz aldatu dute. Beste hainbatetan bezala, oposizioko
indar bat gobernura iritsitakoan kontrakoa defenditzen du. Zer dela eta aldaketa hau?
Lege hark, zeinak gehiengo sindikalaren babesa zuen, lehenengo aldiz aurre egin zion UPNk urte
askoren buruan eraiki zuen polizia ereduari. 15/2015 Legeak goi-agintarien pribilegioak mugatu
zituen, zeintzuk ordurarte ederki bizi izan ziren. Horren froga da antolatzea erabaki zutela beren
pribilegioei eusteko, eta dimisioa eman zutela 15/2015 Legea aplika ez zedin.
Gobernuaren eta Beaumont kontseilariaren lehen hutsegitea izan zen xantaiari amore eman eta
buruzagi horiek karguan uztea. Agintari horiek argudiatu dute 15/2015 Legeak arazo operatiboak
eragiten dituela; haatik, ezkutatu egin dute egitate bat: arazoak ez datoz Legearen aplikaziotik,
baizik eta ondoren etorri zen lanaldiei buruzko foru-dekretutik; eurek arautu zuten dekretua, Legea
boikotatze aldera. 

Zer aldatuko du lege berriak? 

Legeak hiru kontutan izango du eragina: ordainsariak, malgutasuna eta zigor-erregimena. Legeak
polizia gehienentzat doako malgutasuna ezartzeko aukera ematen du; lan-baldintza desberdinak
finkatzen ditu, foruzaina lanean hasi den unearen baitan (hau da, sartu berrien baldintzak
okerragoak dira); enplegu beraren ordainsarian %24rainoko aldea sor daiteke, zerbitzua zein
unitatetan ematen den. Gainera, aginte-eskala gorenaren ordainsaria %35eraino gehitzen du, lan-
baldintzak aldatu gabe. Bestalde, halako neurriak aplikatzerakoan arazorik piztu ez dadin orain
arte izan den Diziplina-Erregimenik gogorrena ezartzen du, horretarako motiborik izan gabe.
Agerikoa da, beraz, lege berriaren onuradun nagusiak buruzagiak izango direla. 

Trafiko eskumenaren amarrua 

UPNk, Geroa Baik eta EH Bilduk onartu duten Polizien Foru Legeak ez du Trafiko eta Bide-
Segurtasunaren aipamenik egiten, ezta horretan diharduten unitateena ere, edota Bide-
Segurtasunen lurralde banaketaz (esaterako komisaria periferikoetara). Ezertxo ere ez.
Gobernuaren eta Beaumont kontseilariaren amarrua izan da Polizien Legea lotzea Estatuko
Gobernuarekin Trafiko eskumen esklusiboa eskuratzeko izan den negoziazioarekin. Gogoratu
beharra dago eskumenen inguruko eztabaida Nafarroatik kanpo kokatutako mahai batean
garatzen dela, hain zuzen Nafarroaren eta Estatuaren artean “transferentzia batzordea” izeneko
“negoziazio” batean. Gauza bera gertatzen da Guardia Zibiletik Foruzaingorako pasabidearen
debatearekin. Auzi hau ezin da Foru Lege baten bidez arautu; transferentzia batzordean
eztabaidatuko da. ELA izan da sindikatu bakarra proposatu duena Foruzaingoak eskumen
zabalagoak har ditzala, era berean beste polizia-indarrak gutxitzen direlarik, bikoizteak eta arazo
organizatiboak saiheste aldera (ez dago gogoratu beharrik koordinazioa dela eta duela gutxi izan
diren polemikak). Baina hori ez da lortzen herritarrak engainatuz; lege honek ez du horri buruzko
ezer esaten. 

Nafarroako Gobernuak guri dagozkigun eskumenak Estatutik bereganatu behar ditu, eta ezin dio
bere ardurari iskin egin. Ez omen dago polizia integrala garatzeko bitarteko nahikorik, baina uko
egiten dio foruzainen plantilla zabaltzeko LEP bat deitzeari. Estatuarekiko akordioak dio
Foruzaingoak gehienez 1.200 kide izango dituela; haatik, iragarrita dauden LEP eta erretiroak
medio, gehienez 1.080 foruzain izango dira. 

Bitartean, Foruzaingoaren kudeaketan bada zer hobetua. Trafikoaz ari garenez, uneotan promozio
berri baten prestakuntza bukatzen ari da, baina foruzain hauetako batek ere ez du praktika aldirik
egin Bide-Segurtasuneko Dibisioan, eta trafikoa zaindu eta kontrolatzeko lana ez du ezagutzen. 

Foruzaingoan, beste polizia batzutan ez bezala, Trafiko eta Bide-Segurtasuneko unitatea ez da
“espezialitate” gisa hartzen. Foruzainek eta ordezkari sindikalek behin eta berriz eskatuagatik ere,
unitate honetako kideek ez dute jasotzen prestakuntza berezirik, dagokien lanaren araberakoa
alegia. Trafiko eskumen berriak iristen badira, ezinbestekoa izango da Bide-Segurtasun Dibisioko

polizien prestakuntza zabalagoa eta zehatzagoa izatea. Unitate hori espezialitate gisa jo beharko
da. 

Horregatik, Polizien Legea aipatzen denean kontutan izan behar da jaso diren edukiak ez direla
justifikatzen balizko eskumen transferentzia bat medio. Izan ere, aurreko araudia, orain
indargabetu dena, baliagarria izan zitekeen. Une berean gertatu izanak, beste ezerk ez, lotzen ditu
bi gaiok: Trafiko eskumenak ekartzea eta Polizien Lege berria. Transferentzia Batzordea bildu arte
ez dugu jakingo zeintzuk izango diren transferitzeko eskumenak. Beraz, nekez pentsa daiteke
Foru Legea egiterakoan gogoan zutela transferentzia hau edo hura, ez baitakigu zeintzuk diren,
ezta nola gauzatuko diren ere. Aitzitik, agerian geratu da bere benetako xedea: lan-baldintzak
okertu eta buruzagien pribilegio eta arbitrariotasun sistemari eustea.

Gehiago