Pentsatzeko eta euskara erabiltzeko askatasuna
Nafarroako Gobernu berria zoriondu beharra dago, testuliburuetan "Euskal Herria" hitza zentsuratzeari bukaera emateagatik. Pentsamendu eta adierazpen askatasunaren kontua da alde batetik, eta geure hizkuntza erabiltzeko eskubidearen kontua, bestetik.
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2016-ko irailak 1
Hauxe dio Euskaltzaindiak: “Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen
osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna
berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi
berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork
eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik”.
Nekez uler daiteke nola alderdi politiko batzuek, urtetan, diru-laguntzak ukatu
dizkieten hainbat gurasori euskarazko hitz hori erabiltzeagatik. Ez da beren dirua; zergetatik
hartutako dirua da, guraso kaltetuek ere pagatu dituzten zergetatik.
2013an, El Mundo egunkariak zioen ezen Turkian “Kurdistan” izena erabiltzen uzten
hasi zirela. “Tabu baten bukaera”, eransten zuen. “Testuliburuetan Kurdistan hitza
erabiltzeak gatazka diplomatikoak ekarri ditu Ankararekiko”.
2016an, irudi du Nafarroako alderdi politiko batzuek askatasun falta hori nahi luketela
Nafarroarako.